Tag Archives | elbarritasuna

Elbarritasuna, gizartearen zati ala arazo?

minusbaliatuen logoa1. iz. eta izond. Gaixotasun edo ezbeharren baten ondorioz mugitzeko gauza ez dela geratu dena edo oso nekez mugi daitekeena. 2. iz. Elbarritasuna.

Hori da Harluxet Hiztegi Entziklopedikora jo, elbarri hitza begiratu, eta agertuko zaiguna.
Ziur nago egunero ikusten duzuela elbarriren bat edo beste. Hau arrunta balitz bezala hartzen dugu gehienok, baina inoiz pentsatu al duzue nolakoa den kalean edo bizitzan zehar aurki ditzakegun zailtasun txiki horiek gurpildun aulkiaz gainditzea? Askotan, ezinezkoa!

Egunari ekin eta kalera irten behar duten momentu beretik hasten dira arazoak gaitasun fisikoa duen eta gurpildun aulkiari lotua bizi behar duenarentzat. Guretzat hain erraza den ekintza, etxetik gertuen dugun okindegira jaitsi eta ogia erosi, amesgaizto bilaka daiteke beste batzuentzat. Izan ere, etxetik irtetearekin batera, gizarteak oztopoak saihesteko jokoren bat ezarri diela dirudi: espaloi estuak, hauek igo eta jaisteko aldaparik eza, gurpildun aulkia igarotzea ekiditen duten trabak (postontzia, trafiko seinale, semaforo eta beste hainbat eragozpen), eskailerak… Zerrenda amaiezina da. Baina ikus dezagun gizarteak duen eragina pertsona hauengan.

Badakigu eraikin askok oztopo ugari dituela gurpildun aulkiaz bertara iristeko. Consumer Eroski aldizkariak eginiko ikerketa baten arabera, hainbat zinema-areto, igerileku eta museo ez dago pertsona hauen beharrak asetzeko egokituta. Oztopo hauek eraikin publiko askotan aurki daitezkeela badakigu, eta publiko hitzak herritar guztiei dagokiena esan nahi duela ere bai. Beraz, eraikuntza asko egiteko garaian gizarteko talde handi bat kanpoan uzten dela esan nahi du honek. Eta aurretik esandako zailasun edo oztopo hoiek baino handiagoa dena azaleratzen da: marjinazio soziala. Azken hau da elbarriari gizarteak jartzen dion trabarik nagusiena. Izan ere, aipatu ditudan eraikin publiko horiek denbora librean joatekoak dira, baina zer gertatzen da unibertsitate eta eskolekin?

minusbaliatu bat oztopo baten aurreanOrain arte elbarri mota bati buruz hitz egin dut, baina badago bestelako elbarritasunak dituenik ere; adibidez, itsu, gor edo mutuak. Hauek ere, aurrekoak bezala, marginazio soziala jasaten dute. Unibertsitate eta eskoletan ikasteko zailtasun bereziak dituzte, gurpildun aulkian dagoenak pairatzen dituenak baino gehiago askotan. El Pais-en argitaratu zen artikuluak argi eta garbi azaltzen du edozein ezintasun mota duen pertsonak aurki ditzakeen zailtasunak karrera bat ikasteko garaian. Lan munduan sartzea ere kosta egiten zaie, baina alde horretatik badaude horretarako sortuak izan diren taldeak, Gureak eta Sifu besteak beste.

Amaitzeko, UEko Oinarrizko Eskubideen 26.artikuluak “elbarrien autonomia, integrazio sozial eta profesionala eta gizarteko eskuhartzea” onartzen dituela jakinik eta UEko populazioaren %15ek elbarritasun bat duela ikusirik, gizartearen aldetik ezer gutxi egiten dela esatera ausartuko nintzateke. Egia da azken urteotan aurrera pauso ugari eman direla arlo honetan, baina oraindik asko gelditzen da egiteko.
Bideo honetan ikusiko duzuen moduan, eraikinetarako sarrerak zoruaren mailan jarri eta kafetegietako mailak altura aldakorra izatea bezalako aldaketa txikiek elbarrien mundua asko erraz dezakete. Izan dezagun, bada, kontuan!

Comments { 2 }
-->