Tag Archives | Antsoren dorreak

Antsoren dorreak, Toti Martinez de Lezea

Toti Martinez de Lezea Gasteizen jaio zen, 1949an. Gaztelaniaz idazten du eta liburu batzukeuskaraz argitaratu ditu, itzulita. Ingeles eta frantses itzultzaile bezala lan egiten du. Gehien landu duen genero literarioa eleberri historikoa da. Bere obrek Erdi Aroko historia eta Euskal Herrikotradizioak islatzen dituzte. Haurrentzako literatura ere landu du. Horretaz gain, ETBn lan egin zuen eta programa batzuk idatzi eta zuzendu zituen. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin ere kolaboratu izan du. Bere obra batzuk La Calle de la juderia, Las torres de Sancho, La hebolera: Una joven curandera acusada de brujeria, Euskal leiendak, Los hijos de Ogaiz eta Hautsi da katea: Sara izan zen lekuko dira.

ANTSOREN DORREAK

Nik irakurri dudana Antsoren dorreak izenekoa da. Kokapena kontuan hartuta, liburua nobela historiko bat da. Lehenaldian idatzita dago eta askotan lehenago gertatutako gertaera bat kontatzen da. Narrazioek dute garrantzi handiena, baina deskribapenak ere agertzen dira, batez ere pertsonaienak.

Nobela XI. mendeko Iruñeko Erresuman kokatuta dago, Antso III.a Nagusiaren garaian. Gaia Antso erregearen bizitza da eta beste pertsonaia batzuen istorioak ere kontatzen ditu, batez ere Eneko Lopizena.

Istorioa 1004. urtean hasten da Antso III.a errege izendatzen dutenean. Bertan gorteko intrigak azaltzen dira. Odilon Clunyko abadeak Hispaniako elizan erritu erromatarra ezarri nahi du, eta monje bat bidaltzen du Eneko nobizioarekin. Zoritxarrez, ekaitz batean, Eneko galdu egiten da, eta urte batzuk menditar paganoekin pasatu eta gero, Antso erregearen kontseilari batek seme bezala adoptatu eta Antsoren lagun egiten da. Clunyko abadeak, Arnoldo Blanzykoa, monje-zaldun burgundiarra, bidaltzen du espioi Iruñera. Honek Eneko ezagutzen duenean, Clunyra eramaten saiatzen da, eta honek ihes egin behar izaten du. Mendietara itzultzean, Garai Belluz ezagutzen du, eta honek menditar batzuk esklabu eraman dituztela esaten dio. Haien atzetik joaten dira eta Eneko Garsea Azenarizekin, Antsoren espioi batekin, topatzen da. Garseak erregearen aurkako konspirazio batez hitz egiten dio eta, Xemeingo Ulakideren laguntzaz, esklabuak askatu eta konspiratzaileak harrapatzen dituzte. Antsok EnekoBizkaiko Jaun izendatzen du eta Garsea Gipuzkoakoa. 1035. urtean, Antso Oviedon dagoenean, Blanzy eta Artazako Jauna, konspiratzaileetako bat, erregea hiltzen saiatzen dira, eta Antso hilik aurkitzen dute.

Eleberriko narratzailea orojakilea da, hau da, pertsonaiek pentsatzen dutena badaki, nahiz eta istoriotik kanpo egon. Idazlea, batez ere nobela historikoak idazten dituenez, asko dokumentatu da eta kontuan hartu ditu garai hartako gizartea, politika eta erlijioa. Santiago bideaz eta monasterio eta ospitaleen eraikuntzaz ere hitz egiten du. Pertsonaia nagusiak hauek dira:

Antso III.a Nagusia: Iruñeko erregea izan zen 1004 eta 1035 bitartean. Bere erreinaldian, Iruñeko Erresumak gehienezko hedadura lortu zuen. Bere aurreko erregeek baino botere gehiago izan nahi du, ez du erlijioa Clunyko abadearen esku utzi nahi eta baskoi paganoei euren ohiturak mantentzen uzten die.

Eneko Lopiz: Izurako Jaunaren semea, Clunyra bidaltzen dute nobizio. Mendiak zeharkatzean galdu ondoren, urte batzuk pasatzen ditu menditarrekin eta euren ohiturak ikasten ditu. Antsoren kontseilari batek adoptatzen du. Geroago, Antsok Bizkaiko Jaun izendatzen du. Hau da gehien gustatzen zaidan pertsonaia.

Garsea Azenariz: Antsoren espioia da Zaragozan eta bertan beste identitate bat du. Bere ama Arnoldo Blanzykoak bortxatu zuen eta mendekatzea zin egin zuen. Zaragozako erregeak Izurungo Jaunari mezu bat eramatea eskatzen dio eta berak mezua Antso erregeari eramatea erabakitzen du. Erregearen etsai batzuek mezua lapurtzen diote eta Izurunen bere mendekua lortzen du.

