Eskuak loturik dituztela igo dituzte trenera. Lurrera begiratzera behartzen dituzte inguruan dituzten gizon armatuek; baina Anacek artean bost urte ditu, eta bere garaiera txikiak beste guztien aurpegiak ikusten uzten dio inor ohartu gabe. Eta gehienak, ama eta bera bezala, kaletik bahituak izan direla ondorioztatu du beraien itxura hutsalari esker.
-Ama, non gaude?
Makilakada batek erantzun dio; eta lurrera erori da, ama atzetik jarraiki, hemorragia geldiarazten saiatzeko… Baina ez du txintik esan, zigor bera ez pairatzearren.
-Inork ba al du familiartekorik Estatu Batuetan? –oihu egin du gizon armatuetariko batek maskararen atzetik.
Bagoiaren barruko ehun pertsonen artetik erdiak baino gehiagok altxatu dute besoa. Bahitzaileek jakin badakite El Salvadorren jende gehienak dituela senideak Mexikoko mugatik bestaldera. Anacen ama horietako bat da. Bi hilabete badira seme zaharrena –oraindik lurrean botata dagoen umearen anaia- hara bidali zuenetik.
-Beste guztiak trenetik bera! –erantzun die maskaradunak, eta airean zenbait tiro botaz esnatu ditu beraien sinesgabetasunetik.
Badirudi bere semearen gainean makurturik dagoen emakumea deigarri gertatu zaiola trena hustu berri duen gizonari.
-Has gaitezen hirekin… -xuxurlatu dio amari iletik tira eginez. Gero burua altxatu du- Mezu hau denontzat da: bagoi honetatik ez da inor aterako zuen familiarteko burgestxoek 3.000 dolar ordaintzen dituzten arte. Hi –esan du, berriz ere Anacen amari begira-, emadan hire senidearen telefonoa.
-Baina jauna, nire semea orain bi hilabete joan da Estatu Batuetara, eta ez du artean lanik aurkitu… Ezingo dugu berorren dirua ord…
Bala batek zeharkatu du Anacen amaren garezurra, ezkerretik eskuinera. Emakumea bere semearen gainera erori da, hura ukitzen duen azken aldia izango dela jakinik.
…
Urtean 800.000 pertsona salerosten dira munduan zehar. Zortziehun mila. Milioia ia. Anacen istorioa erreala ez den arren, kontu hau jende askoren errealitatea da, tamalez. Biziko duten azken errealitatea batzuentzat, hasi berri den infernua besterik ez beste zenbaitentzat.
Aurrez aipaturiko zifra Estatu Departamentuak eman zuen 2008n, eta, argitaraturiko agiriaren arabera, jende horretatik %80 emakumezkoa da, erdia artean adingabea. Honetarako “arrazoiakâ€: dirua lortzeko bahiketa masiboak –sarrerakoaren antzekoak-, esplotazioa, prostituzioa eta organo trafikoa.
Datu hau aurkitu nuenez geroztik, zenbaki bakarra dut buru barnean oihartzun egiten: 800.000. Ezin sinets dezaket esklabotza –ekintza honek beste izenik ez baitu- XXI. menderaino iritsi izana; sendabide baten aurkako parasito baten antzera lortu du, baina, zoritxarrez.
Nazio Batuen Erakundeak –eta beste zenbait Gobernuz Kanpoko Erakundek- buru-belarri dihardute lanean krimen honen aurkako irtenbide baten bila, baina ondorio nabarmenik gabe. Eta ez dut beraien lana gaitzesten, ezta gutxiagorik ere! Egoera zein zentzugabea den besterik ez dut azpimarratu nahi.
Negargarria iruditzen zait “Aro Modernoa†atzean utzi eta bi mende beranduago oraindik inork beste pertsona baten etorkizunarekin jokatu ahal izatea, horrek zenbat senitarteko, lagun eta ezagunengan eragingo duen pentsatzeko astirik hartu gabe; eta pertsona horrengan bertan utziko duen “zaurian†erreparatu gabe, pertsona izaten jarraituko duela suposatuz.
Baina hau da bizi garen Aro Garaikideko errealitatea.
Iruzkin berriak