Tag Archives | atxaga

Sara izeneko gizona, Bernardo Atxaga

Bernardo Atxaga, 1951ko uztailaren 27an jaio zen Asteasun, eta bere benetako izena Joseba Irazu Garmendia da. Lehen ikasketak bere jaioterrian eta Andoainen egin zituen; batxilergoa, berriz, Donostian. Garai horietan irabazi zituen bere lehen sariak, hain zuzen ere, eskola-umeentzat sorturiko literatur lehiaketetan. Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean eta, bertan, zenbait euskal idazle ezagutu zituen, hala nola, Gabriel Aresti, haren lehen lanak argitara ematen lagundu ziona. Hainbat lanetan aritu zen: euskarako irakasle, irratiko gidoilari, liburu-saltzaile, ekonomialari… Azkenean, laurogeiko hamarkadan, buru-belarri murgildu zen literaturaren arloan.

Hasiera batetik izan da langile saiatu eta zorrotza Atxaga. Horren erakusle dira, gaztaroan, 1972an, kaleratutako bere lehen euskal poemak, 1976an argitaratutako bere lehen eleberria, 1978an plazaratutako Etiopia poema-liburua… Eta ez da harritzekoa; izan ere, idazle euskaldun honek bikain erabiltzen du barne-mundua eta euskarak duen adierazkortasun eta sondotasuna plasmatzen ditu bere obra bakoitzean. Ondorioz, 1977an, banku batean zeukan lana utzi, eta idaztetik bizitzeko erabakia hartu zuen. Garai honetan, Pott bandako partaide izan zen, izen bereko aldizkarian lanak argitaratuz, Joseba Sarrionandia eta Ruper Ordorikarekin elkarlanean.

Bernardo Atxagaren bereizgarri nagusienetako bat da, lehen esan bezala, hizkuntzaren erabilera eta 1989az geroztik bere lanek errekonozimendua besterik ez dute jaso: Obabakoak-ek, adibidez, Espainia osoaren mirespena lortu du, Espainiako Literatura Sari Nazionala, Euskadi Saria, Kritikaren Saria eta Prix Millepages Saria jasoz eta lana 20 hizkuntza baino gehiagora itzuliz. Hori dela eta, artista honen errespetua berretsi egin da obra berri bat kaleratu izan duen bakoitzean. Gainera, aipatu beharra dago,2007. urtetik euskaltzain osoa dela, bere literaturaren merezimenduarengatik eta euskara lau haizeetara hedatu izanagatik. Beste gertaera arrakastatsu bat Obabakoak eta Zeru horiek zinera egokituak izan direla da. Orokorrean, oso kritika onak izan dituzte bi film “euskaldun” hauek, eta, gehienbat, Obabakoak-ek.

Ildo beretik, garrantzitsua da aipatzea bere bizitzan zehar ukitu dituen genero guztiak: olerkigintzatik hasi, poesiarekin jarraitu eta narratibara arte. Bere idazlanen artean hauek aurki ditzakegu: Sugeak txoriari begiratzen dionean (1997), Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian (1984), Behi euskaldun baten memoriak (1991), Bi anai (1985), Gizona bere bakardadean, Zeru Horiek (1995), Obabakoak (1998), Soinujolearen semea (2003) eta Zazpi etxe Frantzian (2009) dira esanguratsuenak. Irakurle mota guztientzako obrak egin ditu autore honek.

Baina badago lehen aipatu ez dudan eta Atxagak 1996an kaleratutako liburu bat: Sara izeneko gizona. Narrazio hau Lehenengo Gerra Karlistan kokatzen du eta kontakizuneko protagonista nagusia Martin Saldias da. Hainbat urteko iraupena izan zuen karlisten eta liberalen arteko gerrate honetan, Sara karlisten aldeko espioia da. Gizona izan arren, emakumezko izena erabiltzen du, liberalek etsaitzat har ez dezaten. Bilbotik atera eta Irungo karlisten topagunera joatea izango da bere lehen egitekoa, bidean aurkituko dituen kontrol liberalak ahal dituen moduan saihestuz. Bere helburua liberalek dituzten planen inguruan Tomas Zumalakarregiri informatzea da. Baina han hainbat izango ditu; izan ere, hirira sartu bezain laster, Aranburu tenientearen troparekin liskarra izaten du eta zalantzan jartzen hasten da ea liberalen aldeko traidorerik kanpamenduan ba ote dagoen, Aranburu begiz jota duela. Gainera, liberalen aurkako borroka batean, Martin zauritzen dute eta Aranburu izan delako susmoa hartzen du. Carrasco eta Merino tenientea eta Barrez generala ere izan daitezkeela pentsatzen du. Ikerketa sakon bati ematen dio hasiera orduan, eta pistaz pista traidoreekin topo egin arte ez du atsedenik hartuko. Hainbat gertakizunen ondoren (Aranbururen fusilamendua, Etxarri Aranazko erasoaren huts egitea, Valdivieso tenientearen hilketa…), Barrezek tiro nork egin dion esaten dio eta zelatari liberalak nortzuk diren jakiten dute azkenean. Hau guztia dela eta, bere gogoz gerrara joandako Martin Saldias bilbotarrak, Barrezekin batera, gerratea uztea erabakitzen du eta bere jaioterrira itzultzeari ekiten dio, atzean inoiz ahaztuko ez dituen egun zirraragarri eta, aldi berean, beldurgarriak utziz.

