Tag Archives | AEA

Busti al zara AEAren alde?

Wikimedia Commons

Wikimedia Commons

Nork ez du uda honetan norbait balde bete ur izoztu kolkotik behera botatzen ikusi? Nondik dator ekintza? Nork sortu du? Zergatik? Baliteke zuk ere hau galdetzea zure buruari. Ice Bucket Challenge delako ekimen hau Alboko Esklerosi Amiotrofiko edo AEA gaixotasuna ezagutzera emateko eta dirua biltzeko sortu da. Hementxe daude hainbat datu, ekintza honi buruz gehiago jakiteko.

Nire iritziz, ideia bikaina da denok batera gaixotasun baten aurka egitea, gehien behar dutenen izenean. Modu ezberdinak erabil ditzakegu laguntzeko, baita laguntza mota ezberdinak eskaini ere. Adibidez, diru laguntza bat eskainiz edota laguntza morala igorriz. Kasu honetan, bi laguntza motak helaraztea da helburu. Benetan ikusteko gogorra da, baita behatu eta honetaz hitz egiteko ere eta jarduera honen ondorioz denon ahotan dago gaixotasun hau.

Milaka eta milaka pertsonek nahi izan dute parte hartu ekintza solidario honetan, ni barne, elkartasuna adierazteko. Lehenik eta behin, ur izoztua botatzearekin batera, gaixotasun hau bizitzen duten pertsonen sintometako bat trasmititu nahi da, gaixoengan arreta puntu bat jarri eta sufritzen duten guztiaz jabetzeko.

Laguntza moralaz gain, diru-laguntza bat ere ematen da, eta hau da helburu nagusiena. AEA gaixotasuna ez da oso ezaguna, baina sortu den izendapen eta izendatu kate honen ondorioz, izugarrizko dirutza lortu da, sendagairik gabeko gaixotasun honen ikerketan aurrera egiteko. Gainera, dirua lortzeaz gain, gaixotasun honetaz hitz egitea lortu da, jendea enpatizatzen hastea, gaixotasun honen eta beste hainbat gaixotasunen aurka borroka egiteko gogoa piztea, eta, azkenik, elkarte honek behar duen laguntzaz ohartzea.

Hala eta guztiz ere, gai honi buruzko guztia ez da positiboa. Pertsona ugarik hartu dute parte erronka honetan. Beraz, ur kantitate izugarriak galdu dira alferrik, nahiz eta pertsona hauek guztiek gogoan eduki munduan dagoen ur eskasia. Arrazoi honek eragin du polemika handiena, batzuei laguntzeko, munduko izaki bizidun guztiak kaltetzen ari baitira. Benetan beharrezkoa ote da ur kantitate hauek inongo probetxurik gabe bertan behera botatzea? Ez al da hobe diru laguntza bat bakarrik egitea? Egia esan, modu honetan ikusita, burugabekeria dirudi. Baina nahiz eta jende asko eta asko ibili ura burutik behera botatzen, xede onez egiten dute, enpatizatuz, eta era berean jende gehiagok izan dezan gaixotasun honen berri.

Aurreko guztia laburbilduz, ondorio batera irits gaitezke: ice bucket challenge delakoaren erronka aurrera eraman den bezala, diru-laguntza kantitateak ere gora egitea komeni da. Hori guztia dela eta, aproposa izango litzateke denok laguntza txiki bat eskaintzea beharrean dauden guztiei, bizkarra eman beharrean. Gogoan eduki, nik ekarri dudan bezala, zuek ere zeuen harri-koskorra ekarri!

Comments { 0 }
-->