Tag Archives | arazoak

Teknologia berrien aurrean, kontzientziarik bai?

FlickrCC, karindalziel

FlickrCC, karindalziel

Zer sentiarazi dizu izenburuko estekako bideoak? Eta hurrengo datuak: “Osasunaren Erakunde Mundialak kalkulatzen duenez, munduko biztanleriaren lautik batek teknologiaren gehiegizko erabilerarekin arazoak dauzka”. Ez al zaizu hotzikara ikaragarri handi bat barruraino sartzen? Teknologiarekiko menpekotasuna da bere izena, gure gizartearen izurritea.

Lehenik eta behin, azpimarratu beharra dago aurrerapen hauek guztiak aurrera pauso handia izan direla egungo gizartean. Internetek, beste elementu askoren artean, adibide modura, gauza ugari eskaintzen dizkigu: informazio iturri bikainak, mota guztietako hiztegiak, etxetik atera ezinik dagoen jendearentzat baliabideak, urruti dagoen norbaitekin kontaktuan jartzeko aukera, eta abar. Nolanahi ere, arlo honetan, denbora izanen da testigu. Baliabideak behar ez bezala erabiliz gero, denborarekin arazo larriak sortzen direla argi ikus dezakegu, hala nola, norbanakoaren kontrola galtzea, abstinentzia sindromea, bakoitzaren eginbeharrak alde batera uztea… beste askoren artean.

Arazo hau, nerabeen munduan ematen da batik bat. Gazteek lanak egiteko, lagunekin harremanetan jartzeko, musika entzuteko, sentimenduak adierazteko, argazkiak partekatzeko eta milaka gauza burutzeko erabiltzen dute ordenagailua, sakelako telefonoa, internet… Jokabide hauek, berez, ez dira kaltegarriak, pertsona guztiek behin eta berriz errepikatzen baitituzte; halere, hauetako baten esklabo bihurtzen zarenean, mendekotasun sozialaren besoetan erortzen ari zara. Zoritxarrez, Espainian egindako hainbat ikerketatan desestali den informazioaren arabera, patologia hau sendatzen dituzten zentroetan gero eta jende gehiago dago laguntza eske, internetaren eskupean daudela eta. Adibide modura, Bartzelonako Hospital Clinic eta Hospital San Joan de Déu-ko datuak dauzkagu. Bi ospitale hauetako argibideek diotenez, 2005etik online jokoen mende dagoen jendearen kontsultak asko igo dira. Gainera, 12 eta 25 urte bitartean kokatzen den Madrilgo biztanleriaren %15ek teknologia berriekin aferak dauzkala argitzen digute aipatutako ikerketa horiek.

FlickrCC, Visit Greenwich

FlickrCC, Visit Greenwich

Beraz, zera esan dezakegu: teknologia berriek, ondo erabiliz gero, era aberasgarri batean bete dezakete gure bizitza; gaizki erabiliz gero, ordea, menpekotasun psikologiko baten menpe erortzeko arriskuan egon gaitezke; gizartearentzat aurrerapausoa dena, gure munduarentzat atzerapauso bihurtuz.

Amaitzeko, hausnarketa modura, har ezazu zure teknologiarekiko harremana ebaluatzeko tarte bat. Jar ezazu abesti hau, egin ezazu teknologiarekiko menpekotasunaren testa eta, azkenik, ikus ezazu ondorengo bideoa. Saia gaitezen, bada, pixkanaka-pixkanaka teknologia berriak erreminta bezala era zuzenean erabiltzen, eta teknologiak dakarzkigun gaixotasun sozial, larri hauengandik aldentzen. Zoriontsuago izan eta bizitza guztiz gozatu nahi?

Comments { 0 }

Murrizketekin denok motz?

murrizketen aurka (FlickrCC, ccoodegranada2)

murrizketen aurka (FlickrCC, ccoodegranada2)

Jakin badakigu krisian sartu ginetik hainbat aldaketa eman direla Espainian: BEZa igotzea, soldaten murrizketa, langabeziaren izugarrizko gorakada… Murrizketak arlo guztietan eman dira, baina gehien kezkatzen nautenak osasun eta hezkuntzan eman direnak dira. Ez al da, bada, oinarrizkoa denon hezkuntza eta osasun arloa ziurtatzea?

Ematen ari diren eta ematear dauden aldaketekin, duela 60 urteko egoerara itzultzen ari gara: dirudunek ikasketak egin ahal zituzten eta beste guztiek, aldiz, lanean hasi behar prestakuntza juxtua jaso ondoren. Tira, lanean hasi behar izatea, hitz egiteko era bat baino ez da; izan ere, ez baitugu ikasketak amaitu eta berehala lanean hasi den jende asko aurkituko, gaur egun.