Jarraitu aurretik, liburu hau irakurtzearen zergatia argitu nahi nuke. Arrazoi garbiena hauxe da: akziozko narrazioak oso gustuko ditut. Akziodun nobelak irakurtzea oso interesgarri suertatzen zait; izan ere, mugimendu asko egotea eta ekintza ugari gertatzea gogoko baitut. Gainera, liburu honen hainbat lagunen kritika positiboak entzunda, birritan pentsatu gabe hasi nintzen irakurtzen. Eta lagunek esan bezala, segituan erakarri ninduten Martin Saldiasen abentura historiko eta susmoez betetako gogoetek.

Nire uste apalean, Bernardo Atxagak gure eskura utzi duen historia eta abenturaz betetako liburu hau nahiko erraz irakurtzen da. Badaude hainbat hitz espezifiko, adibidez, gerrateko lanabes eta militarren graduei buruzkoak, baina horiek ez dute eragozten irakurlearen ulermena testuan zehar. Niri, behintzat, ulertu gabeko hitzek ez didate arazorik sortu gertaerak irakurtzean. Bestalde, hasiera zertxobait pisutsua egin zaidala onartu beharra daukat, nahiz eta gerora gehiago erakarri nauen liburuak. Idazleak Martin Saldiasek Irunera iristeko behar duen denbora era luzeegian kontatzen duela iruditzen zait eta, ondorioz, nobelaren haria galtzen ari nintzela pentsatzera ere iritsi naiz. Hala eta guztiz ere, ondorengo gatazka, zurrumurru eta susmoek, bete-betean sarrarazi didate berriz narrazioan. Honenbestez, beste behin, Atxagak bere irakurleei huts egin ez diela argi baino argiago dago, irakurri izan ditudan beste liburuen adinako maila baitu liburu honek ere.

Narrazio literal eta historiko honen egokitasunez aparte, hiru xehetasun izan dira aipagarrien iruditu zaizkidanak. Alde batetik, idazle euskaldunak bere beste obra askotan azaltzen duen barne ahotsa ere agertzen du liburu honetan. Kasu honetan, Arenal Kafeko ugazaba-andrea da bere buru barruan hitz egiten duena, protagonistaren kontzientzia islatzen duena. Beste aldetik, nahiz eta historiako pasarte batean oinarritutako liburua izan, asteasuarrak bilatu du poemak non sartzeko bidea eta kasu honetan, Barrez frantsesaren poesia liburuak betetzen du funtzio hau. Azkenik, ezin da aipatu gabe utzi kapitulu bakoitzaren amaieran epilogo antzeko bat gehitu duela Atxagak. Atal bakoitzaren amaieran, bertan pisu gehien izan duen pertsonaiaren pentsamenduak agertzen ditu euskal idazleak, hala nola, Valdivieso tenienteak pentsatzen duena, Aranbururen gogoetak… Eta, egia esan, narradoreak asmatu du epilogo hauek jartzearekin; izan ere, pertsonaiei buruzko zalantzak argitzeko oso baliagarriak baitira.

Hau guztia dela eta, Bernardo Atxagak 1996an idatzitako narrazio hau, Sara izeneko gizona, irakurtzea gomendatzen diot 16 urtez gorako edonori. Gazteagoei, agian ez, Lehen Gerra Karlistaren ideia orokor bat edukitzea ezinbestekoa delako testuaren nondik norakoa ulertu ahal izateko. Beraz, euskal historia eta akzioa uztartzen dituen narrazio bat bilatzen duen irakurlearentzat, punta-puntako liburua dela pentsatzen dut eta ziur nago gustuko izango duela. Egia esan, ez dago zure gustukoa den liburu bat irakurtzea baina gauza atseginagorik!

