Tag Archives | arazoak

Urrea urre, belztuta badago ere?

Hitzik gabe utzi ninduten lehengoan Washington Post izeneko egunkari batek  burututako  esperimentu zoragarri bati buruz hitz egin zidatenean.  Esperientzia honen partaide nagusia Joshua Bell  biolin-jotzaile  estatubatuarra izan zen.

Aldizkari honen helburua jendearen jokabideak aztertzea besterik ez zen. Hori burutzeko, Bell eskale bat balitz bezala metroan kokatzea bururatu zitzaien. Esperimentua abian jarria zelarik, honek biolina jotzeari ekin zion. Harrigarria bada ere, goiz osoan zehar zazpì pertsona besterik ez ziren gelditu entzutera eta zazpi horietatik emakume bakarra ohartu zen bera zela. Bellek esperimentua burutu baino zenbait egun lehenago izugarrizko kontzertua eskaini zuen dirutza baten truke.

 

Baina nola da posible maila gorenean dagoen biolin-jotzaile baten ondotik pasa eta, bere iaiotasuna alde batera utzita, bere janzkerari garrantzi gehiago ematea?  Bai gizarte hutsala! Jendearen fisikoak edo inguruak garrantzi gehiago izizatea beraiek balio dutena baino ondo iruditzen zaizue? Ez dago eskubiderik!

Beraz, Bellen adibidean ederki erakutsi da gizarte honetan zuk dituzun gaitasunak baino garrantzi handiagoa duela zuk duzun abilezia non eta nola zabaltzen edo eskaintzen duzun. Erreflexio txiki bat egin beharrean gaudela iruditzen zait gizarte honetako partaide garen guztiok, eta ez daitezela bilaka jakituria eta ezagutza  ikuslearen araberakoak.

Comments { 3 }

Paperik ez, osasunik ez

FlickrCC, José Goulão

Azken urteotan 2008an hasi zen krisia dugu hizpide. Argi dago beharrezkoa dela sartuta gauden zurrunbilo honetatik irteteko gobernuak hainbat neurri hartzea osasungintzan, hezkuntzan, etab. Baina osasungintzan hartu diren hainbat neurrik ez ote dute gure osasuna arriskuan jarriko?

Espainiako gobernuak ezarri duen Errege Dekretu bidezko lege berriaren arabera, paperik ez duen etorkin orori osasun txartela kenduko zaio. Hala, osasunerako doako eskubidea galduko dute, eta ordainduz gero soilik izango dute aukera osasun zerbitzuak erabiltzeko.

Aipatutako lege hau oraingoz Espainiako erkidego gehienetan ezarri da, PPk agintzen duen erkidegoetan hain zuzen ere, eta horien artean Nafarroan. Gobernuaren arabera, murrizketa horien bidez, 500 milioi euro aurreztea lortuko da Espainian osasun alorrean. Bestalde, Inmigrazioaren Nafarroako Behatokiak aurreikusten du legeak Hego Euskal Herrian soilik 21.500 pertsonari eragingo diola. Hala, nolabaiteko debaldeko arreta jasotzekotan, larrialdietan baino ez dute izango aukera hainbat eta hainbat etorkinek. «Egia da azken boladan gero eta zailtasun gehiago jartzen ari zirela txartela lortzeko, baina eskubidea hor zegoen. Eskubide hori kendu dute orain», salatu du SOS Arrazakeriako Mikel Mazkiaranek.

Maiz entzuten dira azkenaldian medikuntza pribatizatzeari buruzko zurrumurruak, eta onartu berri den lege hau, ondoren etorriko den pribatizazio prozesu hori ahalbidetuko duen pauso bat baino ez delakoan nago.

Bestalde, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 25. atalak dioenez, “pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, mediku sorospena eta gizarte-zerbitzuak”. Kontuan izan al dute hori lege berria ezartzean?

Sendagileen ikuspuntutik begiratuta ere, dilema moral bat sor daiteke. Izan ere, mediku egiten den pertsona orok zin egiten du laguntza behar duen edonori eskainiko dizkiola bere zerbitzuak sexu, adin eta arrazari erreparatu gabe. Hori ere kolokan jartzen du aipatutako arauak. Dena den, badira zenbait sendagile lege honen aurka egin dutenak eta etorkinei bere zerbitzuak eskaini dizkietenak.

