Tag Archives | gazteak

“Lokalismoa”

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Zer egiten dute gaur egungo gazteek asteburuetan? Aurreko batean lagunekin nengoela, lagun batek garaje bat alokatzeko proposamena egin zuen, arratsaldeak pasa eta, kalean egon ordez,  bertan denbora pasatzeko.  Hasieran ideia ona iruditu zitzaidan,  baina etxera iritsi eta pentsatzen hasita, lotsa eta tristura sentitu nuen.

Gero eta ohikoagoa da  koadrila bakoitzak bere lokala edo “lonja” alokatzea, bertan denbora pasatu eta asteburuko “etxe” gisa erabiltzeko. Gasteizko Udalak egindako ikerketa batean, lokal hauen hazkunde garbia ikus dezakegu. Gero eta jende gutxiago ikusten da  kalean, eta horrek tristura puntu bat ematen dit. Gainera, guk ere horrelakoren bat hartzen badugu, gure ondorengoek ere berdin jarraituko dute, eta “lokalismoaren” fenomenoa gero eta gehiago zabalduko da. Ez al da hobea plazan edo kalean denbora igarotzea?

Eusko jaurlaritzak EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteei egindako inkesta bateko emaitzetatik zenbait ondorio atera ditzakegu. Hasteko, ikus dezakegu gazteen %55ek inoiz ez duela lokalik eduki, %20k lokala duela eta %25ek ez duela, baina noizbait izan duela. Lokala zertarako duten galdetzean, erantzun nagusiena kalean ez egoteko izan da eta lokala ez  edukitzearen arrazoi nagusia alokairuen prezio altua dela ondoriozta dezakegu.

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Lokala duten zenbait pertsonarekin hitz egin ondoren, beraien artean arduragabekeria eta utzikeria nabaritu dut.  Gazte askok bertan igarotzen dituzte asteburuak eta ez dira mugitu ere egiten beste koadrilekin harremanak edukitzeko edo beste ekintza mota batzuk egiteko; hala ere,  egia da beste zenbaitzuek erabilera egokia ematen dietela. Niri neuri denbora galtzea iruditzen zait, horretarako badaudelako beste zenbait egoitza, hala nola, gazte lokala edo gaztetxea. Eremu hauetan autogestioan oinarritutako ekintzak egiten dira, eta guztiek helburu zehatz bat izan ohi dute. Ez al da hobea elkarlanean gauzak egitea edo laguntza behar dutenei laguntzea, bideo kontsolekin edo telebistaren aurrean egotea baino?

Hori gutxi balitz, alokairu hauek diru asko xahutzea dakarte eta, ondorioz, gazte askok gurasoengana jo behar izaten  dute hilero dirua eskatzeko. Gainera, lokal hauek zenbait baldintza eta arau bete behar dituzte eta askok, baldintza horiek ez errespetatzean, liskarrak eduki ohi dituzte bizilagun edota inguruko pertsonekin.

Fenomeno honekin amaitzeko modu eraginkorrena kalera irten eta lokaletan egoten direnekin zenbait ekintza partekatzea dela uste dut, ikus dezaten eraginkorragoa dela; izan ere, lagun berriak egin daitezke eta beste pertsona batzuekin denbora pasa daiteke. Beraz, gazte, irten zaitez kalera eta jolas dezagun denok batera! Kaleak behar zaitu!

Comments { 0 }

Gaztea eta bidaiatzeko irrikaz?

Udaberriko lehen eguzki izpi eta haize goxoak neguko hotzak eta haizeak astiro eramaten dituenean marrazten diogu irribarrea gure aurpegiari. Eta egia da, udak eguzkia lagun duelarik atea jo orduko, umoreak hoberantz egiten digu guztioi. Berehala joaten zaigu burua hegaka, eta oporrak noiz iritsiko diren galdezka hasten gara. Ni, baina, gazteen buruetan murgilduko naiz, batez ere, unibertsitatea itxaroten duten horien nahietan. Garai garrantzitsua dudarik gabe: erabaki ugari hartu beharreko garaia, gure etorkizuna defini dezaketen erabakiak hartu beharrekoa. Baina, dirudienez, presio honek behar baino lehen bultzatzen ditu gazteak oporren ateetan jotzera. Halere, ate-joka joan aurretik komeni da aukera ezberdinak aztertzea.
Hasteko, ingelesa edo beste edozein hizkuntza atzerrian ikastea litzateke irtenbide bat. Hizkuntzak ikasi eta munduko lurralderen bat ezagutzeko aukera bikaina da. Gustuko duzun lurraldea aukeratu eta bidaia antolatua eskaintzen duten agentzia baten bidez joan zaitezke. Gainera, bertan zauden bitartean, hango familia batekin bizitzeko aukera izan dezakezu. Agentzia hauen artean ezagunak diren hainbat ditugu: Eas-Vele, EF

Beste aukera bat norberak bere bidaia antolatzea da: lagun taldearekin leku desberdinak ezagutu, ekintza berriak egin… Gazte askorentzat lurralde berri eta exotikoak bisitatzea izan daiteke nobedadea. Baina zein da arazoa? Dirua, ditxosozko dirua! Eragozpen handiak jartzen dituen elementua, dudarik gabe. Halere, ez badugu nahi metal preziatuak gure planak izorra ditzan, irtenbide merkeagoak bilatu beharko ditugu.Egun, hegazkin konpainia askok bost sosengatik saltzen dituzte bidaiatzeko txartelak. Azken hamarkadan, kostu baxuko edo low cost konpainiek protagonismo handia hartu dute. Easyjet konpainiak eman zuen lehen pausoa eta, harrezkero, eskaintzak hobetuz joan dira. Beraz, dirua jada ez da hegan egiteko oztopo, besteak beste, ondorengo konpainiei esker: Easyjet, Spanair, Aireuropa, Ryanair, Airberlin