Lexikoa lantzeko ariketa

Bernardo Atxagaren denbora-lerroa (Beñat eta Irune)

Comments { 1 }

Zazpi etxe Frantzian – Bernardo Atxaga

Atxaga euskaljakintzarekinBernardo Atxaga goitizenez ezaguna den Joseba Irazu 1951ko uztailaren 27an jaio zen, Asteasun. Haurtzaroa bertan eta nerabezaroa Andoainen igaro ondoren, Bilbora joan zen Ekonomia Zientziak ikastera. Idazteko zaletasuna gaztetatik izan duen zerbait da, eta ikasle zela argitaratu zen bere lehen lana, Borobila eta puntua. Geroago, lana eta idazketa uztartu behar izan zituen, eta horrela jaio ziren Ziutateaz nobela (1976) eta Etiopia poema sorta (1978). Urte batzuk behar izan zituen idaztera mugatzeko erabakia hartzeko, tartean hainbat lanbidetan aritu zelarik (euskara irakasle, irratiko gidoilari, liburu-saltzaile, ekonomialari…). Behin idazle profesional izatea erabakirik, 80ko hamarkadan, Bartzelonara joan zen filosofia ikasketak burutzera. Garai hartan aipatu zuen lehenengoz Obaba, Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena izeneko liburuan. Atxagaren izena mundura zabaldu zuen lana, ordea, Obabakoak izan zen, 1989an Espaniako Narratiba Sari Nazionala irabazteari esker izandako oihartzunagatik. Luze erabili zuen Obaba, nola zuzenean hala zeharka, harik eta, 2003an, Soinujolearen semearekin agur esan zion arte. Honela, egun duen arrakastaren iturburua itxi eta proiektu berrietan murgildu zen.

Euskaltzaindian sartzeko eskabidea onartu zuen batetik. 2007ko martxoaren 31n eman zion hasiera Euskaltzain ibilbideari Antzarak, zenbakiak eta letak sarrerarekin. Ordutik, egin duen lan aipagarriena plazaratu berri den Erlea aldizkaria izan da, honen zuzentze lanetan arituz.

Bestetik, bere bizitzan tarte bat hartu eta Renora joan zen. Han urtebete igaro ondoren, bere azken nobela ekarri digu, Zazpi etxe Frantzian. Nobela argitaratu bezain laster idatzi ziren kritikek bultzatu ninduten, gehienbat, liburu hau irakurtzera. Aldaketa hitzak entzutea hartu zuen urtea izan zen, inondik ere, iazkoa, eta Atxagari ere ezarri zioten. Aldaketa lehen pertsonan ikusi nahi izan nuen, norainokoa izan den behatu, eta horrexegatik aukeratu nuen liburua, hasieran beldur izpi batez, baina gogo handiz beti ere. Ez zait damutu. Atxagaren estiloa gustatzen zaion edonori gomendatzeko moduko liburua iruditzen zait.

Zazpi etxe Frantzian 1903ko Kongo Belgikarrean kokatzen da, Yangambi eta Kisangani artean, hain zuzen, noizbehinka oihana tartekatuz, Force Publique postu militarrean gehienetan. Belgikako Leopoldo II.aren garaia hoztasunez deskribatzen du idazleak; horretarako, militarren, mertzenarioen, arteko harremanak gordin deskribatuz. Lalande Biran bera baino protagonistagoa da iruzurra; engainua eta desengainua, maltzurkeria, bekaizkeria, azpijokoa, basakeria…

Chrysostome Liège nekazariaz baliatzen da idazlea irakurlea testuinguruan kokatzeko. Afrikako bihotzera iritsi berri den gizonarekin halakotour bat egiten du Atxagak, zeina ez den Yangambi erakustera soilik mugatzen, pertsonaiak ere sakonki erakusten ditu. Behin Chrysostome istorioan kokatuta, Lalande Biran kapitaina bihurtzen da arreta gune.

Idazlea maisuki zedarritzen da pertsonaia bakoitzaren izaeran, eta kontakizuna garatzen doan heinean ematen dituen zertzeladekin, emeki-emeki, hauek iluntzen doa, elkarrenganako tratua izugarri gaiztotzeraino. Pertsonaia aipagarrienak ondorengoak direla esango nuke:

  • Lalande Biran: Force Publiqueko militar burua da, kapitaina. Ankerra da oso militarren gehiengoarekin; ankerra baino gehiago, hotza. Gizon sentibera da, alabaina, sentibera eta jantzia. Latina menperatzen du eta poesia gogoko du oso. Europan zuen dirua jokoan galdu izanagatik sartu zen mertzenario, eta hori du Yangambin izatearen arrazoi nagusi. Emaztearen eskari ekonomikoak ase eta Europara itzultzeko borondatea azaltzen du etengabe, horretarako erregeari iruzurtxoak egingo badizkio ere. Botere nahia eta indarrak itsutzen dute bai bera, baita Van Thiegel tenientea ere.
  • Vant Thiegel: Lalande Biranen bigarrena (honek “Cocó” deitzen dio), tenientea. Gorpuzkera aldetik handia da, sendoa, eta horrek lan astun guztiak bere gain hartzera ahalbidetzen du. Baina bere gorputza handia bada, handiagoa da bere bekaizkeria. Gertakariak jazotzean hauek eragingo dituzten ondorioak bitan banatzeko eta atalez atal aztertzeko joera du. Sentimendu ez oso garbiak adierazten ditu maiz, joera horrekin irudimenezko pertsonaia errealitatera izugarri hurbilduz.
  • Chrysostome: Yangambira azken iritsi den gizona da, nekazari gaztea, tiratzaile ezin hobea, Force Publiqueko militarren artean gorrotatuena. Apika, gehienetan askatuta daramatzan alkandoraren botoiek agerian uzten dituzten zinta urdin eta urrezko katea izango dira eragile. Edonola ere, Lalande Biranek onartu eta errespetatu egiten du Liège. Ez da batere hiztuna, eta bere izaeran gailentzen den isiltasun horrek hotz bihurtzen du, hotz bezain zuhur. Gainontzekoek ez bezala, ez du desio sexuala oihaneko emakumeekin bortizki asetzen. Horrek bere sexualitatea zalantzan jartzera bultzatzen ditu asko eta asko; maxa, hots, homosexuala dela aditzera emanez.

