Duela egun batzuk, sarean nabigatzen nenbilela, irudi hau topatu nuen. Bertan, Hegoafrikako Durban hiriko hondartza batean dagoen kartel bat azaltzen da, eta zera dio: “Durbango hondartzen 37. legearen arabera, hondartza honetan arraza zurikoek baino ez dute bertan bainatzeko aukera.” Hau irakurri nuenean, lur jota gelditu nintzen; izan ere, entzuna nuen herrialde horretako diskriminazioaz apurtxo bat, baina hau duela urte batzuk jada amaitua zela uste nuen.
Nola liteke XXI. mendean, garatua kontsidera daitekeen herrialde batean, horrelako kartel arrazista topatzea? Itxura denez, Afrikako herrialde garatua kontsidera daitekeen honetan, oraindik diskriminazio handia dago arraza beltzarekiko. Gezurra badirudi ere, herrialde honetako biztaleen ia %80k afrikar jatorria dute. Dena dela, europar jatorrikoak nahiz eta biztanleriaren gutxiengoa izan, gainontzeko biztanleei “gailentzen” zaizkie. Honen hasiera kolonializazio garaian dago; hala ere, Hegoafrikak igaro izan ditu garai latzagoak xenofobiari dagokionez, Apartheid garaia hain zuzen ere.
Duda zipitzik ez dago, gaur egun, Hegoafrika afrikar kontinenteko potentzia ekonomikorik handiena dela. Ez al zaizu, baina, lotsagarria iruditzen oraindik bertan dagoen arrazakeria? Niri, behintzat, bai. Nahiz eta arraza zurikoak gutxiengoa izan herrialde honetan, erakusten duten diskriminazioa eta ustezko nagusitasuna ikaragarri handia da.
Apartheid garaia duela 18 urte amaitu zen arren, egun, garai horretako zenbait eragin nabariak dira Hegoafrikako gizartean. Izan ere, garai penagarri horretan, arraza beltzekoek ez zuten inongo askatasunik. Esate baterako, ezinezkoa zen bainugela edo garraio publikoan bi arraza ezberdinetakoak batera egotea edo afrikar jatorria duen batek negozioren bat izatea. Nahiz eta gaur egun oraindik arraza beltza diskriminaturik eta bazterturik izan, ez da Apartheid garaiko diskriminazioa bezain bortitza.
Baliteke gutxieste honen jatorria ekonomian egotea; izan ere, Hegoafrika herrialde benetan aberatsa da mineralei dagokienez. Apartheid garaitik bertako meatze ugari europar jatorrikoen agindupean daude; eta bertan lan egiten dutenak, ordea, Afrikatik etorritako etorkinak. Etorkin hauek Zanbia eta inguruko herrialdeetatik etortzen dira, lana eta bizitza hobea topatuko duten esperantzaz. Baina bertan lan baldintza benetan kaskarrak eta izugarrizko diskriminazioa baino ez dituzte aurkitzen. Buruzagiak diruz itotzen ari diren bitartean, beraien meategietako langileek huskeria baten truk lan egiten dute baldintza penagarrietan.
Hutsaren hurrengoa den egoera hau behingoz buka dadin, primeran egongo litzateke zenbait erakundek honen inguruan lan eta borroka egitea, ea duela asko amaiturik behar zuen arrazismo hau behingoz amaitzen den. Ea horrela Hegoafrikan bizi direnen ondorengoek mundu libreagoa ezagutzeko aukera duten.
Iruzkin berriak