Tag Archives | arazoak

Olioa=petrolioa?

Badira urte batzuk sukaldeko olioa birziklatzen hasi ginela. Izan ere, hainbat azterketa ondoren, hura harrakastik behera botatzea ez dela batere osasungarria ohartu dira, eta horrexegatik hartu dira zenbait erabaki. Orain arte, herri bakoitzak, epe eta leku jakin batean, izaten zuen sukaldeko olioa entregatzeko aukera; orain, berriz, zaborrontzien inguruan, olioarentzat aproposa den beste kontainer bat jarri dute. Bere alde onak eta txarrak ditu, gauza guztiek bezalaxe. Agian, ez da hain erosoa egiten; izan ere, ontzi batean jaso behar izateaz aparte, bertara joan behar duzu uztera, eta abar; dena den, komeni da jakitea badirela enpresak guk botatako olioa jaso, eraldatu eta berriro ere merkatuan sartzen dutenak.

Garai batean, ez zitzaion horrelako garrantzirik ematen olioari, ez zuen axola nondik botatzen zen, nahiz eta, nik uste, gehiengoak sukaldeko harraskatik behera bota. Baina denbora pasa ahala eta teknologia aurrera doan heinean, jokabide horrek ondorioak ekar ditzakeela ohartu dira adituak. Horrela, erabakia hartzeko unea zelakoan, lehendabizi, kamioiak jarri zituzten puntu, data eta egun jakin batean, birziklatzekoa izango zen olio hori jasotzeko. Herri guztiek zuten bere “postua”. Orain, berriz, ohikoak ditugun kontainerren inguruan beste kontainer bat jarri dute, laranja kolorekoa. Bertan bota behar da olioa, plastikozko ontzietan ahal bada (bestelakoetan eramanda, puskatzeko arrikua legoke eta olio hori barreiatzeko).

Arestian aipatu bezala, munduan zehar dauden enpresa ezberdinek hartzen dute parte olioaren gai honetan. Hori horrela izan dadin, kontainer horietako olioa biltoki batzuetara eramaten da, bertan sailkatua eta, jarraian, tratatua izateko. Adibide bat aipatzearren, GRINOIL enpresa aitatuko dugu. Hau biodieselarekin aritzen da lanean. Zehatzagoo esateko, olio bidez biodiesela sortzen du. Antza denez, nahiko errentagarria da negozio hau. Egia esan, aipatu, aipatuko zen, baina ez gehiegi ere. Nik, adibidez, ez nekien ezer asko gai honen inguruan lan egiten duten enpresei buruz, Sasieta mankomunitateari buruz izan ezik. Dirudienez, jardun honek abantaila dakar; izan ere, petrolioa kanpotik ekarri ordez, olio bidezko biodieselarekin garraioa elika badaiteke. Wikipediak dioenez, abantailetako bat “erregai agorkorren aurrezpena” da.

Hasierara bueltatuz, arazoa ez da agian hitz egokia, baina eragozpena sortzen du olioa zartagitik ontzi batera botatzeak eta, horretaz aparte, ontzia kontainerrera gerturatzeak. Nire aburuz, gehiago kostatzen da olioa ontziratzea, ontzia kontainerrera gerturatzea baino. Izan ere, azken finean, kalera irteterakoan botatzea zer da, ba? Baina, eragozpenak eragozpen, denok dakigun bezala, gure esku gelditzen da gure ozono kaparen etorkizuna; beraz, ondo etorriko litzaiguke sakrifizio txiki bat egitea. Hainbesteko esfortzua al da olioa ontziratu eta ondoren bere tokira gerturatzea?

