Tag Archives | euskal_literatura

Zazpi etxe Frantzian – Bernardo Atxaga

Atxaga euskaljakintzarekinBernardo Atxaga goitizenez ezaguna den Joseba Irazu 1951ko uztailaren 27an jaio zen, Asteasun. Haurtzaroa bertan eta nerabezaroa Andoainen igaro ondoren, Bilbora joan zen Ekonomia Zientziak ikastera. Idazteko zaletasuna gaztetatik izan duen zerbait da, eta ikasle zela argitaratu zen bere lehen lana, Borobila eta puntua. Geroago, lana eta idazketa uztartu behar izan zituen, eta horrela jaio ziren Ziutateaz nobela (1976) eta Etiopia poema sorta (1978). Urte batzuk behar izan zituen idaztera mugatzeko erabakia hartzeko, tartean hainbat lanbidetan aritu zelarik (euskara irakasle, irratiko gidoilari, liburu-saltzaile, ekonomialari…). Behin idazle profesional izatea erabakirik, 80ko hamarkadan, Bartzelonara joan zen filosofia ikasketak burutzera. Garai hartan aipatu zuen lehenengoz Obaba, Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena izeneko liburuan. Atxagaren izena mundura zabaldu zuen lana, ordea, Obabakoak izan zen, 1989an Espaniako Narratiba Sari Nazionala irabazteari esker izandako oihartzunagatik. Luze erabili zuen Obaba, nola zuzenean hala zeharka, harik eta, 2003an, Soinujolearen semearekin agur esan zion arte. Honela, egun duen arrakastaren iturburua itxi eta proiektu berrietan murgildu zen.

Euskaltzaindian sartzeko eskabidea onartu zuen batetik. 2007ko martxoaren 31n eman zion hasiera Euskaltzain ibilbideari Antzarak, zenbakiak eta letak sarrerarekin. Ordutik, egin duen lan aipagarriena plazaratu berri den Erlea aldizkaria izan da, honen zuzentze lanetan arituz.

Bestetik, bere bizitzan tarte bat hartu eta Renora joan zen. Han urtebete igaro ondoren, bere azken nobela ekarri digu, Zazpi etxe Frantzian. Nobela argitaratu bezain laster idatzi ziren kritikek bultzatu ninduten, gehienbat, liburu hau irakurtzera. Aldaketa hitzak entzutea hartu zuen urtea izan zen, inondik ere, iazkoa, eta Atxagari ere ezarri zioten. Aldaketa lehen pertsonan ikusi nahi izan nuen, norainokoa izan den behatu, eta horrexegatik aukeratu nuen liburua, hasieran beldur izpi batez, baina gogo handiz beti ere. Ez zait damutu. Atxagaren estiloa gustatzen zaion edonori gomendatzeko moduko liburua iruditzen zait.

Zazpi etxe Frantzian 1903ko Kongo Belgikarrean kokatzen da, Yangambi eta Kisangani artean, hain zuzen, noizbehinka oihana tartekatuz, Force Publique postu militarrean gehienetan. Belgikako Leopoldo II.aren garaia hoztasunez deskribatzen du idazleak; horretarako, militarren, mertzenarioen, arteko harremanak gordin deskribatuz. Lalande Biran bera baino protagonistagoa da iruzurra; engainua eta desengainua, maltzurkeria, bekaizkeria, azpijokoa, basakeria…

Chrysostome Liège nekazariaz baliatzen da idazlea irakurlea testuinguruan kokatzeko. Afrikako bihotzera iritsi berri den gizonarekin halakotour bat egiten du Atxagak, zeina ez den Yangambi erakustera soilik mugatzen, pertsonaiak ere sakonki erakusten ditu. Behin Chrysostome istorioan kokatuta, Lalande Biran kapitaina bihurtzen da arreta gune.