Baina gertatu da Gipuzkoan bertan kontrako egoera bat ere, nahiz eta EAEn oraindik ez den lege hau aplikatu. Emakume marrokiar bat erditzera joan zen, eta ordaindu ezean ez ziotela lagunduko adierazi zioten ospitaleko langileek. Berak, ordea, ez zuen ordainketa papera sinatu nahi izan, hura osasun publikoko ospitale bat zela argudiatuz. Azkenik, erditzen lagundu zioten, baina hasierako jarrera ezkorra argi ageri da kasu honetan.

Beraz, krisiari aurre egiteko hainbat arlotan aldaketak egin beharko direla ikusten da, baina ez zait iruditzen horretarako lege atzerakoiak ezarri behar direnik, atzerritarrei osasungintzan aplikatu zaien hau bezala. Etorkin izan edo ez osasungintzak doakoa izaten jarraitu behar luke, oinarrizkoena gizarteko kide guztien segurtasuna bermatzea baita.

Comments { 3 }

Zenbat orduz egiten duzu lo?

Aste Santuko oporrak amaitzearekin batera, berriro ere bueltan sartu gara gure eguneroko gauzetan: lana, ikasketak… Opor egun batzuetatik bueltatzeak nagitasuna ematen digu hasieran; halere, berehala jarri behar dugu martxan, erraz konturatzen baikara lehen genituen lan guztiak berriro ere, oporrak bukatzearekin batera, guregana etorri direla.

Etxekoak, ikastetak, lana, lagunak eta beste hainbat gauza ditugu buruan egunean zehar, nahiz eta askotan konturatu ez. Korrika eta presaka gabiltza gehienetan dena ondo egin nahian. Gauza bat egiten ari garen bitartean, beste bat dugu buruan, askotan kezka sortzen digun eta gustuko ez dugun zerbait. Honekin guztiarekin, etxera iristen garenerako, nekatuta egoten gara eta ohera joateko gogo ikaragarria izaten dugu. Hala ere, badaude askotan etxean egiteko beste hainbat zeregin eta honek guztiak estresa, urduritasuna, lo falta… ekar dezake.

Edozein pertsonak, gazte nahiz heldu, batez beste zortzi orduz lo egin behar du egunean. Hau betetzen ez badugu, arazoak izan ditzakegu gure eguneroko bizitzan. Nekatuta egoteak eguneroko laneko errendimendua txikitzea eta egun osoa indarrik gabe egotea dakar: eserita, ohean edo edozein tokitan deskantsatzen egoteko irrikaz egoten gara. Argi dago hau egun bateko edo biko gauza bada, ez duela kalte handirik egiten. Kontua da horrela denbora asko jarraitzen badugu, epe luzera arazo larriak izan ditzakegula.

Arazo horien artean, denetan entzunena eta ohikoena insomnioa da. Gaixotasun honek lo hartzea galarazten du. Pertsona bat ordu askotan egon daiteke loak hartu gabe gaixotasun honengatik eta hau ez gertatzeko onena da burua beste zerbaitekin (telebista ikusi, zerbait irakurri…) entretenitzea, berriro ere logurea berreskuratu arte. Hari beretik, larria iruditzen zaidan beste arazo bat Britania Handiko Warwick unibertsitateak egindako ikerketa batekin zerikusia du. Ikerketa honek dioenez, lo gutxi egiten duten pertsonek bihotzeko gaixotasunez edo garun gaixotasunez hiltzeko aukera handiagoa dute. Kontua da lo ezak odoleko presioa handitzea dakarrela eta, horregatik, bihotzeko infartuak eta garun ezbeharrak izateko aukerak handiagotu egiten dira. Dena den, ez pentsa arazoa lo gutxi egiteagatik baino ez dela etortzen. Gezurra badirudi ere, badaude beste gaixotasun batzuk lo gehiegi egiteagatik datozenak. Horietako bat somnolentzia da.

Laburbilduz, gure eguneroko bizitza modu egokian eraman ahal izateko, egunero zortzi orduz egin beharko dugu lo. Eta nahiz eta batzuetan horrela ezin den izan, ahal den azkarren berreskuratu beharko dugu galdutako erritmoa. Horrela, asteko egunetan zehar egiteko ditugun guztiak ondo bete ahal izango ditugu, inongo nekerik gabe. Horrez gain, etxera iristean, bertakoekin hitz egin eta beste hainbat gauza egiteko gai izango gara, nekez ez bagaude, aisiko denbora ere gehiago aprobetxatuko baitugu.

Comments { 2 }
-->