Comments { 2 }

Gure geneen aurka borrokan

Ispilua emakume askoren amesgaizto bihurtu da. Errealitatea erakusten du eta askok urrundu egin nahi dute hortik gorputz argal, zizelatu eta betiko gaztetasunean izoztutakotik oso urrun gaudelako. Ispiluak emakumeok gehien kezkatzen gaituzten inperfekzio horiek agertzen ditu.  Betidanik izan gara zelulitisaren beldur; izterretan sortzen diren mendikate horiek ez agertzeko erregutzen dugu. Eta nork ez ditu inoiz Angelina Jolieren ezpainak desiratu? Baina, dudarik gabe, emakume guztiak adinez gora joan ahala, gehien gorrotatzen dutena zimurrak ateratzea da. Lehenengo, begien ondoan ateratzen hasten dira; gero aurpegi osora zabaltzen dira, eta iraganean izandako azal leuna oroimenean baino ez da geldituko. Beraz, nola gainditu edertasunetik aldentzen gaituzten “huts” hauek?

Soberan ditugun kilo horiek gainetik kentzeko, aldizkarietan ateratzen diren dietak egiten ditugu. Jangaitza izanagatik, emakume eta neska asko gai dira moda-modan dagoen argaltasun hori eskuratzeko. Batzuk obsesionatu egiten dira, eta jaten dutena kontrolatu eta kaloriak kontatzera iristen dira. Bide hau jarraitzeak ez du amaiera onik ekartzen, anorexia edo bulimia hortxe daudelako.

Hala ere, dieta egiteak argaltzea baino ez du ahalbidetzen. Beraz, nola lortu zimurrik gabeko aurpegia, haurdunaldiaren ondoren zintzilik geratutako azala desagertzea, deformidaderik gabeko sudurra edota zure titientzat neurriko bularretako bat eduki ahal izatea? Kirurgiaren bidez. Gero eta jende gehiagok jotzen du irtenbide honetara. Teknikak hobetzen ari dira eta, teknologia berriekin hainbat aurrerapen egin denez, kirurgiak lorpen handiagoak egitea ahalbidetu du. Beraz, orain gehiago dira kirurgian konfiantza osoa jarri dutenak beraien kezka horiek desagerrarazteko.

Famatuak hasi ziren kirurgiarekin gorputzeko atalak hobetzen, gorputzak beraien lanean zerikusi handia zuenez, gainerako pertsonentzat eredu izan behar zutela aitzakiatzat hartuz. Aitzakiak baino ez. Horren atzean, eder eta gazte mantentzeko grina zegoen. Izan ere, nolatan hartuko dute protagonistatzat zimurrak edo izugarrizko sudurra duen aktoresa bat?

Gurekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Gaur egungo gizartean, aurreiritzi asko ditugu eta kanpoko itxurak garrantzi handia du. Modako moldetik ateraz gero, denen burla bihur zaitezke. 1,60 m neurtuz gero, txikia izango zara modelo izateko, eskatzen duten 1,’70 m-tik oso urruti zabiltzalako. Sudur handia edukiz gero, gaizki emango duzu pantaila aurrean, gehiegi ikusi eta aurpegi orekatu izatetik urruntzen zarelako. 36 tailan sartzen ez bazara, gizenegi egongo zara. Eta bularretakoaren 85 taila handiegi baduzu, nahiz eta 18 urte izan, oraindik oso gaztea zarela pentsatuko dute. Horregatik, gero eta jende gehiago joaten da inperfekzio horiek konpontzera.

Baina zergatik da horren garrantzitsua gazte eta eder mantentzea? Ezin al dugu garen bezala izan, eta, denborak aurrera egin ahala, naturaltasunez zahartu, biologikoki horrela programatuta gaudenean? Zergatik aldatu goitik behera gure itxura gure geneen kontra? Argi dago kanpoko itxurak beti izan duela garrantzi handia, baina azken hamarkadan gehiago oraindik kirurgiari esker. Horrelako gauzekin ahazten duguna da pertsona egiten gaituena gure barnean dagoela. Eta hori izan beharko litzateke garrantzitsua; izan ere, garrantzitsua esentzia da, ez estaltzen gaituena. Garen bezalakoak izaten jakin behar dugu; gure akatsak onartu eta dohainak indartu behar ditugu.

