Tag Archives | errausketa

Erraustegiak beharrezkoak al dira?

zabortegiaNori ez zaio gertatu, noizbait, zakarra ateratzerakoan, gizakiok sortzen ditugun hondakinak non pilatuko diren pentsatzea? Niri, zoritxarrez, behin baino gehiagotan gertatu zait. Esate baterako, duela aste batzuk osabaren baserrira nindoala, Sasieta Mankomunitatearen ondotik pasatu nintzenean, gure zaborrak gainezka zeudela ikusi nuen. Zer egin dezakegu honen aurrean? Alternatiba bat, errausketa planta bat ezartzea izango litzatekeela diote. Baina hori gizakiaren osasunerako segurua al da?

Lehenik eta behin, gizakia etengabe hondakinak sortzen ari da.  Hori denok dakigu. Gizarte kontsumista batean bizi gara, eta honek ezin du horrela jarraitu. Ondorengo datuen arabera, pertsona bakoitzak egunean lau kilogramo zabor sortzen ditu herrialde garatuetan. Honen ondorioz, zabortegiak gainezka egiten ari dira, eta gero eta estatu gehiagok errausketaren bidea hartu dute. Adibidez, Espainian energia sortzen duten zortzi errausketa-lantegi daude jada.

Alde batetik, errausketaren erabilerak zaborraren pisua eta bolumena gutxituko lituzke. Prozesu honetan, zaborra gas bihurtzen da. Askori eta askori hau ez zaio gustatzen; dena den, hainbat adituk dio gas hauek ez dutela inolako arazorik sortzen, gehiengoa desagertuta geratzen baita. Esan beharra dago, errausketa plantek zabortegien desagertzea ekar dezakeela, baita hauek sortzen duten usain eta likido isurketena ere.

Horrekin batera, errausketa energia elektriko sortzaile da. Hau oso garrantzitsua da; izan ere, energi iturri berri baten aurrean egongo ginateke. Eta baliagarria izateaz gain, iraunkorra da, zaborra nonahi aurki baitezakegu. Era berean, beste energia iturri batzuen ordez erabiltzeko aukera izango genuke.

Bestaldetik, errausketa egiteko behar den instalazioa garestia da, eta kontrol sistema oso zorrotzak behar ditu. Halaber, bere funtzionamendua ziurtatzeko, zabor kopuru handiak sortu beharko genituzke, eta betidanik erakundeek zabor gutxiago sortzeko eskatu digute. Nork daki hemendik urte batzuetara gizakiak zenbat zabor sortuko duen! Gainera, errausketan sortzen den gas igorpena garbia bada ere, honek eragina izango du.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: guztiok saiakera txiki bat egin behar dugu zabor gutxiago sortzeko; bestela, erraustegiak eraikitzea beharrezkoa izango da, eta honek eragin zuzena izango du klima aldaketan.

Comments { 2 }
-->