Tag Archives | euskajakintza5

Ongi etorri euskaljakintza 5era!

euskaljakintza5_patioanMotibazio eza. Hori izan zen 2005eko uztailaren 29an Maite “Audentes fortuna iuvat” hura idaztera bultzatu zuena. Egitasmo berritzaile bezain ausart baten aurkezpena izan zen, hezkuntza sistema tradizionalarekiko haustura. Euskaljakintzaren sorrera, erabaki arras hausnartua izan zena (Jokin eta Mikelekin luze hitz eginda etorritakoa), ez dago zalantzapean jartzerik, lehenengo argitalpen haren atzean dagoena ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula!

Euskara eta teknologia berriak uztartuz errealitatera, gizartera, hurreratzeko aukera ikusi zuen Maitek, bere gaia erakargarriago bihurtzeko abagune paregabea. Halaber, Euskaljakintzaren esentzia partekatzean oinarritzea beharrezkotzat jo zuen. Ikasleok ikasteko aukera badugu, azken batean, gizarteak aukera hori ematen digulako da; eta beraz, gizartearekin, nolabait esateko, zorretan gaude. Zor hori kitatzeko-edo, guk sorturiko edukiak gizartearen eskura jartzea zilegi dela iruditu zitzaion. Ordutik, euskarak sarean duen presentziari ekarpen ederra egin dio Euskaljakintzak, 920 artikulutik gora argitaratuz eta hizkuntza bere horretan lantzeko egundoko baliabide sorta eskainiz, lanean gogor eta gogoz arituz, berrikuntzak txertatuz, gaurkotasuna bilatuz.

Lau belaunaldiren ilusioa eta esfortzua bloga elikatuz joan dira egunez egun, dibulgazio testuetatik hasi eta iritzi testu konplexuenetaraino. Euskal kulturan ezagunak diren pertsonaiei (kirolari, sukaldari, musikari, idazle…) eginiko elkarrizketek ere aparteko garrantzia hartu dute blogean. Horiei guztiei esker, sari ugari irabazi ditu (I Premio Espiral de Edublogs , 2007 diariovasco.com saria), nahiz eta saririk preziatuena jendearen errekonozimendua izan den hasiera-hasieratik. Hedabideetan ere oihartzun zabala izan du blogak, Berria egunkariak hainbat artikulu papereko alean argitaratzeko ohorea eman diolarik. EGA azterketaren prestaketan nahitaezko bihurtu da; azterketak dituen atalak lantzeko sorturiko ariketak Euskal Herri osoan egin dira ezagun, eta hauek lau haizetara zabaldu dute Euskaljakintzaren izena. Egun, euskal blogosferaren ezinbesteko pieza bilakatu dela ez dago eztabaidatzerik.

euskaljakintza 5

Bosgarren generazioari dagokigu orain lanean hastea, martxan jartzea. Erantzukizun handia sentitzen dugu gure erraietan; izan ere, aurrekoek oso goian jarri dute maila. Maitek orain lau urte botatako enbidoari eta erronkari merezi adinako erantzuna emango ahal diogu! Izango ahal dugu orain arteko mailari eusteko adorea eta indarra! Hala bedi! Hala balitz, betea genuke gure xedea eta.

Comments { 5 }
-->