Comments { 0 }

Barruan ezin bada, kalera irten beharko!

Txikitatik erakutsi izan zaigu tabakoa ez dela osasunerako ona, hau da, gure gorputzerako kaltegarria dela. Hori jakin arren, batzuen jokabidea ez da aldatu eta, ondorioz, gobernuak muturra sartu behar izan du kasu askotan. Denok dakigu tabakoa ez dela osasuntsua eta, hala eta guztiz ere, jendeak erretzeari ekiten dio. Jakinaren gainean egon arren, askori ezinezkoa iruditzen zaio uztea; izan ere, erretzaile askok pentsatzen du ez dela horretarako gai izango, edo hainbatek ez du utzi nahi, besterik gabe.

Askotan ikusi izan da, tabakoa erretzeari uzteko, gobernuak zenbait lege sortu dituela. Askoren ustez, hori guztiontzat da ona, bai erretzaileentzat eta baita erretzen ez dutenentzat ere -batik bat azken hauentzat-. Zergatik bereziki erretzen ez dutentzat? Nik uste dut legeak egin izan direla erretzen ez duen jendeak ez duelako zertan jasan erretzaileen kea. Gainera, erretzaile bat ondoan izatea kaltegarria da edonorentzat, hau da, kea xurgatu egiten da eta, ondorioz, denok gara kaltetuak. Azken urteotan, leku publiko batzuetan erre zitekeen (jabeen aukeran utzi zen erabakia), baina, denbora asko pasa ez dela, osasun arduradunek lege berri bat ezartzeko premia sentitu dute. Lege berri hau indarrean sartzen denean, debekatuta egongo da erretzea edozein leku publikotan. Beraz, tabernetan erretzeko ohitura bazenuen edo bazkari on bat eta gero erretzen bazenuen, ahaztu lehenbailehen! Hemendik aurrera ezingo da gehiago egin!

2009ko amaiera aldean, Osasun Ministerioak legearen berri eman eta aurtengo lehen seihilekotik aurrera ezarriko dela esan du. Tabakoa saltzen duten enpresei dagokienez, euren paketeen %40 tabakoaren kontrako abisuez estali beharko dute. Legearen beste puntu bat ondorengoa da: eskoletan erretzea debekatzen da, hau da, aisialdian ezingo da erre. Horretaz gain, 300 metroko tartean ezingo da tabakoaren publizitaterik egin, eta 18 urtetik beherakoei ezingo zaie saldu. Azken puntu hau kuriosoa da benetan; izan ere, denok aspalditik baitakigu adinez txikiei ezin zaiela saldu. Betetzen al da hori, baina? Nik ezetz esango nuke…

Hau guztia kontuan hartuta, esan genezake, tabakoaren lege berria indarrean sartzearekin batera, gobernuak erretzaile gutxiago egongo diren itxaropena duela. Eta hori benetan bete nahi dutela frogatzeko, zergak egongo dira. Ez dute hauen berri zehatzik eman, baina kasu askotan zerga gogorrak egon daitezkeela ziurtatu dute. Taberna edo jatetxeen kasuetan, adibidez, ixteraino irits daitezkeela dirudi.

Benetan baliagarri izango ote da lege berri hau? Horixe da nire buruari galdetzen diodana. Nik uste dut ez duela merezi lege berria ipintzea; izan ere, lehen zegoenarekin gauzak ez ziren gehiegi aldatu, eta logikoa da pentsatzea jendeak erretzen jarraituko duela; ez bada leku itxietan, kanpoan egingo du. Dena den, jendeak erretzeari uko egitea nahi bada, tabakoaren salmenta galarazi beharko litzateke. Halere, agian, hori gehiegi eskatzea da; izan ere, gobernuak ere probetxua ateratzen baitu tabakoaren industriak lortzen duen diruarekin.

Comments { 0 }
-->