Zuen herrian ohikoa al da ogia erostera joan eta, okindegiaren atean, adibidez, lurrean eserita eskale bat ikustea? Gehienek kartelen bat izaten dute eskuan, eta, normalean seme-alabak dituztela eta ezin dituztela elikatu esaten dute. Egia al da esaten duten guztia? Sinesten al ditugu itsu-itsuan diotena? Bildutako diru horrekin janaria erosiko al dute? Pertsona guztiak zeharo ezberdin pentsatzen dugu eta, horren ondorioz, batzuek dirua ematen diete; eta beste batzuek, aldiz, beste alde batera begiratu ohi dute.
Garai batean, gaur egun ez hainbeste, eskale horiek etxez etxe edo tabernaz taberna ere ibili ohi ziren diru eske, janari pixka bat erosteko aitzakian. Baina dirua eman ordez, zuzenean sukaldera sarrarazi eta ogia, esnea edota galletak ematea bururatuz gero, dirua behar zutela errepikatzen zuen batek baino gehiago, entzuna dudanez. Nola ulertzen da jarrera hori? Zuzenean janaria emanda, hari uko egiten badiote, zertarako nahi dute diru hori? Lehen esan dudan bezala, batzuek ez dute dirua elikatzeko nahi, alkohola, tabakoa… erosteko baizik.
Askok oso erraz engainatzen dute: aurpegi tristea jarri, adabakiez batetako arropa zikina jantzi, gose eta ahul daudela helarazten digute… Segundo erdi batean begiratu eta pena sentitzen dugu: etxerik ez dutela izango, lanik ere ez, gosea pasatzen arituko direla, hotza… Eta bi aldiz pentsatu gabe diru pixka bat ematen diegu askok. Dirua emandakoan, irribarre batez eskerrak ematen dituzte gehienek. Baina ongi egin al dugu dirua emanda? Bildutako diru horrekin alkohola erosiko balute?
Aurreko guztiarekin ez dut esan nahi diru beharrik ez dutenik, bizitza maila ona dutenik… Ni ez nago ”eskale” hauen aurka. Gure herrian jende asko dago lanik gabe, krisia dela-eta ahal duten moduan bizi direnak. Hauetako askok daukaten diru apurraren kantitate txiki bat limosna eske dauden hauei ematen diete, zerbait jan dezaten. Logikoa den bezala, baina, hurrengoan eskale hori basoerdi bat hartzen ikusten badute tabernaren batean, handik aurrera ez diote ezer emango: ”Nik diru gutxi izanda, zerbait eman diet. Diru hori alkohola erosteko erabili behar badute, hurrengoan nire kafea ordaitzeko erabaliko dut”.
Amaitzeko, orain dela ez asko egunkarian irakurri nuen artikulu bat uzten dizuet. Niri gustatu zitzaidanez, zuek ere irakurtzea gustatuko litzaidake: Eskaleak.
Iruzkin berriak