Garai Belluz: Enekoren laguna da, baskoia. Izurungo Jaunak bere aita hil eta beste menditar batzuk esklabu eraman eta gero, Enekorekin topatzen da. Izurungo gotorlekuari erasoan parte hartzen du eta, geroago, Antsok bere goardiako buru egiten du.

Arnoldo Blanzykoa: istorioko antagonista nagusia da. Blanzyko Jauna zaldun burgundiarra da. Jainkoak beretzat lan bat duela uste du eta horregatik sartzen da Clunyko abadian. Odilon abadeakNafarroara espioi bezala bidalita, Antsoren armadan sartzen da eta oso krudela da. Eneko Lopiz Clunyra eramaten saiatzen da eta, azkenean, erotu egiten da.

Odilon, Clunyko abadea: Clunyko abadeak botere eta eragin handia zituen aita santuarengan. Odilon Iruñeko erresumako eliza kontrolatzen saiatzen da, erregeari boterea kenduz. Nobelan, Odilon intrigetan agertzen da eta Clunyko abadia mendebaldeko abadia boteretsuena bihurtzen saiatzen da.

Pertsonaiak biribilak dira, istorioan zehar aldatzen dira. Hau normala da istorioa hasten denetik bukatzen den arte 31 urte (1004tik 1035era) pasatzen direla kontuan hartuta. Pertsonaia batzuk narratzailea beraien historia eta sentimenduak kontatzen ari denean agertzen dira, eta hasieran ez dute beste gertakizunekin zerikusirik. Beste batzuk, berriz, pertsonaia nagusietako bat beraiekin topatzen denean agertzen dira.

Egitura kontuan hartuz, liburua kapituluetan banatuta dago. Kapitulu bakoitza gertaera garrantzitsu bat gertatu zen urte bat da. Kapituluak ere banatuta daude eta, zati bakoitzean, pertsonaia bati gertatzen zaizkion gertaerak agertzen dira. Hasieran, gertaera horiek ez dute erlaziorik; istorioak aurrera egitean, ordea, elkartu egiten dira. Gertaeren ordena gutxi gorabehera lineala da, baina, askotan, kapitulu ezberdientan pertsonaia bakoitzak aurreko urteetan gertatu zaiona gogoratzen du. Lexikoa aberatsa da.

“Antso! Ondoeza sartzen zitzaion hura gogoratzen zuen bakoitzean. pozik salatuko luke zerbaitez aita santuaren aurrean; zertaz salatu, ordea? Iruñeko erregea zen, Frantziako erregearekin batera, Clunyren mesedegilerik oparoena. Horrez gainera, bere erresuma barruko monasterioekin ere guztiz eskuzabala zen, Leirerekin eta San Juanekin batez ere, baina ez ziren ahaztu behar San Millan, Iratxe edo Uxuekoak ere. Baina ez ziren ahaztu behar erreforma ezarri nahi eza, edo nagikeria behintzat, Konpostelarako frantses bideari buruzko isiltasuna edo Grial Santua San Juanera eramateari buruzkoa. Eta, batez ere, musulmanei eta juduei zien bagiramena, bere lurraldeetako baskoipaganoei ziena ez aipatzeagatik. Nola zitekeen XI. mendean sartuta, Hispaniako iparraldean oraindik ere paganoak izatea? Halakorik ezin zen onartu.”

Lexikoa lantzeko ariketa: egin klik irudiaren gainean, lexikoa lantzeko.

Antsoren dorreak

Pasarte honetan Odilon Clunyko abadeak Iruñeko erregeaz pentsatzen zuena agertzen da. Istorioan zehar abadeak bere boterea handitzeko duen planaz hitz egiten du. Plan horretan Done Jakue bidearen ibilbide berri bat trazatzen du, Orreagatik Pirinioak pasatu eta Iruñera joaten den bidea.

Bukatzeko, nire iritzia falta da. Gaia niretzat interesgarria da eleberri historiko bat delako. Garai hartako gizartea aurkezten du, eta konparatu egiten ditu Iruñeko erresumakoen, Clunykoen, baskoi menditarren eta arabiarren gizartea eta ohiturak. Atentzioa eman dit garai hartan eremu handi batean oraindik paganoak gelditzea. Eleberriak intriga politiko eta erlijiosoak aurkezten ditu, interes handiagoa pitzaraziz. Hala ere, pertsonaia desberdinen istorioak zatika kontatzean, zertxobait nahastu egiten du ordena, ez delako beti guztiz kronologikoa. Hau guztia kontuan hartuta, nire ustez, merezi du nobela hau irakurtzea.

Toti Martinez de Lezearen denbora-lerroa:

Bibliografia:
Antsoren dorreak, Toti Martinez de Lezea, poltsiko.e (Erein)

Comments { 1 }
-->