Tag Archives | futbola

Futbola, arazo guztien konponbidea

Kristo aurreko mendeetara egin behar dugu atzera, pilota sortu zen garaira, egun futbola izenez ezagutzen dugun kirolaren hastapenak ezagutzeko. Hain ezaguna den kirola garatuz joan da eliteko kirol bihurtu arte, eta guk nahi ala ez edozein lekutan ikus daitekeen kirol bilakatu da. Orain dela urte batzuk, ez zitzaion horrenbeste garrantzi ematen kirol honi, baina ikaragarria da azken urte hauetan hartu duen boterea. Telebista eta prentsaren babesa tarteko, izugarrizko negozioa bihurtu dela ukaezina da; kirol hau, baina, negoziorako edo gozamenerako bakarrik ez dela ohartu naiz. Izan ere, herriari etengabe futbola emanez, beste arazoak ikusezin bihur daitezkeela baitirudi.

Krisi ekonomikoa, Ipar Korea eta Hego Koreako gatazkak, Sahara eta Marokoren arteko gorrotoa… Komunikabideek futbola erakutsi didaten bitartean, konturatu ez naizen beste zenbait arazo hor daude. Eta nire galdera zera da: futbolaren bidez konpon al ditzakegu aipatutako arazo hauek guztiak? Ez dut uste.

Horregatik iruditzen zait lehentasuna beste arazo batzuei eman beharko geniekeela, baina, zoritxarrez, ez dugu horrela jokatzen. Honen erantzule nagusia telebista da; izan ere, hor erabakitzen baitute partiduak zein ordutan eman behar diren (ez ahaztu telebista kateetako arduradunek ordutegiarekiko duten boterea zenbait futbol elkarterena baino handiagoa dela). Jendea bere etxeko sofetan lasai dagoen bitartean ematen dituzte futbolari buruzko berriak -eta baita partidu gehienak ere-, ikusle gehien izango den orduan hain zuzen. Pantailari begira gauden bitartean poza izaten da nagusi, baina ez gara konturatzen gizartean jazotzen ari den guztiaz.

Beste ildo batetik, dirua gauza garrantzitsutzat jo beharko genuke futbolaz ari garenean, kirol honek sortzen duen diru kopurua ikaragarria baita artikulu honetako taulak adierazten duen bezala. Garbi ikusten da zifrak ikaragarri handiak direla; hori ez da, halere, okerrena. Krisi garai hauetan, gainerako herritarren lan baldintzak eta diru sarrerak okerrera egin dute; eliteko kirol honetan zerikusia dutenen kontratuen aberastasuna, aldiz, gero eta handiagoa da. Garbi ikus daiteke hori Real Madrilek eta Barcelonak Cristiano Ronaldo, Kaka, Benzema, Ibrahimovic, David Villa… erosteko xahututako diru kopuruan. Halere, ez pentsa klub hauek dirua galtzen dutenik; izan ere, jokalari hauen bitartez urte gutxitan berreskuratzen baitute (baita irabazi ere) hasieran galdutako dirua. Hots, inbertsio hitza erabil daiteke.

Honek guztiak argi eta garbi uzten du futbola gustukoa den kirola izateaz gain, gizartean gertatzen ari diren zenbait gauza ahazteko eta negozio biribila egiteko ere balio duela. Honi guztiari aurre egitea gure baitan dago, gu baikara kirol honi garrantzia ematen diogunak eta gure baitan baitago duen boterea gutxitzea, eta kirol hau gaur egun ikusten den bezainbeste ikustea edo ez.

Futbolaren negozioaren hastapenak argitzen dituen bideo hau uzten dizuet, gaiaren inguruan hausnarketa egin dezazuen:

Comments { 0 }
-->