Tag Archives | batxilergoa

Batxilergoaren 3. urtea eta erreforma irakaskuntzan

Duela hilabete batzuk egin ziren hauteskunde orokorretan garaile izan zen PPko presidenteak, Mariano Rajoyk, hainbat berrikuntza eta iradokizun proposatu ditu gobernuko presidente kargua lortu ondoren. Eraberritze guztien artean gehienak ekonomian dute beraien lekua, jakina baita gaur egun Espainiak duen egoera larria. Argi dago krisi egoera honetatik ateratzeak lehentasuna duela beste ildo guztien gainetik. Aurkeztu dituen berrikuntza guztiak kontuan hartuta, 16.500 milioi euro murriztu nahi ditu egoera hau hobetzeko, eta berrikuntza horien artean eztabaida gehiena sorrarazi duena batxilergoko ikasketen urte bateko luzapena izan da. Bere ustean, eraberritze honek unibertsitarioen prestakuntza hobetuko luke eta, horrekin batera, baita Espainiako maila kulturala ere, onartezinak baitira eskola baztertzen dutenen tasa (%30 inguru) eta nazioarteko adimen probetan ateratako emaitza kaskarrak.

Lehenengo aldiz entzuten dugu batxilergoaren moldaketa hau. Ez da inoiz horrelako gauzarik planteatu; halere, esan beharra dago Espainia dela Europako herrialde guztietatik bakarrenetakoa batxilergo sistema hau ez duena. Albiste honek dioenez, gaur egun, Espainia, Malta, Eskozia, Lituania eta Holanda dira herrialde horiek. Gainera, Europa osoan batxilergo mota ezberdinak irakasten dira multzo ezberdinetan banaturik, batxilergoaren iraupenaren eta hasieraren arabera. Lehenengo multzo handian, hiru urteko batxilergoa irakasten dutenak daude, bi azpimultzotan banaturik: 15-18 urte bitartekoa (Frantzia, Grezia, Irlanda eta Portugal), eta 16-19 urte bitartekoa (Finlandia, Danimarka, Suedia, Norvegia, Polonia, Errumania, Letonia, Estonia eta Zipre). Bigarren multzoan, lehen aipaturiko bi urteko batxilergoa duten herrialdeak daude, 16-18 urte bitartean: Espainia, Malta, Eskozia, Lituania eta Holanda. Hirugarrenean, lau urteko batxilergoa dutenak, 14-18 bitartean: Austria, Belgika, Txekiar Errepublika, Hungaria, Luxenburgo, Liechtenstein, Eslovakia eta Islandia. Laugarrena, azkenik, Bulgaria eta Italiak osatzen dute, bost urtez osaturiko batxilergoak ere irakasten dituzte, 14 eta 19 urte bitartean.

Argi dago Espainiak aldaketa nahi duela baina oraindik ez du zehaztu aurretik aipaturiko zein mota aplikatu behar duen. Hori gauza konplexua da, gauza asko hartu behar direlako kontuan, krisi egoera batik bat, irakaskuntzan urte bat gehiago ipintzeak edo zerbait moldatzeak beti gastu ekonomikoa baitakar. Diru kontu hauek alde batera utzita, nire ustez, batxilergo motarik onena lehenengo multzoko lehen azpimultzokoa da, hau da, Frantzian, Grezian, Irlandan eta Portugalen irakasten dutena, 15 urtetik 18ra. Izan ere, lehenago hasten dira gauza serioagoak egiten eta bakoitzak bere erantzukizuna hartzen. Gauzak horrela, prestatuago iristen zara 18 urterekin unibertsitatera eta, ondorioz, trebatuago sartzen zara lan mundura.

Hori guztia gutxi balitz, moldaketak ekarri nahi ditu Rajoyren gobernu berriak irakaskuntzara. Batxilergoa berritzeaz gainera, irakaskuntzan aldaketak ekarri nahi ditu eskola baztertzen dutenen tasa jaisteko asmoz. Horrela, tasa hau jaistearekin batera, ikasleei ikastea atseginago bihurtzea izango litzateke helburuetako bat. Bestalde, helburu garrantzitsuenetariko batzuk dira Espainiako kultura maila hobetzea, eta, unibertsitateei dagokienez, lehiakortasuna erdiestea, ez baitago Espainiako unibertsitaterik munduko lehen 50 onenen artean. Ondorioz, Espainiak itzal luzea izango luke irakaskuntzaren alorrean, eta hori oso onuragarria izango litzateke ikasleentzat ere, horrela gogo eta lehiakortasun gehiagorekin jardungo baitzuten berain ikasketetan.

Horretaz aparte, Espainiako kultura maila hobetzeko asmoz, barruan oso gauza lagungarria izango dena bultzatu nahi du PPko presidenteak: ingelesa. Ikasketa elebidunak bultzatu nahi ditu Espainiako eskola guztietan, eta hizkuntza koofiziala duten eskoletan, hirueledun ikasketak. Kontuan hartzen ditu teknologia berriak ere, oso baliagarriak hezkuntzaren barruan bai ikasle eta bai irakasleentzat.

Espainiako gobernu buruak esaten duenaren inguruan ere esan beharra dago ez dagoela guztiz zuzen edo, hobeto esanda, errealistagoa izan behar duela. Bere hitzek hau diote : “Es preciso desarrollar en los alumnos los valores del esfuerzo, el gusto por aprender, el espíritu emprendedor, la exigencia y la responsabilidad personales“. Egia da hainbat ikaslek kasu egin diezaiokeela; halere, nire ikasle ikuspuntutik esan behar dut beste multzo handi batek ez diola jaramonik egin behar baloreen, esfortzuaren eta exijentziaren kontu honi. Beti egongo da ikasle multzoren bat lan gutxi egiten duena eta beraien ikasketak lan askorik egin gabe pasatu nahi dituztenak. Beraz, alde batetik ongi dago hori sustatzea, baina errealistagoa izan behar da.”

Dena laburbilduz, esateko dudan gauza bakarra zera da: batxilergoaren iraupena luzatzeko asmo hau oso ona izan daiteke etorkizunerako, 15-18 urte bitarteko batxilergoaz ari naiz. Ahal den azkarren jartzea gomendatuko nuke, egoera ekonomikoa kontuan hartuta eta ipini behar diren berrikuntzak ere zehaztuta, noski. Beraz, gobernuaren eskuetan dago hau martxan ipintzea, behingoz kultura mailari bultzada handi bat emateko, eta etorkizuneko ikasleei ahalik eta aukera eta erraztasun gehien ipintzeko.

Gaiaren inguruko bideo bat ikusi nahi baduzue, hementxe uzten dizuet Mariano Rajoyk egindako diskurtso bat:

Comments { 0 }
-->