Pertsonaien arteko harremanak zurrumurru, gezur eta espekulazioetan oinarritzen dira, besteak beste. Hona hemen hori ikusten den liburuko pasarte bat:

Van Thiegel berandu arte gelditu zen klubean, eta mahaitik altxatu zenerako piztuta zegoen Yangambiko zurrumurru berria, elefante ehiza muin zuena, eta kartutxo kopurua espekulazio-iturri. Ehiztariek 200 eramango zituztela esan zen aurrena, ondoren 350 izango ote ziren, edo 500… Pasa zen egun bat, eta, loditzen joandako orea bezela irudipenak gorputza hartu zuen: 400 kartutxo izango ziren. Beste egun bat, eta 400 kartutxo haien banaketa ere erabakita gelditu zen: Lalande Biran kapitainak, 200; Chrysostomek, 100; kapelu-gorria bakoitzak, 10.

Hirugarren egunean, Lalande Biran, Chrysostome, gastadoreak, kapelu-gorriak eta garraiolariak partitu zirenean, zurrumurrua oso gaiztotuta zegoen Yangambiko ofizialen artean. Kapitainarena ulertzen zuten; kapelu-gorriena ere bai, zeren ehizera zihoazen, eta ohizko bi kartutxoak baino zerbait gehiago behar zuten; baina Chrysostomek 100 izatea ezin zuten eraman. Hain tiratzaile ona izanda, 20 kartutxo ez al zituen nahikoak 10 elefante botatzeko.

Betiko legez, errekurtso literario bat baino gehiago aurki dezakegu Atxagaren lan honetan. Hona hemen liburuko pasartetxo batzuk, zeinetan estilo baliabideak agertzen diren:

  • Metaforak

Sentimendu hura ere barru-barrutik ezagutzen zuen. Arratsalde askotan, eta gau batzuetan ere bai, ametsetan, saguzarrak ikusten zituen plazako palmondoaren inguruan jiraka. Zalantzarik gabe, haietako bat Esperantza zen.

Benetakoa izan zen damua, eta agian horregatik Donatieni argitu egin zitzaion bat-batean burua, eta salbazio bide bat ikusi zuen; bidezidor bat oihan zabartsuan, argi bat iluntasunean, metafora bikoitz batekin esatearren.

  • Pertsonifikazioa

Edaria bukatu zuen, eta ibaira begira gelditu zen, zigarroari arestian baino atxiki luzexeagoak emanez. Ura kizkurtu egiten zen toki batzuetan, bere mugimendua etengabea zen. Biltegiaren pareko portutxoan, kanoek jauzi egiten zuten uretan. Aitzitik, oihana geldi-geldirik zegoen, pintura batean bezala.

  • Zertzeladatxoak

Gelditu eta arnasa hartu zuen. Ederra zen kaobaren usaina; ederra zen bere kolore hura, arrosa gehienetan, baina baita gorria ere zuhaitz lodienen enbor muinetan. Egur onuragarria, kaoba. Pentsamendu goibelak uxatzen laguntzen zuen.

  • Konparazioa

Bere heriotza gogoan, Donatienek zintzurraren taupadak sentitu zituen bihotza haraino igo balitzaio bezala, eta bere buruari errepikatu zion Lalande Biranek ez zuela halakorik egingo, sei urte zirela elkarrekin, sei urte laguntzaile leial bezala. Baina ez zuen bere burua lasaitzea lortu. Berak bazekien zer izaera zuen kapitainak, halakoxea baitzen bere beste anaia bat, zaharrena. Ez tximu amorratu bat bezalakoa, labana atera eta konturatzerako sastakada bat ematen zuena, baizik eta beste mota bateko hiltzailea, krokodiloaren familiakoa-edo, ibaiaren txoko batean zain egoten zekiena harik eta minik handiena egiteko unea iritsi arte.

  • Beste hizkuntza batzuen presentzia:

. Frantsesa
Hitz solteak, esamoldeak eta esaldi luzeak nahasten ditu idazleak.

