Tag Archives | arazoak

Umeen edertasun lehiaketak: izua alde guztietatik

Lehen gizakietatik hasita, edertasunari eman zaion garrantzia oso handia izan da, bai objektuetan eta baita pertsonetan ere. Gaur egun, edertasunarekiko dependentzia izugarri barneratua dago gizartean. Denok ederrak izan nahi dugu alor guztietan: publizitatea eta hedabideek saltzen diguten irudia ahalik eta gehien kopiatu nahi dugu. Gainera, lehiaketak ere egiten ditugu, nahiz eta batzuk ankerrak eta lekuz kanpokoak izan. Horren adibide garbiena umeen edertasun txapelketak dira. Zertara jolasarazten diegu ume hauei?

“Beraien haurtzaroa lapurtu diete. Objektu erotiko bihurtu dituzte. Objektu sexualen antzera jokatzen erakusten zaie, besteen gustuko izateko”, ziurtatu du Emily Hancock psikiatrak. Umeek askotan nahimen hori edukitzen dute, baina probabilitate handia dago amets hori amesgaizto bihurtzeko. Hala ere, guraso asko ez dira arriskuen beldur, eta euren seme-alabak publizitatera jauzi egiteko aukera baliotsua ikusten dute.

Nahiz eta arazo kaltegarriak nabariak izan, alde dauden ahots batzuk ere badira. Hauen hitzetan, lehiaketa hauek laguntzen dute umea hezitzen eta trebatzen. Lehiakideek ezinbestekoak diren bi gauza ikasten dituztela diote: beraien buruarekiko konfiantza eta hitz egiteko gaitasuna, publikoarekiko harremana beharrezkoa den ogibideetan funtsezkoak diren ikasgaiak. Ikerketek, aldiz, frogatu dute txapelketa hauetan parte hartutako umeek, heldutasunera iritsitakoan, arazo psikologiko larriak garatzen dituztela. Miss izandako batzuek ziurtatzen dute trauma ugarirekin iritsi direla heldutasunera.

“Askotan gurasoak saiatzen dira beraien betiko desioak seme-alaben bitartez betetzen. Beraien beharrak umeekin asetzen dituzte, konturatu gabe beraiengatik egiten dutela, eta ez umeen nahiengatik”, dio Lucia Gilbertek, psikologa eta emakumezko gaietan aditua. Hau guztia esanda, eta azpiko bideoan agertzen den bezala, gurasoek dute arazo honen konponbidearen giltza, euren alabak behartzeari utzi eta beste era bateko haurtzaro dibertigarria eta osasuntsua eskainiz. Gogorarazi nahi dut 1996an, JonBenet Ramsey, Coloradoko edertasunaren erregina txikiaren kasua: hilda agertu zen, bortxatua izan eta gero, bere guraso dirudunen luxuzko etxean. Krimenaren ustezko egileak gurasoak izan ziren, hain zuzen ere.

Artikuluari amaiera emateko, “Pequeña Miss Sunshine” filma gomendatuko nuke; izan ere, nire ustez, oso ondo erakusten baitu umorearen bitartez lehiaketa hauen ankerkeria.

Comments { 2 }

Zertarako nahi dute dirua?

Zuen herrian ohikoa al da ogia erostera joan eta, okindegiaren atean, adibidez, lurrean eserita eskale bat ikustea? Gehienek kartelen bat izaten dute eskuan, eta, normalean seme-alabak dituztela eta ezin dituztela elikatu esaten dute. Egia al da esaten duten guztia? Sinesten al ditugu itsu-itsuan diotena? Bildutako diru horrekin janaria erosiko al dute? Pertsona guztiak zeharo ezberdin pentsatzen dugu eta, horren ondorioz, batzuek dirua ematen diete; eta beste batzuek, aldiz, beste alde batera begiratu ohi dute.

