Tag Archives | euskaljakintza

Beste ariketa-sorta bat Euskaltzaindiaren arauak lantzeko

Hizkuntzaren gramatikaren alorra lantzeko, ohikoa izaten da ikasleek jarduera liburuetatik ateratako ariketak osatzea eta, jarraian, irakaslearen laguntzaz zuzentzea. Bada, ikasleek era ekinkorragoan aritzeko, zuetako batzuek jakingo duzuen bezala, euskaljakintzan prozesua irauli dugu ikasleak jarduera hauen diseinatzaile eta sortzaile bihurtuz. Honela, ikasleek jarduera ezberdinak sortzeaz gain, horientzako erantzunak ere aurkitu behar dituzte,  prozesu osoan parte hartuz. Aprendizaia askoz ere esanguratsuagoa bihurtzen da, zalantzarik gabe. Ikasleak jarduera horiek sortzen ari diren bitartean, nik  prozesua gainbegiratu eta, bukatzean, behin-betiko zuzenketak egiten ditut. Ondoren, sortutako jarduerak aplikazio batera (kasu honetan Hot Potatoes-era) pasatzen ditugu eta, azkenik, sarean denon  eskura ipintzen  ditugu.

Nire ustez, bai prozesu osoa eta bai emaitza aberatsak dira oso; izan ere, bikote bakoitzak bikotekideen artean sortutako jarduerak egiteko aukera du, eta baita beste guztienak ere.

Era berean, behin baino gehiagotan adierazi izan dugun legez, paperean egindako jarduerekin alderatuz gero, jarduera-sortzaileekin egindako ariketek bi abantaila nagusi dituzte:

  • Saiakuntza bakoitzean, hurrenkera ausazkoa da. Hau da, ordenagailuan ariketa kargatzen den bakoitzean, ariketaren hurrenkera aldatu egiten da eta, horrela, behin eta berriz saia gaitezke jarduera menperatu arte.
  • Erantzuna zein azalpenak bat-batean lor ditzakegu, balio erantsi handia emanez lanketari.

Guretzat aberasgarria izateaz gain, pozgarria ere bada ikustea egunetik egunera euskara ikasten ari den  ikasle asko eta askori baliagarri gertatzen zaizkiola gure ariketak.  Gauzak horrela, euskaljakintza 5ekook sortu ditugun lehenak hementxe uzten dizkizuegu. Oraingo hauek Euskaltzaindiaren arauak ikasi eta errepasatzeko jarduerak dira, eta gure ikastaroa (euskaljakintza arauak) osatzera datoz (hemen ipintzeaz gain, ikastaroko gunean ere txertatu ditugu).

Euskaltzaindiaren arauak orokorrean lantzeko ariketak

1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 Ikastaro osoa

Ariketa zehatzak

Nornahi, nonahi… Bat-batean… Orduak nola esan Hitz-elkartuak
Data nola adierazi Baitu, baikara… Aurrealde edo aurreko alde Zenbait aditzen erregimena
Zenbakiak Arazi Munduko estatu-izenak eta herritarrak
Diptongoz bukatzen diren izenen deklinabidea Ordinalen eta banatzaileen idazkera
Comments { 0 }

Euskaljakintza Buber sarietan finalista

Atzo Donostiako Kursaalean Buber Sariak banatu ziren.  Euskaljakintza euskara sustatzeko web gunerik onena kategorian finalista izendatua zegoen Kaixomaitia.com eta tropela.net guneekin batera. Azken honek eraman zuen saria. Argazkian ikus dezakezuenez, hantxe bertan Tropelakoak zoriontzeko aukera izan genuen.  Zorionak, tropela!

Tropela.net-eko ordezkariarekin

Tropela.net-eko ordezkariarekin

Euskaljakintzako ordezkariok pintxoz pintxo ibiltzeaz gain, barre batzuk egin eta hainbat pertsona ezagutzeko parada ere izan genuen, besteak beste, Jesus Olmedo aktorea. Esan beharra dago, han zeudenen artean, berak eraman zuela gure saria begi urdin politenei! 😉

Jesus Olmedo aktorearekin

Jesus Olmedo aktorearekin

Aurretik esanda genuen bezala, guretzat ohore handia izan da finalera iristea. Horregatik, lerro hauetan eskerrak eman nahi dizkizuegu, lehenik, gure izena proposatu eta, ondoren, bozketan gure alde egin duzuenoi. Bihotzez eskertzen dizuegu azaldutako babesa eta laguntasuna.

Euskaljakintza jarraitzen duzuenok ederki asko dakizue zein izan den gure ibilbidea azken bost urte hauetan, zein den gure lanerako filosofia. Euskara maite dugu eta gure ahalegin guztiak egingo ditugu gure hizkuntza lau haizeetara zabaltzeko, euskarazko edukiak sortzeko eta horiek guztiokin partekatzeko. Mota honetako errekonozimenduek gure eguneroko bidea, askotan malkartsua,  samurtzen laguntzen digute, eta indarrak ematen, gure benetako helburua zein den ahaztu gabe, lanean tinko jarraitzeko. Esker mila guztioi!

Comments { 5 }

ENE euskaljakintzan: ZABALDU EUSKARA!

Iritsi da aurten ere Euskararen Nazioarteko Eguna eta guk, abenduaren hirua egiten duen honetarako, hainbat egitasmo prestatu dugu. Horietako bat gaur astebete hasi genuen hitz-katea izan da. Esan beharrean gaude ustekabekoa izan dela zuengandik jasotako erantzuna, ohore izugarria. 100 iruzkindik gora izan ditugu eta bihotzez eskertzen dizuegu gurekin bat egin izana!

Alabaina, ez genuke, inola ere, gure euskara abenduaren 3ra edo aurreko astera mugatzen dela pentsatzerik nahi. Euskara da gure hizkuntza, nortasuna; euskara da gure kulturaren oinarria. Ospatze egun honetan gure harri-koskorra jarri nahi izan badugu ere, gure benetako xedea urte osoan zehar, gure apaltasunetik, euskararen zabalkundea bultzatzen saiatzea da. Nork bere harri-koskorra ekarriz, denon artean hainbeste maite dugun hizkuntzaren alde gauza handiak egin ditzakegulako uste sendoa dugu, eta guk mezu hori zabaldu nahi genuke.

Gaurko sorpresatxo bat prestatu nahi izan dizuegu. Gogoz eta, batez ere, umorez aritu gara; asmo edo borondaterik onenarekin. Emaitza halakoxea izan bada ere, zuon gustukoa izatea espero dugu: ZABALDU EUSKARA!

Entzun a cappella bertsioa:

Aiba zeatik ez (x 7)
gurea da ta!

Bakarra da-da, altxorra da-ta
goazen babestera.
Maitatzekin-kin nahikoa ez ta
hobe hitz eitea.
Tabernetan-tan, kaleetan-tan
eta edozein lekutan.
Hitzeiteko-ko, ligatzeko-ko
ta ondo pasatzeko.

Ez badeu erabiltzen galdu egingo da,
kulturaren oinarria galdu egingo da,
euskaldunon nortasuna galdu egingo da,
ez badeu erabiltzen galdu egingo da.

Comments { 11 }
-->