Idazlea maisuki zedarritzen da pertsonaia bakoitzaren izaeran, eta kontakizuna garatzen doan heinean ematen dituen zertzeladekin, emeki-emeki, hauek iluntzen doa, elkarrenganako tratua izugarri gaiztotzeraino. Pertsonaia aipagarrienak ondorengoak direla esango nuke:

  • Lalande Biran: Force Publiqueko militar burua da, kapitaina. Ankerra da oso militarren gehiengoarekin; ankerra baino gehiago, hotza. Gizon sentibera da, alabaina, sentibera eta jantzia. Latina menperatzen du eta poesia gogoko du oso. Europan zuen dirua jokoan galdu izanagatik sartu zen mertzenario, eta hori du Yangambin izatearen arrazoi nagusi. Emaztearen eskari ekonomikoak ase eta Europara itzultzeko borondatea azaltzen du etengabe, horretarako erregeari iruzurtxoak egingo badizkio ere. Botere nahia eta indarrak itsutzen dute bai bera, baita Van Thiegel tenientea ere.
  • Vant Thiegel: Lalande Biranen bigarrena (honek “Cocó” deitzen dio), tenientea. Gorpuzkera aldetik handia da, sendoa, eta horrek lan astun guztiak bere gain hartzera ahalbidetzen du. Baina bere gorputza handia bada, handiagoa da bere bekaizkeria. Gertakariak jazotzean hauek eragingo dituzten ondorioak bitan banatzeko eta atalez atal aztertzeko joera du. Sentimendu ez oso garbiak adierazten ditu maiz, joera horrekin irudimenezko pertsonaia errealitatera izugarri hurbilduz.
  • Chrysostome: Yangambira azken iritsi den gizona da, nekazari gaztea, tiratzaile ezin hobea, Force Publiqueko militarren artean gorrotatuena. Apika, gehienetan askatuta daramatzan alkandoraren botoiek agerian uzten dituzten zinta urdin eta urrezko katea izango dira eragile. Edonola ere, Lalande Biranek onartu eta errespetatu egiten du Liège. Ez da batere hiztuna, eta bere izaeran gailentzen den isiltasun horrek hotz bihurtzen du, hotz bezain zuhur. Gainontzekoek ez bezala, ez du desio sexuala oihaneko emakumeekin bortizki asetzen. Horrek bere sexualitatea zalantzan jartzera bultzatzen ditu asko eta asko; maxa, hots, homosexuala dela aditzera emanez.

Pertsonaien arteko harremanak zurrumurru, gezur eta espekulazioetan oinarritzen dira, besteak beste. Hona hemen hori ikusten den liburuko pasarte bat:

Van Thiegel berandu arte gelditu zen klubean, eta mahaitik altxatu zenerako piztuta zegoen Yangambiko zurrumurru berria, elefante ehiza muin zuena, eta kartutxo kopurua espekulazio-iturri. Ehiztariek 200 eramango zituztela esan zen aurrena, ondoren 350 izango ote ziren, edo 500… Pasa zen egun bat, eta, loditzen joandako orea bezela irudipenak gorputza hartu zuen: 400 kartutxo izango ziren. Beste egun bat, eta 400 kartutxo haien banaketa ere erabakita gelditu zen: Lalande Biran kapitainak, 200; Chrysostomek, 100; kapelu-gorria bakoitzak, 10.

Hirugarren egunean, Lalande Biran, Chrysostome, gastadoreak, kapelu-gorriak eta garraiolariak partitu zirenean, zurrumurrua oso gaiztotuta zegoen Yangambiko ofizialen artean. Kapitainarena ulertzen zuten; kapelu-gorriena ere bai, zeren ehizera zihoazen, eta ohizko bi kartutxoak baino zerbait gehiago behar zuten; baina Chrysostomek 100 izatea ezin zuten eraman. Hain tiratzaile ona izanda, 20 kartutxo ez al zituen nahikoak 10 elefante botatzeko.

Betiko legez, errekurtso literario bat baino gehiago aurki dezakegu Atxagaren lan honetan. Hona hemen liburuko pasartetxo batzuk, zeinetan estilo baliabideak agertzen diren:

  • Metaforak

Sentimendu hura ere barru-barrutik ezagutzen zuen. Arratsalde askotan, eta gau batzuetan ere bai, ametsetan, saguzarrak ikusten zituen plazako palmondoaren inguruan jiraka. Zalantzarik gabe, haietako bat Esperantza zen.

Benetakoa izan zen damua, eta agian horregatik Donatieni argitu egin zitzaion bat-batean burua, eta salbazio bide bat ikusi zuen; bidezidor bat oihan zabartsuan, argi bat iluntasunean, metafora bikoitz batekin esatearren.

  • Pertsonifikazioa

Edaria bukatu zuen, eta ibaira begira gelditu zen, zigarroari arestian baino atxiki luzexeagoak emanez. Ura kizkurtu egiten zen toki batzuetan, bere mugimendua etengabea zen. Biltegiaren pareko portutxoan, kanoek jauzi egiten zuten uretan. Aitzitik, oihana geldi-geldirik zegoen, pintura batean bezala.