Essaie-toi même, mon cher” Saia zaitez, laztana eskatzen zion Christinek, Saint-Jean-Cap-Ferrateko etxea gogoan.

Donatien pertsonaiaren hitzak jateko joera erakusteko ere erabiltzen du frantsesa.

-Gaur osteguna da, kapitaina. Neskatilla paillotean daukat-esan zuen Donatienek azkenean, hitzak inoiz baino gehiago janez:”Jourduijeudicaptainelafilleaupailotte.

. Latina:
Tarteka esamoldeak sartzen ditu, zitak, baina ezin dira esamolde frantsesen maiztasunarekin alderatu:

Van Thiegel alboan eseri zitzaion, zabalik izterrak. Hasperen egin zuen.

-Niri ere idatzi didate- esan zuen, Force Publiqueko Burugintzaren gutuna ikustean-. Nola esaten duzu, ba zerbait bukatu dela latinez?

-Finis coronat opus.

Errekurtsoak alde batera, oraingoan umore beltzaz ere baliatu da gizarteari kritika moduko bat egiteko. Estiloan nabaritu dut nik aldaketa handiena, Obabakoak eta Soinujolearen Semearekin alderatuz zuzenagoa baita kontaketa, biziagoa. Ekintzen maiztasuna handiagoa da, bai, baina ez dio horregatik pertsonaien pentsamendu konplexuak ondo zehazteari muzin egiten, gogoeta eta hausnarketek toki esanguratsua dute; azken batean, hori baita Atxagaren partikulartasuna, zertzelada txikiena ere handi egitea. Horretan da maisu, eta horregatik, ekintzak garatzen doan heinean pentsamenduak garatzeagatik, errealismoa ematen dio nobelari, erabateko errealismoa.

Idazleak fikzioan duela ehun urteko bizimodura bagaramatza ere, gertaera horien oinarrian dagoena oraingoxea izan daiteke zuzen-zuzen. Ez hori bakarrik, idazterakoan Atxagak egungoa izan duela buruan esatera ausartuko nintzateke; izan ere, gertakari puztuen oinarrian, gure gizartea menderatzen duen aseezintasuna da nagusi. Beteezintasun horrek ematen dio narrazioari zentzu borobila nolabait esateko, Lalande Biran kapitainaren emaztearen asegaiztasunak. Asegaiztasun horren presentzia sumatzearekin batera, Christinek -karta bidez baino ezagutzen ez denak-, Paristik, sei etxe gutxi bailiran, zazpigarrena eskatzen dionean hasten dira interesak gainontzekoa gailentzen. Iruzurra bizilegetzat onartzen da, pertsonaien alderdi ilunena azaltzen, azken batean, “Cui finis est licitus, etiam media sunt licita”.

BIBLIOGRAFIA

Atxagaren denbora-lerroa (Irune eta Beñat)

Comments { 1 }

Bernardo Atxaga: “Ez goaz argirantz, ilunak bultzatzen gaitu” (II)

atxaga_irakurtzen2007ko martxoaren 31n sartu zinen Euskaltzaindian. Zer sentitu zenuen momentu hartan?
Zer sentitu nuen? Begira, ezaugarri bat nire bizitzan, ez nahita hartu izandakoa, hola etorri dena, Txirritak baleari buruz esaten duena izan da: “Nahiago du apartean”. Beti suertatu naiz apartean. Ez dut izan talde berezirik, ez naiz behin ere talde batekoa izan. Egon naiz, lagun izan naiz; baina talde batekoa behin ere ez, ez talde politiko batekoa, ez txoko batekoa… Ez dakit, beti pixka bat apartean ibili naiz, lagun gutxi batzuekin eta apartean. Eta, badakizu, urteak aurrera, halako batean, talde batekoa sentitzeko gogoa daukazu, nonbaitekoa. Hori ere uste dut humanoa dela. Euskaltzaindia, lehenengoz, orain dela 7-8 urte proposatu zidaten. Artean ez neukan oso argi. Orain dela 3-4 urte berriz eskaini zidatenean, baietz esan nuen. Halako adiskidetzea sentitu nuen. Ez dut esango mendian aparte zebilena etorri denik, baina adiskidetze bat izan da, Euskal Herriaren mundu batekin adiskidetzea. Nik oso serio hartu nuen, eta uste dut oso serio prestatu nuela hitzaldi sarrera. Orain, aldizkari bat atera dut Euskaltzaindiaren babesarekin, kulturala eta anbizio handia daukana.

