Tag Archives | euskaljakintza

Buber saria euskaljakintzarentzat!

Berandu da, nekatuta nago eta oso urrutitik idazten dut (esker mila Mondragon Unibertsitateari Online Educa Berlin kongresuan egoteko aukera emateagatik), baina ezin nuen aukera hau pasatzen utzi Buber saria jasotzeagatik zorionak eman dizkiguzuen guztioi  eskerrak eman gabe. Eskerrak Buber sariagatik, eskerrak egunak joan eta egunak etorri (eta badira sei urte)  gurekin egoteagatik eta eskerrak gure lagunak izateagatik. Denok dakizue, ez daukat esan beharrik, gure ekimena txikia bezain gogotsua dela: ez daukagu ez helburu handiegirik, ez lehentasun estrategikorik, ez aurrekonturik, ez ezer. Hori denok dakizue. Hori bezain ondo dakizue euskara sarean sustatzeko eta hedatzeko gogoa eta kemena ez zaigula falta. Horregatik, gaur, euskararen eguna ospatzen den honetan, saria jasotzeak bereziki poztu gaitu. Hori ere badakizue, ez daukat esan beharrik.

Zerbait berezia pentsatuta genuen euskararen eguna ospatzeko.  Une edo egun bakar bateko kanpainei ihes egin nahian, azkenaldian euskara lantzeko sortu ditugun ariketak denon eskura ipintzea pentsatuta genuen gure eguna ospatzeko, baina hori beste egun baterako utziko dugu; izan ere, gaur ibilbide honetan gurekin egon zaretenokin ospatu nahi baitugu. Aitortu beharrean nago, baina, pena bakarra geratu zaidala: hemendik ahalegin guztiak eginda ere,  ikasleak ezin izan dute  sari-banaketara joan, eta horrek goibel samar utzi nau. Dena den, badakit oso pozik daudela eta nahikoa da. Bide batez, saria gure izenean jaso duten Adaki Komunikazioak enpresako lagunei eskerrik beroenak emateko aprobetxatu nahi dut. Mila esker, Andoni, bihotzez!

Euskaljakintzaren sei urte hauetan, sari eta errekonozimendu ezberdinak jaso ditugu; halere, Buber sari hau bereziki pozgarria da guretzat euskararen sustapen eta zabalkundearen aldeko errekonozimendua delako. Euskara sarean zabaltzea eta sustatzea, jarraitzen diguzuenok ondo dakizuen bezala, izan da hasieratik gure helburuetako bat. Eta horrela jarraitu nahi dugu, edukiak sortu eta partekatzen. Ez dugu saririk behar horretarako; bestalde, aitortu beharra daukagu laztanak edo musuak gustura hartzen ditugula denok! Beraz, mila esker, bihotzez, nire eta nire ikasleen izenean.

Comments { 8 }

Aurten ere Buber sarietan finalistak!

Aurten ere Buber sarietan finalistak gara! Eta hori horrela izan da zuen laguntza jaso dugulako; beraz, bihotzez, esker mila. Dakizuen bezala, gure txoko hau Euskal Hizkuntza eta Literatura lantzeko asmoz jaio zen, eta baita sarean zehar euskara barreiatzeko ere. Gure hizkuntza maite dugu eta ezin dugu hori ezkutatu. Horregatik, lantzeaz gain, maite dugun hizkuntza zabaltzen eta sustatzen jarraitzeko asmoa daukagu.

Jakin badakigu gure mailan -euskara ongien sustatzen duen webgunea- gurekin batera finalera iritsi direnak euskararen alde gogoz eta gogor ari direla lanean:

Beraz, zorte on guztiontzat eta zorionak beste kategorietako finalista guztiei!

Buber Sariekin lotura duten artikuluak:

Comments { 3 }

Aurten ere Buber Sarietan hautagai, lagun askorekin batera

Iaz, euskara ondoen sustatzen duen weba kategorian Buber Sarietarako proposatu gintuztenean, ilusio handiz hartu genuen izendapena. Kursaalean ospatu zen finalean izan ginen, eta gau oso atsegina igaro ere bai. Hala ere, ez genuen saria Ordiziara ekartzea lortu; izan ere, txoko honetan ibiltzen zaretenok jakingo duzuen bezala, Tropela izan zen gure mailan garaile.

Aurten, sarien 8. edizioa abian da eta, oraingoan ere, norbaitek eman du gure izena. Oso eskertuta gaude, gurekin batera euskararen alde lan izugarria egiten duten webguneak -horietako asko lagunenak- baitaude. Guretzat ohore izugarria da haiekin batera hautagaien zerrendan egotea.

Alabaina, Gasteizen ospatuko den finalean egoteko, zuen laguntza behar dugu. Beraz, inork botoa eman nahi badigu (igandera arteko epea dago), hona hemen jarraitu beharreko pausoak.

  • Iaz sarietan botoa eman bazenuten/bazeniguten, ez duzue berriz kontua sortu behar; nahikoa da iaz sortutakoan sartzearekin (hementxe sartu, eta email-a eta pasahitza idatzi)
  • Kontua sortu behar baduzue, jo helbide honetara ( http://buber.interneteuskadi.org/web/index.php/login ) eta jarraitu ondorengo pausoak:

Comments { 3 }
-->