Dakizuen bezala, orain arte gehienetan iritzi artikulu edo argudio testu bat idaztea eskatzen zen. Aurten, ordea, edozein motatako testua eska dezaketenez, hementxe doa denetarik pixka bat:
Nork bere kabuz sendagaiak hartzeari ez!
Seguru nago etxean ziur sentitzen zarela, munduan dagoen tokirik ziurrena dela zuretzat. Zoritxarrez, gezurra da. Istripu gehienak, %60 inguru, etxean gertatutakoak dira. Janaria prestatzean erre egin zara, labanarekin moztu edo etxeko altzairuren batekin kolperen bat eman duzu. Horietakoak dira etxean, normalean, gertatzen diren istripuak. Pentsatu ohi da ez dela ezer gertatzen, erredura edo ebaki soil bat baino ez dela; halere, hainbatetan ikusten dena baino arriskutsuagoa da. Horregatik, etxean zaudetela, argi eta garbi jakin behar duzue nola eta zer egin momentu oro; hau da, lehen laguntzak nola egiten diren eta, garrantzitsuena, zer-nolako botika-kutxa eduki behar den etxean.
Botika-kutxan ezinbestekoak:
- kotoia
- alkohola 96º
- betadine
- gaza esterilak edo konpresak (zauriak estaltzeko edota garbitzeko)
- seguruak (hesgailuak edo bendak eusteko)
- zinta itsasgarria
- guraizeak
- termometroa
Hau da botika-kutxa batean ohiko dena; dena den, honetaz gain, komeni da beste hainbat sendagai izatea, baina hainbat baino ez.
- analgesikoa (mina kontrolatzeko)
- antiinflamatorioa (min erreumatikoa edo giharreko mina kontrolatzen eta lasaitzen laguntzeko: reflex)
- antipiretikoa (buruko mina kentzeko)
- sudur deskongestiboa (hotzeria duzunerako)
- digestio-laguntzaileak
- mareoen aurkako botikak: txikleak, gozokiak…
- pomadak (canesten…)
Aurreko zerrendako hainbat hartzeko, medikuaren agindua edo errezeta beharko zenuke. beraz, komeni da jakitea botikak gaixo gaudenean baino ez ditugula hartu behar, eta beti mediku baten baimena jasota edota botikari bati kontsultatuta. Zoritxarrez, gaixo dagoenean edo gaizki sentitzen denean medikuarengana joaten ez den jendea badago. Beste aldi batean erabilitako botikak hartzen dituzte hauek, medikuak behin errezetatuta, nahikoa izango zaielakoan. Hori, ordea, ezin da egin. Argi dago buruko minez dagoena ez dela normalean medikuarenera joaten. Ados. Baina eztula egiten baduzu edo sabelean min izanez gero, joan beharko zenuke. Horretarako daude, ezta?
Bestetik, beste zerbait azpimarratu nahiko nuke. Gertatu ohi da sendagaiak edo botikak hartzea horrekin osatuko zarela pentsatuz. Kontuz, hori ez da maiz horrela! Izan ere, kontuan izan beharko genuke sendagai batzuk mina lasaitu bai, baina ez dutela sendatzen.
Egun hain ezaguna den Actimelen kasua ere aipatu nahi nuke. Esan beharra dago actimela lehen sendagaitzat hartzen zela; egun, berriz, jogurtean ere topa daiteke. Sendagai baten osagaiak dituela jakin dezazuen aipatzen dizuet hori.
Bukatzeko, minez edo gaixo bazaude, joan zaitez medikuarenera, horretarako daude eta!
Badator!!
Azken egun hauetan asko hitz egin da gripeari buruz telebistan nahiz aldizkarietan eta horregatik bururatu zait gai honi buruz azalpen bat ematea. Dakizuen bezala, urte guztietako kontu bera da; dena den, adituek diotenez, aurtengoa indar gehiagorekin dator.
Hasteko, esan beharra dago gripea gaixotasun infekzioso bat dela eta gizaki edo hegaztiengan duela eragina. Harrigarria egiten bazaigu ere, duela 2.400 urte Hipokratesek jada gripearen sintomak deskribatuak zituen.
Sintomei dagokielarik, gure gorputzak birusarekin lehenengo harremana izan eta gero, 18-72 ordu behar dira hauek agertzeko, bitarte horretan gaixotasuna inkubatzen baitago. Gripeak sukarra, eztarriko mina, ahultasuna eta buruko mina, besteak beste, ekartzen dizkigu. Kontuan izan behar da, halaber, kasu larrienetan pneumonia bihur daitekeela. Gizaki batek gripea izanez gero, oso normala da beste batzuei kutsatzea, hau da, gaixotasun kutsakorra da, eztularen bidez, hitz egiteko garaian, edota odolaren bitartez transmititzen dena. Kutsatuta bazaude, astebete gaixo egotea da ohikoena; halere, guztiz sendatzeko, hamabost egun behar izaten dira.
Hau guztia saihesteko, urtero-urtero gripea murrizteko txerto kanpainak egiten dira. Baina ez pentsa txertoa lortzea hain erraza denik; aitzitik, sei hilabete behar dira horrelako injekzioen formula bilatzeko, birusa aldatzen joaten denez, urtero txertoa ezberdina baita.
Horregatik, gaixotasunaren aurrean ahulenak direnek, hala nola, adineko pertsona, haur, diabetiko eta arnas arazoak dituztenek, txertoa jartzeko lehentasuna dute. Arrisku bizian dagoen beste multzo bat ere bereizi behar da, medikuena, jende askorekin kontaktuan daudelako momentu oro.
Aipatutako txertoa jarri eta bi asteetara izaten du normalean eragina. Gerta liteke, dena den, eraginik ez izatea; izan ere, bere eraginkortasuna %80 baino ez baita. %20 horretako zoritxarreko bat bazara ere, lasai egon zaitezke, horrek ez baitu esan nahi txertoa jartzeak ezertarako balio izan ez dizunik. Kasu hauetan, birusak gure gorputzean ahulago eragiten du.
Zer egin behar da gripea ez hartzeko?
- Eskuak ondo garbitu.
- Ez erabili besteen edalontziak, mahai-tresnak…
- Eztula egiterako garaian, eskua ipini.
Zer egin behar da gripea izan eta gero osasuna berreskuratzeko?
- Ur asko edan, ez deshidratatzeko.
- Lo asko egin.
- Paracetamol edo ibuprofenoa hartu, sukarra jaisteko.
Bukatzeko, esan beharra daukat, asko larritzen gaituen gaixotasuna ez bada ere, kontuan hartzeko modukoa iruditzen zaidala; izan ere, zoritxarrez, egun pare batean ohean geratzea behartzen baikaitu. Beraz, oso emana bazara, hobe duzu txertoa ipini eta gaixotasunaz lehenbailehen ahaztu.
Informazio gehiagorako, egin klik hemen.
Gaurko hitza
- barra-barra 2022(e)ko irailak 13
- txatxar 2022(e)ko irailak 12
- freskura 2022(e)ko irailak 11
- landur 2022(e)ko irailak 8
- mokofier, moko-fier 2022(e)ko irailak 5
- moko-mokoan 2022(e)ko irailak 2
- aldabera 2022(e)ko irailak 1
euskaljakintza 9
Bilatu euskaljakintzan
Azken tuitak
Follow @euskaljakintza on Twitter
Iruzkin berriak