Erleaz ari zara noski. Joan den astean izan ginen Donostian Euskaltzaindiaren 90. urteurreneko emanaldian. Euskaltzaindiak erlearekin euskal literaturan parte hartzea al du helburu, zuzenean parte hartzea?
Denbora baino lehenago erlojua izan zen, e! Alegia, euskal literatura, denbora, ibaia… abstrakzioak dira. Ez duzu zehazki bat izendatzen; ez dakizu ondo zer izendatzen duzun. Hitz egiterakoan, edo pentsatzerakoan, nik nahiago dut esatea Oria, edo Certina bat, edo euskal irakurleak. Euskal irakurleei buruz badut halako ideia zehatzago bat, baina oraindik ez dakit ondo zer den euskal literatura. Definizio arruntak ezagutzen ditut, baina euskal irakurleek zehaztasun bat dute. Horregatik jarri nuen, hain zehatz, mila eta zazpiehunen aldizkaria. Nik mila eta zazpiehuneko talde bat irudikatzen dut, eta badakit, nire esperientziagatik eta munduan barrena asko ibilia naizelako, mila eta zazpiehun pertsonak osa dezaketela horrelako talde bat. Zer osatzen du, azken batean, literaturak? Bada, halako hizketaldi bat, halako giro bat. Valentziako lagun batek euskal kanta baten azterketa bat bidali dit, Aireplanoa erori da Altsasuan. Lagun hori eta biok elkarrizketan ari gara gure gaiez: “Begira kanta hau nola sortu zen eta ez dakit zer”. Hori da, azken batean, gizarte bat sortzea. Stephen Spender idazleak “a world into a world” esango luke, mundu bat mundu baten barruan. Bizitzaren sekretuetako bat mundu zabalean mundu bat egiten jakitea da. Nik hori egin nahi dut aldizkariarekin, eta mila eta zazpiehun horien minimoa, behintzat, badudala uste dut. Elkarrizketa bat sortu nahi dut. Aurrena, Far Westa sartuko dut. Gero, Koldo Izagirrek bere poema sartu eta nola egin zuen azalduko du. Kirmen Uribek ere gauza bera egingo du. Kritiko batzuek liburu batzuez hitz egingo dute… Horrela, elkarrizketa bat bideratzen da. Bigarren alea jada badoa. Etengabe ari naiz orain Irlandako jendearekin. Bigarrenean, Irlandako poemak eta argitaratuko ditugu; Irlandarekin halako lotura bat sortuko dugu. Anbizio handia daukat, aldizkaria aitzakia hartuta, elkarrizketa antola dezakedala ikusten dudalako. Baina ez elkarrizketa hutsa; elkarrizketa osoa antola dezaket irakurketa, hitzaldi eta abarren bitartez: erle hitzaldiak, erle irakurketak… Ezin dizut esplikatu nola, baina bereziak izango dira.
Horrekin ari naiz orain, eta horretarako dirua behar dut. Dirua lortzea zaila da. 8-10 egun badira erakunde bati, erakunde pribatu bati, diru bat eskatu nionetik. Ez dut erantzunik jaso. Nik inon irakurtzen badut: “Euskaldun herria zein ondo, eta euskal kultura zein interesgarria!” Hurrengo egunean, gutuna bidaltzen diot esanez: “Zeinen ondo zure maitasun hori, zeinen ondo datorkidan. Begira, Bibliak maitasuna obra baten bitartez, ekintza baten bidez, mamitzen dela esaten du; beraz, guk hau dugu”. Normalean, maitasun horiek oso epelak izaten dira. Oraindik ez dut diru aldetik inolako erantzunik jaso ordenagailu honetan!

ANTZARAK, ZENBAKIAK ETA LETRAK. Sarrera horrekin eman zenion hasiera Euskaltzain ibilbideari. Transfigurazioa aipatu zenuen bertan, transfigurazioa eta sentsibilitatea. Munduan sentiberatasun eza nagusi dela uste duzu?
Bernardo Atxaga elkarrizketan zeharUste dut kultura zentzu hertsian ere sentiberatasun bat dela. Hor prozesu bat dago: kulturak ahuldu egiten gaitu; baina, era berean, aberastu. Gutxi sentitzen duen jendea, normalean, oso jende baldarra da. Hori oso ondo esaten zuen idazle batek: “Ezagutu ditudan hiltzaile krudel guztiak gaiztoak baino gehiago ergelak ziren, estupidoak”. Lotura zuzena dago kultura eta sentiberatasunaren artean, lotura handia. Halere, ez da inolako bermea. Bueno, agian bermea bada, baina ez da panazea bat: 100 liburu irakurri eta hortik aurrera izango zara, edo ez. Hori bai, laguntza izugarria da. Gizarte batek kultura bat baldin badu, seguru dela sentsibilitate handikoa. Denean antzemango diozu: bere gogoa izango du, bere nahia musika batzuekiko, pinturarekiko, naturarekiko. Naturarekiko sentsibilitate hori sorketa erabat kulturala da. XIX. mendean literaturak eta pinturak egin zuten lana da; eta orain, sentsibilitate horren bitartez, guk natura ikusi eta eder iruditzen zaigu.
Gogoratzen naiz Obabakoak idaztera Villamedianara joan nintzenean, Gaztelara, esan niola hango gizon bati: “Pena da etxeek ia ez daukatelako leihorik”. “Eta zertarako behar dituzu leihoak?” galdetu zidan hark. “Bada, paisaia ikusteko”, “bai?”, eta begiratu zidan esanez bezala, “ze pertsona arraroa etorri den herri honetara”. “Paisaia ikusteko kalera atera, nahi duzun guztia daukazu eta!”. Hari norbait leihoan ilargia mendi gainean kontenplatzen egotea absurdoa iruditzen zitzaion, lan hori bere barruan egin gabe zeukan.