  • Zertzeladatxoak

Gelditu eta arnasa hartu zuen. Ederra zen kaobaren usaina; ederra zen bere kolore hura, arrosa gehienetan, baina baita gorria ere zuhaitz lodienen enbor muinetan. Egur onuragarria, kaoba. Pentsamendu goibelak uxatzen laguntzen zuen.

  • Konparazioa

Bere heriotza gogoan, Donatienek zintzurraren taupadak sentitu zituen bihotza haraino igo balitzaio bezala, eta bere buruari errepikatu zion Lalande Biranek ez zuela halakorik egingo, sei urte zirela elkarrekin, sei urte laguntzaile leial bezala. Baina ez zuen bere burua lasaitzea lortu. Berak bazekien zer izaera zuen kapitainak, halakoxea baitzen bere beste anaia bat, zaharrena. Ez tximu amorratu bat bezalakoa, labana atera eta konturatzerako sastakada bat ematen zuena, baizik eta beste mota bateko hiltzailea, krokodiloaren familiakoa-edo, ibaiaren txoko batean zain egoten zekiena harik eta minik handiena egiteko unea iritsi arte.

  • Beste hizkuntza batzuen presentzia:

. Frantsesa
Hitz solteak, esamoldeak eta esaldi luzeak nahasten ditu idazleak.

Essaie-toi même, mon cher” Saia zaitez, laztana eskatzen zion Christinek, Saint-Jean-Cap-Ferrateko etxea gogoan.

Donatien pertsonaiaren hitzak jateko joera erakusteko ere erabiltzen du frantsesa.

-Gaur osteguna da, kapitaina. Neskatilla paillotean daukat-esan zuen Donatienek azkenean, hitzak inoiz baino gehiago janez:”Jourduijeudicaptainelafilleaupailotte.

. Latina:
Tarteka esamoldeak sartzen ditu, zitak, baina ezin dira esamolde frantsesen maiztasunarekin alderatu:

Van Thiegel alboan eseri zitzaion, zabalik izterrak. Hasperen egin zuen.

-Niri ere idatzi didate- esan zuen, Force Publiqueko Burugintzaren gutuna ikustean-. Nola esaten duzu, ba zerbait bukatu dela latinez?

-Finis coronat opus.

Errekurtsoak alde batera, oraingoan umore beltzaz ere baliatu da gizarteari kritika moduko bat egiteko. Estiloan nabaritu dut nik aldaketa handiena, Obabakoak eta Soinujolearen Semearekin alderatuz zuzenagoa baita kontaketa, biziagoa. Ekintzen maiztasuna handiagoa da, bai, baina ez dio horregatik pertsonaien pentsamendu konplexuak ondo zehazteari muzin egiten, gogoeta eta hausnarketek toki esanguratsua dute; azken batean, hori baita Atxagaren partikulartasuna, zertzelada txikiena ere handi egitea. Horretan da maisu, eta horregatik, ekintzak garatzen doan heinean pentsamenduak garatzeagatik, errealismoa ematen dio nobelari, erabateko errealismoa.

Idazleak fikzioan duela ehun urteko bizimodura bagaramatza ere, gertaera horien oinarrian dagoena oraingoxea izan daiteke zuzen-zuzen. Ez hori bakarrik, idazterakoan Atxagak egungoa izan duela buruan esatera ausartuko nintzateke; izan ere, gertakari puztuen oinarrian, gure gizartea menderatzen duen aseezintasuna da nagusi. Beteezintasun horrek ematen dio narrazioari zentzu borobila nolabait esateko, Lalande Biran kapitainaren emaztearen asegaiztasunak. Asegaiztasun horren presentzia sumatzearekin batera, Christinek -karta bidez baino ezagutzen ez denak-, Paristik, sei etxe gutxi bailiran, zazpigarrena eskatzen dionean hasten dira interesak gainontzekoa gailentzen. Iruzurra bizilegetzat onartzen da, pertsonaien alderdi ilunena azaltzen, azken batean, “Cui finis est licitus, etiam media sunt licita”.

BIBLIOGRAFIA

Atxagaren denbora-lerroa (Irune eta Beñat)

Comments { 1 }
-->