Baina haritik joan gabe, Erasmus-a, bekak, ohorezko matrikula lortu dutenek dituzten hainbat abantaila… desagertzera doaz, eta unibertsitateetako kuotak igo egin dira, bai pribatu zein publikoetakoak. Hau dela eta, lehen ikastea garestia bazen -batzuentzat ia ordainezina-, orain are gehiago kostatuko zaie familia horiei seme-alaben ikasketak ordaintzea. Honekin, jende gutxiago izango da ikasketa unibertsitarioak dituena, eta, beraz, lan munduan daudenetariko asko ‘erreleborik gabe’ geratuko dira, lanpostu horretan nor jarri ez baita izango. Emaitza, jubilazio adina gero eta gehiago atzeratzea. Horrez gain, egoera zertxobait hobetuz gero helduenak lanean dauden bitartean, ikasketak amaitu berri dituen gaztea postu horretan sartu ezinean geratuko litzakete. Berriro ere langabezia tasa gora, dirurik ez ikasketak ordaintzeko, jubilazioa gora… Amaitzen ez den soka da.

Politika aurrerakoiak egingo dituztelakoan jartzen ditugu politikariak boterean; horrelako neurriekin, baina, gero eta herrialde atzeratuagoan gauden irudipena dut, hezkuntza sailean behintzat. Hartutako azken neurriak ez dut uste batere positiboak direnik, ez ekonomiarako -lan-mundua dezente geldiaraziko baitute- eta ezta mota askotako kanpo-harremanetarako ere; izan ere, ekonomikoki gaizki dagoen herrialde batekin harremanak izatea inork ez baitu gogoko. Zer diozue zuek?

Comments { 0 }

Noraino iritsiko zinateke dirua irabazteko?

FlickrCC, by trustypics

FlickrCC, by trustypics

Krisi ekonomikoa alde guztietara zabalduta dago azken urteetan. Ondorioak ez dira langabezian bakarrik ikusten, baita osasunean ere. Ez naiz estresaz ari. Dirua lortzeko jendeak proba zientifikoetan parte hartzen du, askotan beraien osasuna arriskuan jarriz. Baina honen kasurik larriena etengabe hazten doan organoen trafikoa da.

Hasteko, arrazoi batzuk aipatuko ditut jendeak organo trafikoan sartzeko. Organoen komertzioa organoen salerosketa da. Egoera hau pertsona aberats eta pertsona behartsu baten artean eman daiteke. Alde batetik, aberatsak bizitzen jarraitzeko irtenbide bakarra du, organoaren transplantea; eta bestetik, behartsuak dirua behar duenez gero, edozer gauza egiteko prest ikusten du bere burua diru pixka baten truke, kasu honetan bere organoak saltzera iritsiz. Komertzio hau jende aberatsa eta oso behartsuak elkarrekin bizi diren herrialdeetan ematen da normalean. Denok dakigu giltzurrun batekin ondo bizi gaitezkeela. Horregatik, bestea saltzen badugu muturreko egoera batean, dirua irabaz dezakegu. Gehiegi pentsatu gabe baiezkoa ematea, diruaren beharrak eraginda, hainbat tokitan nahiko zabaldua dago:. Kasu horretan, kontuan izan behar da maiz ebakuntzen baldintza higienikoak txarrak izaten direla eta gaixotasunak har ditzakezula.

Nolanahi ere, saleroste honetaz gain, bada beste praktika bat areagotzen ari dena: organo lapurreta. Organo trafikanteak drogaren menpean uzten zaitu, organoa kentzen dizute eta hurrengo egunean ez zara ezertaz gogoratzen. Trikimailuak ere erabiltzen dituzte pertsonen organoak lortzeko eta, ondoren, merkatu beltzean prezio altu batean saltzeko. Aipatu behar da, normalean, organo batek 10.000 eurotik gorako prezioa duela (organoaren baitan, noski). Egun, transplante mordoa egiten da: giltzurrunekoa, bihotzekoa, biriketakoa, pankreasekoa

Laburbilduz, zera esan dezakegu: kontuz ibili beharra dago horrelako gauzekin. Organoen komertzioa ekidin daiteke bizitzeko baldintzak  hobetuz eta aberats eta pobreen arteko aldea murriztuz, gehienbat osasunari dagokionez. Horretaz gain, neurri prebentiboak ezarri beharko lirateke, eta arazoari buruzko informazio gehiago eman, gaur egungoa eskasa baita. Ondo pentsatu behar dugu diruagatik gure osasuna arriskuan jartzea merezi duen ala ez, arriskua beti hor dago eta.

Amaitzeko, “Run Of Her LIfe” filma gomendatu nahi dizuet. Bertan garbi ikusten da organoen trafikoa.

Comments { 0 }
-->