Tag Archives | birziklatze

Gai ote gara plastikozko poltsak gure artetik desagerrarazteko?

Nori ez zaio gustatzen, goizean goiz altxatu berri zarenean, kafetxoarekin batera irratian eguneko berriak entzutea? Lehengo batean, erdi lo nengoela, bat-batean agertu zen albiste batek nire arreta piztu zuen: Estatu espainola omen da Europako plastiko-ekoizle nagusiena. Baina nork ez du entzun bere inguruan poltsa hauek desagertzear zeudela supermerkatuetatik?

Tamalgarria iruditzen zait, gaur egun Ingurugiroko Progamek egin dituzten ikerketa guztien ondoren, gure jarrera poltsak eta poltsak botatzearena izatea. Lehenik eta behin, ezer esan aurretik, datu harrigarri bat eman nahi nuke: biztanle bakoitzak urtero erabiltzen dituen plastikozko poltsen kopurua 97.000 tonakoa da guztira. Ez zaizue gehiegi iruditzen? Gainera kopuru honetatik %10 baino ez da birziklatzen.

Egun, kaleetan barrena zoazela, edozein txokotan aurkitzen dira kolore ezberdinak dituzten kontenedoreak. Denok dakigun bezala, hauetako bakoitzak erabilera ezberdina du. Zaila egiten zait ulertzea nola poltsa askok kaleetan zehar bukatzen duten euren ibilbidea. Izan ere, zenbat aldiz bota dugu txikle edo pipa zorrotxo bat lurrera? Halere, hau ez da gertatzen beste irtenbiderik ez dagoelako, poltsa hauek kutsa dezaketen guztiaz jabetzen ez garelako baizik. Gainera, herritarren artean egindako inkestek azaltzen dutenaren arabera, %74k baiezkoa eman dio merkatal zentruetan dauden dohaineko poltsak kentzeari. Beraz, zer gertatzen ari da? Egia da erabaki honek 10.000 lanpostu kolokan jarriko lituzkeela, baina helburua ez da poltsa hauek guztiz desagertzearena, hauen erabilera egokia izatea baizik. Bestalde, talde ekologistek ondorengo aholkuak askotan helarazi dizkigute: poltsak berrerabili, erosketetarako paperezko edo oihalezko poltsak eraman, erosketa-karroak etxeraino eramateko aukera… Ezjakintasuna ez da etorriko behin baino gehiagotan entzun ez ditugulako aholku hauek!

Azkenaldi honetan erabiltzen ari den metodo bakarra lehen dohain ziren poltsa hauek ordaintzearena da. Hiru zentimo kobratzen dute poltsa bakoitzeko, baina hau ote da irtenbiderik egokiena? Erosketak egitera joaten naizen bakoitzeko, jendea plastikozko poltsa hauek eskuratzeko ordaintzen ikusten dut, eta honek horrela izaten jarraitu behar duela uste dut. Baina ba al dakigu gure ingurugiroa kutsatzeaz gain, itsasoko zenbait espezie arriskuan daudela, itsas-dordoka eta baleak esate baterako? Gehienetan zabor hauek guztiak itsasoan bukatzen dute, inguruko fauna eta floran eragin handia izanik.

Nire ustez, arduragabetasun honetaz jabetzea litzateke lehendabiziko pausoa. Plastikozko poltsa hauek erabili eta botatzeagatik isunak jarri beharko liratekeela pentsatzen dut eta planteamendu honekin natorkizue. Zer iruditzen zaizue? Agian, modu honetara, plastikozko poltsen gai honek ez luke kezka handirik sortuko etorkizunari begira.

Comments { 2 }
-->