Tag Archives | alemania

“The Wall”

Iazko abuztuko oporretan, Berlinera joan nintzen. Atentzioa deitu zidan Unter den Linden inguruko aldean gerra aurreko eraikinak guztiz berritu zituztela estilo neoklasikoan, gerra eta harresia inoiz esistitu ez balira bezala. Potsdamer Platz inguruan eraikin modernoak daude orain, dela 20 urte ezer ez zegoen tokian. Baina berlindarrek ez dute ahaztu 28 urtez banaturik egon zirela. 2009ko azaroaren 9an, 20 urte bete ziren Berlingo Harresia erori zenetik. Harresi hau Gerra Hotzaren sinbolo nagusia izan zen eta 1989an erori zen Ekialdeko Europako diktadura komunistekin batera. Honi esker amaitu zen Berlinen Alemaniaren eta Europaren banaketa.

Egoea horretara nola iritsi zen jakiteko, 45 urte atzera egin behar dugu. 1945eko maiatzaren 9an, Europan, Bigarren Mundu Gerra amaitu zen Alemania naziaren errendizioarekin. Potsdam-eko konferentzianChurchillek (Britainia Handiko lehen ministroa), Trumanek (Amerikako Estatu Batuetako presidentea) eta Stalinek (Sobietar Batasuneko agintaria) Europa nola banatu erabaki zuten. Frantzia, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Sobietar Batasunak Alemania eta Austria okupatu eta 4 sektoretan banatu zituzten. Berlin hiria ere 4 sektoretan banatu zen, nahiz eta sektore errusiarrazinguratuta egon. Nazietatik askatutako Mendebaldeko Europako nazioetan sistema demokratikoa berrezarri zen. Errusiarrek okupatutako Ekialdeko Europako estatuetan (Polonia, Txekoslovakia, Hungaria, Errumania, Bulgaria, Yugoslavia eta Albania), berriz, diktadura komunistak inposatu ziren.

Gerra amaitu eta gero, irabazleen artean tentsioak sortzen hasi ziren. Honek bi superpotentziak, Amerikako Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna, aurrez aurre ipini zituen. Bakoitzak bere sistema politiko eta ekonomikoa, kapitalismoa eta komunismoa hurrenez hurren, nagusitu nahi zuen. 1945etik 1991ra iraun zuen periodo honi Gerra Hotza deitzen zaio. Gerra Hotzak Europa bi bloketan banatu zuen. Mendebaldeko blokeak, estatu demokratiko eta kapitalistez osatua, NATO aliantza sortu zuen. Ekialdeko blokea estatu komunistez osatua zegoen eta Varsoviako Ituna sinatu zuten. Sobietar Batasunak kontrolatzen zuen eta, kontrol hori mantentzeko, Hungaria (1956an) eta Txekoslovakia (1968an) inbaditu zituen.

1949. urtean, amerikarrek, britainiarrek eta frantsesek Alemanian zituzten okupazio zonak elkartu eta Alemanioako Errepublika Federala (Bundesrepublik Deutschland, BRD) sortu zuten. Honen ondorioz errusiarrek beraien okupazio zonan Alemaniako Errepublika Demokratikoa (Deutsche Demokratische Republik, DDR) sortu zuten, hau da, beste diktadura komunista bat. Askatasun falta eta arazo ekonomikoen ondorioz, ekialdeko blokeko milioika biztanlek mendebaldera ihes egin zuten. DDR biztanle gehien galdu zituen estatua izan zen, batez ere Berlinen muga zeharkatuz. Mendebaldeko Berlinpotentzia demokratikoek kontrolatzen zuten, baina DDRren barnean zegoen eta hemendik posible zen Errepublika Federalera pasatzea. Jendeak ez ihes egiteko Ekialdeko Alemaniako Ulbricht presidenteak Berlingo Harresia altxatu zuen, 1961eko abuztuaren 13an. Hiriaren bi erdiak bakanduta geratu ziren.

Berlingo Harresiak 115km-ko luzera zuen, horietatik 45ek hiria bitan zatitzen zuten. Bere altuera 3,6m-koa zen eta ekialdeko aldean eraikin guztiak bota eta eremu lau bat utzi zen. Zaindariak 300m-ko zabalera izan zezakeen eremu honetan sartzen ziren eta edozeini tiro egiten zioten, hildako asko eraginez. Alde batetik bestera pasatzeko, kontrol postu batzuk edo checkpoint-ak eraiki ziren. Hauetatik ezagunena Checkpoint Charliezen. Hala ere, pertsona batzuek ihes egitea lortu zuten. Adibidez, 57 pertsonek ihes egin zuten tunel batetik eta 8 pertsonek globo batean handik alde egitea lortu zuten.

Baina harresiak ez zuen betiko iraun. 1980ko hamarkadan, ekialdeko blokeko ekonomia gelditu egin zen. 1985ean Mijail Gorbachov Sobietar Batasuneko agintari izendatu zuten. Gorbachovek erregimena erreformatu nahi zuen (Glasnost eta Perestroika) eta estatu sateliteek beraien bidea, errusiarrek interbenitu gabe, egiteko eskubidea zutela esan zuen. 1989ko udan, Polonian eta Hungarian erreforma demokratikoak hasi eta erregimen komunistak erori ziren. Hungariak Austriarekin zuen muga ireki zuen eta milaka ekialdeko alemaniarrek hemendik mendebaldera ihes egin zuten. Ekialdeko Alemanian, erregimenak ez zuen erreformarik nahi, baina urrian Honecker presidentea kargutik kendu zuten eta, 1989ko azaroaren 9an, Ekialdeko Berlineko jendea harresia botatzen hasi zen. Handik gutxira Mendebaldeko Berlineko jendea elkartu zitzaien. Egun batzuk beranduago gobernuak dimititu egin zuen, eta, urtearen bukaerarako, Txekoslovakiako, Bulgariako eta Errumaniako erregimenak erori ziren. 1990ko urriaren 3an, bi Alemaniak berriro elkartu egin ziren. Egun horretan, 45 urteko banaketarekin amaitu zen.

Gaur egun Berlin hiria berreraiki egin da. Lehen harresia pasatzen zen lekutik kolore desberdineko baldosak daude eta harresia egiteko bota ziren etxeak berriro eraiki dira. Harresiaren zati batzuk bere horretan mantendu dira East Side Gallery-n eta Check Point Charlie-n dagoen Harresiaren Museoan. Europa zentraleko estatu komunista satelite ohiak Europar Batasunean daude eta mendebaldera trabarik gabe pasa daiteke.

Harresiaren erorketaren 20. urteaurrena Europa osoan ospatu da. Berlinera diktaduren gainbeheran parte hartu zuten politikariak (Gorbachov, Walesa…) eta Europa osoko agintariak joan dira, baina harresi psikologiko bat badago oraindik. Ekialdeko jendeari demokraziari buruz galdetuta, dezepzionatuta daudela ematen du, nahiz eta harresia erori aurretik baino hobeto daudela onartu. Alemaniako mendebaldean errepublika komunista ohia mantentzea ekonomiarentzat zama bat dela esaten dute, diru asko gastatu delako zonalde hori modernizatzen. Krisi ekonomikoak Ekialdeko Europa indar handiz jo du: ekonomia oso egoera larrian utzi du eta korrupzioak oso inportantea izaten jarraitzen du. Beraz, nire ustez, ahalegin gehiago egin behar da estatu hauek guztiz demokratikoak izateko eta Europan guztiz integratzeko. Hau lortzen bada, banaketaren azken arrastoak desagertuko dira.

Comments { 0 }
-->