Gaur egunean, gauza asko eta asko dira ahoz aho dabiltzan gaiak eta, nola ez bada, horietako bat pirateria izango dugu. Askok legezkoa dela uste duten arren, beste zenbaitek legez
kanpo dagoen ekintza bat delakoan egongo dira. Baina non du honek guztiak bere muga? Maiz “The pirate bay” eta musika deskargatzeko beste zenbait orrialde ixtera ere iritsi dira; halere, niri ez zait biderik egokiena iruditzen, azken finean, gutako nork ez du musika, pelikula ala antzeko tresnarik jaitsi internet bidez aurki ditzazkegun hainbat eta hainbat orrialde ezberdinetatik?
Alde batetik, diskografika izenarekin ezagutzen diren enpresek diru kopuru handiak irabazten dituzte pertsona asko eta askok egiten dutena baino lan sinpleago eta errazagoa baino ez egiteagatik. Lan hau guztietan errazena dela aipatzen dudanean, ez da nire irudipenagatik sortutako pentsamendu bat: hauek abeslariek abestutako abestiak bildu, cd batean sartu eta diskaren portada besterik ez dute egiten, eta hau gutako edonork egin dezake Nero bezalako programen laguntzaz.
Bestetik, egun, merkatuan aurki ditzakegun diskek oso prezio altuak dituzte duela urte gutxi batzutako prezioekin alderatuz gero. Disko hauen prezioa bikoiztera ere iritsi da urte gutxiren buruan eta hau, krisi garaian, egundoko gorakada da. CDen prezioen gorakada hau izan daiteke pirateriak indarra hartzearen arrazoi nagusienetako bat. Gainera, jendeak pirateriaren bidez musika, bideoak eta antzeko artikuluak jaisten dituenean dirua galtzen dutela aitzakitzat hartuz, pirateria debekatu nahi dute, eta hori ez da bidezkoa. Enpresa handi hauek jasaten duten kalterik handienera jota ere, horrenbeste diru irabazteari uzten diote, baina ez dira inoiz dirua galtzen aterako. Nik pirateriaren aldeko ikuspuntua daukat, azken finean, guk geure etxeetatik sarean aurki dezakegun materialari etekin osoa ateratzen saiatzen gara, eta ez da bidezkoa ekintza soil horregatik pertsona bat zigortu nahi izatea.
Hala eta guztiz ere, abeslari asko pirateriaren aurka agertzean, beraien ideiarekin bat etorri ez arren, ulergarria iruditzen zait hauen haserrea. Ulergaitza iruditzen zaidana da diskografika askok pirateriaren aurkako hitzak esatea, aipatu berri
ditudan arrazoiengatik. Azken finean, abeslariek diskografikak ateratako dirutzaren ehuneko txiki bat besterik ez dute irabazten. Halere, abeslariek irabazitako ehuneko txiki hori altuagoa da pertsona batek erdi-mailako lan batean lan egiteagatik jasotzen duena baino.
Hau guztia ikusirik, zera esan dezaket: ez zait bidezkoa iruditzen pirateria debekatzea eta “pirata” guztiak zigortzea, beste gutxi batzuk guztion kontura aberats bihur daitezen. Gizarteak sarean dauden orrialdeei erabilera ematen die eta, hau horrela izanik, ez zait ideia ona iruditzen pirateriaren aurkako neurriak hartzea.
Bideo honetan agertutako guztia egia ote?
Iruzkin berriak