Tag Archives | arazoak

Elikadura egokia horren garrantzitsua ote?

elikaduraren piramideaGaur egun, XXI. mendean, ia denok entzun izan dugu noizbait elikadura egokia eramatea beharrezkoa dela osasuntsu egoteko; bestela, gaixotasun ugari sor baitaitezke. Bestalde, adituek osasuntsu egoteko, elikaduraz gain, kirola egin behar dela esaten dute. Gainera, gobernua gero eta serioago hartzen ari da elikaduraren gaia eta hainbat iragarki sortu du bere garrantzia erakusteko. Orobat, janlekuetan jartzen dituzten jakiak kontrolatzen hasi dira elikadura egokia bultzatzeko, gazteen artean batez ere, oso garrantzitsua baita txikitatik jakitea nola jan behar den. Ekintza hauek guztiak egiten badituzte elikadura egokia bultzatzeko, suposa genezake oso garrantzitsua dela. Benetan al da horren funtsezkoa? Bai, elikadura ona ezinbestekoa da; izan ere, ondo elikatu ezean, gure organismoa hondatu egiten baita.

Elikadura egokia izatea zer den askotan entzun izan dugun zerbait da. Barazki eta fruta asko jan, koipe ugari duten produktuak ahal dela saihestu, elikagai guztietatik zerbait jan, orekatuta, inoiz ez zerbaitetik gehiegi eta bestetik gutxiegi… Eta, noski, ia denok dakigu elikaduraren piramidea nolakoa den. Halaber, elikadura arazo ugari ezagutzen dugu. Batzuk gehiegi obsesionatzen dira nolako eta zenbat jaki jan behar den pentsatzen; eta honen ondorioz, hainbat eta hainbat anorexia kasu sortzen da. Beste batzuk, aldiz, gutxiegi arduratzen dira eta edozer jaten dute, nahiz eta beraien osasunerako txarra dela jakin. Hauek obesitatea edo gizentasuna dutela esaten da.

obesitateaanorexiaAipatutako gaixotasun hauek dira, batez ere, elikadurarekin lotzen ditugunak, eta ez zaigu iruditzen besterik egon daitekeenik; halere, pentsatzen hasita, segituan konturatuko gara elikadurak gure gorputzaren atal guztiekin duela lotura. Beraz, gure elikadura txarra bada, gure organismo guztia gaizki joango da. Hura gaizki joatea ez da argalago edo lodiago egotea, gure organoak ondo ez funtzionatzea baizik. Horrela, azaleko gaixotasunak, organoetako gaixotasunak… sortuko dira. Gaixotasun hauetako batzuk, zoritxarrez, gaur egun nahiko ezagunak dira eta gero eta ezagunagoak bilakatzen ari dira; hala nola, minbizi kasu batzuk, bihotzeko arazoak, diabetesa… Zorionez gure inguruan horren ezagunak ez diren hainbat gaixotasun daude elikadurekin lotura zuzena dutenak arurretik aipatutakoez gain. Horietako bat Kwashiorkor gaixotasuna kwashiorkor umeakda. Kawashiorkor gaixotasuna, batez ere, garatu gabeko lurraldeetan eta elikadura arazoak dituzten lekuetan ematen da. Gaixotasun hau haur txikien artean, 10 hilabete eta 3 urte bitartekoen artean, mantenugai eta proteina faltagatik ematen da batik bat. Kwashiorkorra duten haurren gorputzak likido metatze anormala egiten du, oso triste egoten dira eta askotan jateko indarrik ere ez dute izaten. Gaixotasun hau duten haurrek zahartzean ere ondorio ugari izaten dituzte.

Hau guztia horrela izanik, elikadurari gero eta garrantzi handiagoa ematen hastea nahitaezkoa dela garbi dago, gure osasuna arriskuan ez ikusteko eta hainbat gaixotasun betiko atzean uzteko. Halaber, ez dugu ahaztu behar oraindik ere badagoela garatu gabeko hainbat herrialde, eta hauek direla, batez ere, elikadura arazoak dituztenak; alta, herrialde garatu askok atzera pauso bat eman dute aurrez eginiko janariari esker. Alabaina, seguru nago denok honen aurka zerbait egiten saiatuko bagina, lortuko genukeela orekatuagoa litzatekeen mundu batean bizitzea, eta gaixotasun ugariri diegun beldurra atzean uztea; izan ere, ez bailirateke horren maiz gertatuko. Honengatik guztiagatik, elikadurari garrantzi handiagoa ematen hasi beharko ginateke une honetatik hasita; bestela, horrela bukatuko du gure odolak oso denbora gutxian:

Comments { 0 }

Stop spot!

stopNor ez da inoiz jostatu kaleko baldosa urdinak baino ez zapaltzera? Txikitako kontuak dira, baina helduok ere noizbehinka aritzen gara horrela. Kontua da, denborak aurrera egin ahala, inguratzen gaituzten iragarki guztiekin entretenitzeko aukera ere eman zaigula lurrera begira egon beharrean. Gauzak bere neurrian ederto datozkigu, bai; izan ere, interesatzen zaizkigun produktuen berri izateko bide ona da. Dena den, muga hori gainditu egin da egun, eta aspergarria izaten ere hasi da.