Zure oporraldietan leku bat baino gehiago bisitatu nahi duzula? Abenturak bizitzeko gogoa, lagun berriak egiteko nahia eta beharrezkoa baino ez daraman motxila da zure irtenbidea, eta Interrail-a da zure aukera. Gazte askok hautatzen duen irtenbidea da: 2. mailako tiketak eskuan dituzula, trenez Europako 28 herrialdetan zehar mugarik gabe mugi zaitezke. Norberak hautatzen du bere ibilbidea eta ezagutu nahi dituen lekuak; beraz, aukera paregabea da Europa diru gutxiren truk ezagutzeko. Animatzen bazarete, ondorengo helbidean duzue informazio guztia. Eta ez ahaztu motxila elementu garrantzitsua dela. Hementxe dituzue hura ondo hornitzeko aholkuak: Nola prestatu dezakegu motxila?

Mundua ezagutzeaz gain, 18 urte badituzu eta betidanik zure oporrak zerbait probetxuzkoa egiten igaro nahi izan badituzu, udako egunak GKE (ONG) batean lan egiten edota borondatezko lan batean igarotzea izan daiteke aukera polit bat. Lan hauetan, trukean ezer jaso gabe proiektu sozialetan parte hartzen dute gazteek hiruzpalau astez. Mota askotariko lanak izan daitezke: ondare kultural naiz arkitektonikoak zaharberritu, ekologia edo ingurumena zaindu…
Eta zure nahia laguntza behar duen jendeari denbora eskaintzea bada, behin prestakuntza saioak jasota benetan aurrera jarraitzeko prest bazaude, gazte boluntario bihurtzen lagundu diezazuketen hainbat helbide erabilgarri dituzu hemen. Anima zaitez!

Primeran! Beraz, dagoeneko badaukagu bidaiaren helmuga eta bertara iristeko behar ditugun baliabideak. Zer egin behar dugu orain? Premiazkoena lo egiteko lekua gordetzea izango litzateke. Honetan ere diruak mugatzen bazaitu, Aterpekide txartelari esker, Europako ostatuetan beherapenak eta eskaintza bereziak eskura ditzakezu. Gazteoi bidaiatzeko aukera eta eskaintza ugari aurkezten zaizkigu; beraz, mundua ezagutzera atera aurretik informazioa lortu eta interesgarri izan daitezkeen aukera ugari dituzula ohartuko zara.

Mundua ezagutu, lagunak egin eta esperientzia berriak bizi nahi badituzu, oraintxe duzu aukera. Eman ezazu pausoa mundurantz!

Informazio gehiago:

Comments { 0 }

Errespetu eza gazteon gauza omen da…

Gaur egungo gazteek ez dute errespeturik. Esaldi hau askotan entzun eta irakurri behar izaten dut adin handikoen ahoetatik. Lehengo egunean, lagun batekin kalean nengoela, ikusi nuen ume talde bat baloiarekin jolasean zebilela. Baloiaz amona bati buruan jo eta gaixoa lurrera erori zen kaskarrekoarengatik. Korrika joan nintzaion laguntzera, baina berak sekulakoak esan zizkidan. Gehien harritu eta nire onetik atera ninduena izan zen ni berari laguntzera joan nintzela azaltzean, berak, garrasi batean, “ez duzue errespeturik” esan zidala.

Gure kultura dela eta, txikitatik balio batzuk erakusten dizkigute. Txikitatik ikasi dugu helduagoei, batez ere, errespetuz hitz egin behar zaiela. Denok dakigun bezala, ume batzuek ez dituzte balio horiek barneratzen, ez txikitan eta ez heldu egiten direnean… Hor dago gakoa. Hala ere, hainbatek egiten dituzten orokortze horiek denak zaku berean sartuz, sutan jartzen naute. Munduan denetik dago: bai errespetu handia duten gazteak, bai errespetua zer den arrastorik ere ez dutenak. Halere, heldu batzuek ez dakite umeenganako eta gazteenganako errespetua zer den, eta hori ere esan beharra dago.

Hasteko, aipatu beharra dago oso orokorra dela denak zaku berean sartzeko ohitura, eta honek hainbat arazo ekartzen dituela gure gizartera. Gai guztietan gertatzen da, eta bistakoa da ez dela horrela. Aintzakotzat hartzen dira kasu hauetan gauza on guztiak, eta txarrak baino ez dira plazaratzen. Edonori ematen dio amorrua bere aurka horrelako orokortzeak egiteak; hala ere, denok dugu horretarako joera.

Zehazki kasu honetan, alde batera utzi beharko lirateke topikoak (gazteak dira…), eta kasu bakoitza aztertu beharko litzateke. Badira gaizki ohituta dauden umeak eta ez hain ondo jokatzen duten helduak ere. Halere, esan genezake haurrak beraien aldeko argudio garrantzitsu bat dutela, hauek ikaste-prozesuan baitaude. Gauzak honela, arrotzagoa egiten zaigu zenbait helduk jarrera desegoki hauek izatea, baina denetik aurki dezakegu.

Jaiotzen garenetik erakutsi ohi dizkigute ondo eta gaizki dauden jokabideak, eta garbi dago denok ez dizkiegula ematen garrantzi bera balore batzuei zein besteei. Pertsona oro desberdina da eta jokabide desberdinen arrazoi bakarra hau litzateke. Ez dut uste adin kontua denik.

Comments { 3 }
-->