Datorren ostiralean, taldeko argazkiak ateratzearekin batera, emango diogu hasiera ofiziala gure aurtengo ibilbideari, hau da, euskaljakintza 6ri. Halere, dagoeneko abian gara; izan ere, idatzi dugu gure lehenengo artikulu sorta -laster argitaratzen hasiko garena-, hasi gara hizkuntza lantzeko ariketak sortzen eta, atzo bertan, gure lehen bisitaria, Markos Gimeno palindromogilea (@smuakr Twitterren), izan genuen euskaljakintzan.
Markosek palindromoen mundua hurbildu zigun. Zer da, baina, palindromo bat? Ezkerretik eskuinera zein eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den esaldia. Ermuarrak palindromoak historikoki kokatu zizkigun, hitzaren jatorria azaldu, luzera ezberdinetako hainbat adibide erakutsi eta irakurri… Horretaz gain, Zerora jasoa blogean ariketa moduan ipintzen dituenak erakutsi eta haiei erantzuna nola aurkitu azaldu zigun: zenbakiek zer esan nahi duten, ardatza nola topatu… Hau da, ariketa egiteko zein urrats jarraitu azaldu zigun. Jarraian, berak proposatzen zizkigun ariketak ebazten saiatu ginen. A ze erraztasuna batzuena!!
Nik pixka bat zirikatuta, Markosek abian duen beste proiektu baten berri eman zigun: Hitzokei. Hitzokei sarean, batik bat twitterlarion artean, aski ezaguna den egitasmoa da, bere txokoa izatera iritsi dena. Nahiz eta orain arte inoiz ez naizen Hitzokei bat sortzera animatu, ekimen interesgarria iruditzen zait. Ea hemendik aurrera euskaljakintzakook Markosek astero proposatzen dituen palindromo ariketak (azkena hementxe) egiten eta hitzokei ezberdinak sortzen hasten garen!
Kontuak kontu, hizkuntzarekin jolasean ederki pasatu genuen. Mila esker, Markos, euskararekin gauza ugari egin daitekeela erakusteagatik, gure jakintza zabaltzeagatik eta Jakintza Ikastolara gerturatzeagatik!
Informazio gehigarria:
- Artea da, beraz literatura izan behar da? , Argiak
- Hitza azti, Aizu!
- Markos Gimeno Nickdutnik programan (bideoa)
Iruzkin berriak