Euskaltzaindiaren 90. Urteurrena ospatzeko Paradisua, katuak eta abar idatzi zenuen. Bertan ehun metro karratuan bizitzea bazegoela esan zenuen, baina mundu zabalago bat ere bazegoela. Ehun metro karratu horiek al dira Euskal Herria?
Ez, Euskal Herria sentiberatasun bat da. Ideiek -bai lekuei buruz, bai pertsonei buruz, bai edozeri buruz- normalean zabaldu egiten dute errealitate hori, ala jibarizatu egiten dute, gero eta txikiagoa bihurtu.
Joan den mendean, diktaduragatik eta diktadura horrek eragin zituen ideologia sinpleengatik, jendeak Euskal Herriaz ideia jibarizatua dauka. Ez du ulertzen zein handi izan daitekeen, nahiz geografikoki txikia izan. Ez dauka horri buruzko poetikarik, eta berriro ere goaz sentiberatasunera. Adibide oso sinple bat jarriz, urre pipita bat. Zuk ez duzu urre pipita bat ikusi ere egingo ez badaukazu horren ideia bat, beste harri koskor bat irudituko zaizu, kolore batekoa ala bestekoa… Zuk gauzei balioa emateko, ideia osatu bat eduki behar duzu; ideia bat, sentiberatasun bat, eta abar. Euskal Herriari buruz, euskaldunak oso-oso ideia jibarizatzailea dauka, ez du ulertzen bere errealitatea. Askotan, euskalduna da turistarik okerrena Euskal Herrian, Euskal Herria bi gauzatxo direla iruditzen zaio.
Gazteei iruditzen zaie euskalduna izatea -eta errespetu osoz esaten dut, zeren asko gustatzen zait- La polla Records entzutea dela, La Polla Records edo beste bat. Bada, baina ez da. Mundua zabala da, handia da; esango nuke infinitua dela, eta hau ere bai. Ikasi egin behar da ulertzen zergatik den infinitua. Modu fisikoan Euskal Herria txikia da? Nondik heltzen zaion. Hemen adina mikroklima ez dago Europa osoan: hemengo ia siberiarra, Gernika inguruko subtropikala… Mila paisaia desberdin daude. Poetika bat behar da hori ulertzeko. Euskal Herria ez da txikia, Euskal Herria txiki ikusten duenak berak dauka buru txikia. Pio Barojak“txapel-txiki” esango lioke, ez “txapel handi”. Hemen, hobe da txapel handia izatea, baita Euskal Herriari buruz ere.

Atxaga eta Irune

Zer-nolako etorkizuna aurreikusten diozu euskarari?
Nik uste dut gutxiengo guztiek etorkizun iluna daukatela. Hori hala da, hori ukatzea ez da oso errealista. Etorkizuna zaila da, baina agian hemen ere, HomerokOdisea idatzi zuenean bezala, gauza bera ikasi beharko dugu: garrantzizkoa bidaia da, guk zer egiten dugun gure egoeran eta guk nola ikasten dugun bizitzen, bizitza nola antolatzen dugun. Egoera zail baten aurrean, zuk bizitza bat egin dezakezu. Hau, agian, astakeria bat esatea da jende askorentzat. Hemengo egoera zaila da; baina metafisikoa da zaila, ez fisikoa. Azken batean, hizkuntzak izugarrizko garrantzia dauka edo izan dezake; bai, baina ogiak gehiago. Hemen, plano askotan ematen da bizitzaren hori, paradisu izan edo ez izan, eta nola egin bizitza. Nik ez dut uste plano metafisikoan zailtasun honek guri galerarik ekartzen digunik; inola ere, kontrakoa iruditzen zait, indartu egiten du gure izpiritua. Gainera, beste hizkuntzak ere hitz egiten ditugu. Beraz, beste planoak – ogiarenak, ekonomikoak…- ondo joaten baldin badira, orduan metafisikoak, hizkuntzarenak, ez gaitu sobera estutuko. Biziko gara ahal dugun bezala, eta gero-gerokoak.