Garai batean, gaur egun ez hainbeste, eskale horiek etxez etxe edo tabernaz taberna ere ibili ohi ziren diru eske, janari pixka bat erosteko aitzakian. Baina dirua eman ordez, zuzenean sukaldera sarrarazi eta ogia, esnea edota galletak ematea bururatuz gero, dirua behar zutela errepikatzen zuen batek baino gehiago, entzuna dudanez. Nola ulertzen da jarrera hori? Zuzenean janaria emanda, hari uko egiten badiote, zertarako nahi dute diru hori? Lehen esan dudan bezala, batzuek ez dute dirua elikatzeko nahi, alkohola, tabakoa… erosteko baizik.

Askok oso erraz engainatzen dute: aurpegi tristea jarri, adabakiez batetako arropa zikina jantzi, gose eta ahul daudela helarazten digute… Segundo erdi batean begiratu eta pena sentitzen dugu: etxerik ez dutela izango, lanik ere ez, gosea pasatzen arituko direla, hotza… Eta bi aldiz pentsatu gabe diru pixka bat ematen diegu askok. Dirua emandakoan, irribarre batez eskerrak ematen dituzte gehienek. Baina ongi egin al dugu dirua emanda? Bildutako diru horrekin alkohola erosiko balute?

Aurreko guztiarekin ez dut esan nahi diru beharrik ez dutenik, bizitza maila ona dutenik… Ni ez nago ”eskale” hauen aurka. Gure herrian jende asko dago lanik gabe, krisia dela-eta ahal duten moduan bizi direnak. Hauetako askok daukaten diru apurraren kantitate txiki bat limosna eske dauden hauei ematen diete, zerbait jan dezaten. Logikoa den bezala, baina, hurrengoan eskale hori basoerdi bat hartzen ikusten badute tabernaren batean, handik aurrera ez diote ezer emango: ”Nik diru gutxi izanda, zerbait eman diet. Diru hori alkohola erosteko erabili behar badute, hurrengoan nire kafea ordaitzeko erabaliko dut”.

Amaitzeko, orain dela ez asko egunkarian irakurri nuen artikulu bat uzten dizuet. Niri gustatu zitzaidanez, zuek ere irakurtzea gustatuko litzaidake: Eskaleak.

Comments { 0 }

Kontuz supermerkatuetako armairuekin!

Zer ari da gertatzen gaur egun supermerkatuetan? Ez gorde Eroski, Carrefour, Mercadona… edo antzeko supermerkatuetako armairuetan ezertxo ere! Badaude “artista” asko horietan txanpona sartzen dutenak, barruan ezer gorde gabe, helburu garbi batez: armairuak giltzaz itxi eta giltzak etxera eraman lasaitasun osoz.

Honaino ez dirudi oso arraroa, ezta? Galdera, ordea, honakoa da: zer egiten dute ondoren giltzak eskuetan dituztela? Bada, giltza horien kopiak egiten dituzte. Hori egin eta gero, supermerkatura bueltatu eta giltzak zerrapoan uzten dituzte, ezer gertatuko izan ez balitz bezala. Ondoren, beraien txanponak jaso eta itxaroten egoten dira. Noiz arte? Norbaitek bere poltsak armairuan gorde arte. Pertsona hauek giltzaren kopia dutenez, inguruan inor ez egon arte itxaroten dute eta, azkenik, barruan dagoena lapurtu eta alde egiten dute. Merkeago eta errazago ezinezkoa da. Ez al daukate lotsarik?

Horregatik, kontu handia izan behar da gauza hauekin: hain praktika erraza izanda, edozein supermerkatu publikotan egin dezakete lapurreta. Askotan gertatu da. Gainera, jende askok hau guztia gezurra dela esaten du edota ez zaiela gertatu behar, denbora laburrez baino ez dituztelako gauzak uzten. Guztiz oker daude. Beraiek lasaitasun osoz gordetzen dituzte gauzak armairuan, seguru daudela pentsatuta (normala den bezala), baina, une horretan bertan akaso lapurreta jaisten ari dira.

Noraino iritsiko gara? Lehen ez zen horrelakorik gertatzen, ez? Ez al dago gero eta segurtasun gutxiago leku eta gauza guztiekin?  Modu batera edo bestera segurtasun falta honi amaiera eman beharko geniokeela uste dut.

Comments { 1 }
-->