Tag Archives | gaixotasunak

Buruko gaitzak jota zaudenean…

isolamenduaEgunero goizean goiz esnatu eta buruko gaixotasunekin zerikusia duten kasuak ikusten ditugu bai telebistan, bai irratian eta baita prentsa idatzian ere. Normalean, bortizkeria erabili izan den kasuak ezagutu ditugu, orain dela gutxi Murtzian gertatutakoa, kasu; hots, gazte batek bere ama akabatu zuen hau idungabetuz eta ondoren herri guztia zeharkatu zuen bere amaren burua eskuetan zeramala, hura merezi zuela oihukatuz.

Horrelako gertakariei haria jarraituz eta hauetan guztietan jazotako gertaerak aztertuz, ondorio berdinera iritsi ohi gara: gaixo mentalen familiek laguntza behar dute eta sekulako mugak dituzte euren seme-alabak modu egokian tratatzeko. Gaixo hauen kopurua gero eta handiagoa da, batez ere, gaur egun hartzen diren droga motak eraginda. Gehienen profila 20-30 urteko gazteena da, drogen ondorioz eskizofreniaren atzaparretan erori eta, azken batean, euren familien laguntzaren menpe bizi direnak. Hala ere, gaixo hauei laguntza ematea ez da batere erraza, alde batetik, pilula xume batzuk ez dutelako arazoa konponduko eta, sarritan, antsietateko unea datorkienean, indarkeriaren joera izaten dutelako, bestetik.

Baina arazo nagusia ez dago bortizkeriaren kontuan, gizartearen egoera orokorrean baizik. Gizakiok joera handia izaten dugu jendea “etiketatzeko” eta hori bera gertatzen da buruko gaitzek jota bizi diren gaixoekin. Ziztu bizian baztertzen ditugu, beharbada duintasunaren kontzeptu okerrarengatik edota beste giza beldur mota batzuengatik, baina argi dagoena da hori ez datorkiela batere ondo; izan ere, bakarrik sentitzeak are gehiago gaixotzen ditu eta, horren ondorioz, benetako errealitatetik at dagoen beste errealitate paranoiko bat eraikitzera eramaten ditu. Gainera, besteon jarrera horrek etxean sartu eta familiaren menpekotasun handiagoa eragiten die eta orduan hasiko dira arazo larrienak.

muinaHalaber, ez dugu ahantzi behar familiako gizasemeen artean sentimenduek ere garrantzia dutela. Une jakin batean, ama batek bere semearengatik izan dezakeen dolua gero eta handiagoa izan daiteke eta ama gaixoaren esanetara egon beste erremediorik ez du izango. Hori dela eta, gaixo eta amaren (ez du zertan ama izan) arteko harremana estuagoa izango da denborak aurrera egin ahala. Baina hori, ez dago zalantzarik, bere alderdi positiboa izanda ere, guztiz kaltegarria izan daiteke gaixo hori zaintzen duen pertsonarentzat.

Gauzak horrela, honen guztiaren mamia ez da harremana, egoera orokorra baizik. Mota honetako gaixo batek profesional baten laguntza behar du eta egungo eroetxeak edota eskizofrenikoetan espezializaturiko klinikak beteta daude, batez ere, diru aldetik gaizki dauden familientzat; horregatik hau guztia ez zait diru kontua iruditzen, moraltasun kontua baizik. Umeak haurtzaindegia du, aiton-amonek zaharren egoitza, kaletarrek babes-egoitza, eta buruko gaitzak jota dagoen batek? Aukera gehiago egon beharko lirateke horrelakoentzat, besteak beste, ondorio larriak eragin ditzaketelako.

Beraz, horrelako kasuetan arreta gehiago ipintzea gustatuko litzaidake, besteok garen bezala pertsonak izanik, gizakiok ditugun eskubideak bermatu beharko lituzketelako haiek ere.

Comments { 1 }
-->