Zenbakiak eta letrak gogoko dituzu oso. Nondik zaletasun hori?
Ez dakit, zenbakiak ideia poetiko bat dira. Ez dakit nondik datorkidan, baina hain urruti ere ez daude biak. Begira, kontatu, izan daiteke zenbakiekin eta hitzekin, gauza bera da. Nik sinesten dut literaturan. Literatura, batez ere, testu bati forma bat asmatzea da. Testuak testu dira forma bat dutelako. Forma hori ez dator zerutik, forma egin egiten duzu, osatu egiten duzu. Formaren azpian beti dago matematika bat, ez dut esaten formula bat -batzuetan formula hutsa da-, baina badago beti zerbait funtsezkoa dena. Eta hau da sekretu bat esaten dizuedana, eta da nik ikasi dudan gauzarik inportanteena nire bizitzan. Hauxe da, benetan esaten dizuet. Ez dut esaten broman. Gure bizitzan funtsezkoa erritmoa da, erritmoa da on guztien ama. Horregatik, guk nahi gabe erritmo sinpleenarekin daukagu halako atsegina. Hori nik neronek asmatu izan banu ondo, baina hori behin Platoni buruzko azterketa batean irakurri nuen. Esaten zuen: “Bide batez esanda, erritmoa da gauza atsegin eta on guztien oinarrian dagoen ezaugarria”. “Zer egia den!” pentsatu nuen. Zenbakiak… hori dena erritmoarekin lotuta dago.

Alphabetum enxiempla estiloaz baliatu zinen Groenlandiako lezioa idazteko. Zure bizitza Atik Zra azaltzen duela esan zenuen behinola. Oraintxe bertan, zein hizkitan kokatuko zenuke zeure burua?
Beldurra ematen dit. Atik begiratzen dudanean, ez dut ikusten non nagoen. Horrek Ztik gertuago nagoela esan nahi du, ezta? Ez dakit, burua ez da aldatzen. Batzuetan pentsatzen jarri eta ez dut nik adinaren zentzurik, inola ere. Baina, hain zuzen, alfabetoak bere erritmoa darama, eta zuk ikusten duzu Q, R… hortik aurrera egongo zarela; hor nonbait, gorputza behintzat. Nik buruan ez dut, egia esan, inolako aldaketarik ikusten. Zeinen berezia den irudipen hori, ezta? Zuek ere, igual, pentsatzen jarriko zarete hemendik hogeita hamar urtera eta esango duzue: “Ui! Ikastetxeko hura da”. Eta opariakbilduko zarete ikastetxeko jendearekin eta han bezalaxe hitz egingo duzue. Halaxe da. Buruak ez du denbora asko, halako denbora estatiko bat dauka, eta hortxe geratzen da. Gero, gorputzak badu, gorputzak badu denbora.

Erlea duzu orain eskuartean, beste proiekturik?
Aurrena pentsatu nuen Nevadako egunak izeneko liburua egitea, baina, lehengoan ikusi zenuten bezala, poemak eta egiten ditut. Egia esan, poemak ondo doazkit. Poema pila bat argitaratzen ari naiz leku guztietan, mundu guztian. Nahi nuen halako bigarren poema liburu bat egin, baina orain bi proiektu horiek batu egin zaizkit. Ez dakit zer aterako den; egia esaten dizut. Ikusi zenuen lehengo egunean ere, halako erokeria bat kontatzen hasten naiz Arantzazun; eta gero, bat-batean, poemak sartzen dira eta relato bat sartzen da. Hementxe ari naiz, eta hementxe dauzkat orain hartuta. Momentu oso polita da, zeren orain da liburua ikusten duzun unea. Oraingoz, bigarren poema liburu bat da. Igual, gero, irekiko duzu liburua eta ez duzu poemarik ikusiko, dena izango da prosa… Ez dakit, hori da nire proiektu sendoa.

Berrogeita bost minutu eskaini zizkigun euskal kultura munduan zehar hedatzen lagundu duen idazle, euskaltzain, irakasle, filosofo eta ekonomialariak. Gainera, arestian irakurri duzuen bezala, abegikor zabaldu zizkigun bere etxeko ateak. Izugarrizko gertutasuna azaldu zigun hasiera-hasieratik eta hiru liburu ere oparitu zizkigun: Lekuak, Esos Cielos eta Fontainebleau Hotel, Miami. Pozez zoratzen itzuli ginen Ordiziara, lanak ondo egin genituen ustearekin behintzat. Maiterengana joan ginen zuzen-zuzenean, eta zehaztasun osoz eman genion bizi izandakoaren berri. Irakasleak ez zuen bere poza adierazteko zalantza izpirik izan, guretzat ohore handia izan baita Atxagak maixuak bere jakituria gurekin partekatzea. Milioi bat esker, Joseba, denagatik! Euskaljakintzakook onena opa dizugu bihotzez!

Jakin-minez geratu bazara, jo ondorengoetara:

Elkarrizketaren 1. zatia irakurtzeko:

Comments { 6 }
-->