Telebistaren kasuan, esaterako, gogaikarria bihurtzen ari da gure telesailik gustukoena ikusi nahi izatea eta ez lortzea. Komunikabide honen antolaketa gero eta okerragoa delakoan nago. Programazioa dela eta, ez da ordutegiaren eta adinaren arteko erlazioa errespetatzen; iragarkiei erreparatzen badiegu,  ordubeteko saio batetik 20 minutu, gutxienez, iragarkiak direla ondoriozta daiteke. Gauzak horrela, malabarista moduan jardun behar al dugu horrelakoak ekiditen eta zapping egiten? Horrez gain, lotsagarria iruditzen zait isunen bidez atentzioa deitu behar izatea iragarleei, argi dagoenean muga aspaldi pasatu dutela.

zappingHala eta guztiz ere, aitortu beharra dago noizean behin desesperazioak beharbada tontotu egiten gaituela, eta egongelako kaxari begira egon gaitezkeela denbora luze batez. Neurritasunez jokatuz, arte berri bat ere sortu ahal izango litzateke, iragarki batzuk benetan onak baitira. Coca Cola eta Freixenet-enak ikusteko, adibidez, urte osoa itxaroten dugu. Itxarote horrek azkenean merezi izaten du, horrelakoak gustura hartzen dira eta.

Internetarekin gauza bera gertatzen da. Gainera, hemen aritzen garen modua are xelebreagoa izan ohi da: nabigatzen dugun bitartean irekitzen diren aparteko leihoak ahal dugun azkarren ixten saiatzen gara, kontu handiz ibiliz iragarkiaren laukitxoa zapaldu ez dezagun; izan ere, horrela ordenagailua kutsatzeko arriskua dagoela irakatsi baitzaigu. Ez da oso zentzuduna horrela ibiltzea, egia esan. Horregatik, internauten kexa garrantzitsuena izatera iritsi da.

iragarkiakKontuak kontu, nabigatzen ari nintzela gai honi buruzko informazio gehigarria lortzeko helburuaz, hara zer-nolako egoera paradoxikoarekin egin dudan topo! Webgune honetan jakingarri interesgarria aurkitu dut, bai, baina argibide baino iragarki gehiago azaltzen da bertan! Benetan harrigarria! Ez al du ezerk baino gehiagok gogaitzen horrelako gunea ikusteak?

Aipatutako biak adierazten dutena hasiera besterik ez da; izan ere, kalean, mugikorretan, egunkarietan eta aldizkarietan ere berdin gertatzen baita. Jakina da funtsezko elementu dela ekonomiak aurrera egingo badu, baina beharrezkoa ote da gure ingurune osoa erabiltzea eta soberan, gainera, horretarako? Ez al da gehiegi? Badirudi honek ez duela hobera egiteko asmorik, itolarrian gaude. Beraz, esan dezagun ozenki: STOP SPOT!

Comments { 1 }

Se subastan solteras!

subastachicas350Aurreko astean, diskoteka batean adinez txikiko neska batzuen “zozketa” egin zela entzun beharra izan genuen zoritxarrez. Ez da emakumearen duintasunaren aurka horrelako zerbait egiten den lehenengo aldia eta, dirudienez, ezta azkena izango ere. Herri garatu honetan, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortu nahi den batean, onartu ote daiteke horrelako egoerarik? Nire ustez, ez. Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal aztertzera.

Ekintza hau apirilaren 25ean jazo zen Granadan. Bertako diskoteka batek festa bat antolatu zuen 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. Bertan, mutilek “Monopoly” jokoko dirua erabiliz, gehien gustatzen zitzaien neskarengatik apustu egin eta, diru gehien jartzen zuenak, nahi zuen neska aukera zezakeen. Ondoren, VIP palko batera joan eta diskotekaren kontura freskagarri bat hartzeko aukera zuten. Alkohola debekatua izanik, edatekoa freskagarria izan behar zen. Bestalde, jarduera lotsagarri honen berri ez zuen bertaratu zen neskaren batek eman, udaletxeko Aukera Berdineko sailak antolatutako tailer batera hurbildu zen mutil gazte batek baizik. Harrigarriena da honek ere ez zuela egoera salatu; aitzitik, festa goraipatu zuen, neska aurkitzeko aukera paregabea zela esanez.

Tamalez, aurretik esan bezala, ez da horrelako egoera baten aurrean aurkitzen garen lehenengo aldia ; izan ere, beste hainbat festa egin dira, non neska gazteak hainbat arrazoirengatik dirurik ordaindu gabe sartzen diren diskoteketan. Hau, adibidez, datorren ostiralean, aurretik aipatutako diskoteka berean gertatuko da: minifalda motzak dituzten neskek ez dute sarrera osoa ordaindu beharrik izango.

Hau dena nahikoa lotsagarria da. Alde batetik, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzen saiatzen ari garen bitartean; bestetik, aurretik geunden egoera baino okerragoan jartzen ari gara. Halaber, antolatzaileen ustez, ez zen jarrera sexistarik egon eta egoera normaltzat hartzen dute; hala ere, kartela pixka bat gehiegizkoa izan zitekeela onartzen dute. Nire ustez, horrelako egoerekin, orain arte aurreratu dugun guztia pauso batean atzeratzen dugu. Orobat, atzerako pausoa aurrerakoa baino handiagoa izaten da eta deitoragarria da XXI. mendean horrelako kasu baten aurrean egon behar izatea. Azkenik, espero dudan gauza bakarra da, hurrengo batean, egunkaria irakurtzen hasten naizenean, horrelako beste egoera negargarri baten aurrean ez aurkitzea, zaila izango bada ere.

Comments { 0 }
-->