Tag Archives | gizartea

Noiz arte?

noiz_arte_1Albiste ugari izan da amaitzera doan 2008 urte honetan; batzuk onak eta beste batzuk, berriz, ez hain onak. Horien artean krisi ekonomikoa izan daiteke askorentzat urte honetan pairatu den arazo nagusia; halere, horrez gain, bada urteak aurrera egin ahala oraindik ere konpondu ez den eta gizartean egunerokotasunez bizi dugun arazo larri bat.

Berriako bilatzailean tratu txarrak jarri ostean, guztira 490 testu azaltzen direla konturatu naiz. Benetan datu lotsagarria dudarik gabe. Baina, pixka bat pentsatuta, zenbaki normaltzat hartu dut; izan ere, ia egunero, edo behintzat astero, entzuten baitugu indarkeriarekin loturiko berri penagarriren bat.

Indarkeria, Harluxet entziklopediaren arabera, norbait menderatzeko indar zakar eta basa da. Beraz, gogorkeriaren barruan hainbat atal bereiz daiteke: genero indarkeria, haurren aurkakoa, bullynga, tortura… Hori horrela izanik, duela gutxi komunikabideetan nagusitu den Albaren kasua aipatu nahi nuke. Alba egun gurpildun aulki batean dagoen Bartzelonako haur errugabe bat da; medikuen arabera, ez du gehiago hitz egiteko gaitasuna berreskuratuko. Edonola ere, hori guztia ez da jaiotzetik duen arazo bat, ez. 2006ko martxoan, Albak 5 urte zituenean, bere aitaordeak emandako jipoiaren ondorio larri bat baino ez da. Baina, ez hori bakarrik, bere ama biologikoak ere ez zion laguntza gehiegirik eskaini, ez ikusiarena egin baitzuen lagundu beharrean.

noiz_arteDena den, ez pentsa gisa horretako basakeriak gure inguruan gertatzen ez direnik. Bartzelonatik Euskal Herrira etorriz, Euskal Estatistika Erakundearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, 3223 emakume izan ziren beren bikote edo parekoren baten biktima 2007. urtean; noski, tratu-txarrak salatu ez zituzten emakumeak kontuan hartu gabe. Azken finean, numero hori irakurtzeko nahikoa dugu segundo bat; hori dela eta, askotan zenbaki batean baino ez da geratzen, egoera jasangaitzak bertan jarraitzen duen bitartean.

Lehengo hariari jarraituz, amaraunean informazioa bilatzen ari nintzela, erasotzaileek erasotzeko dituzten arrazoiak topatu nituen. Horien artean, aurretik jasan dituzten tratu txarrak, arazo psikologikoak, bizi izandako familia giroa… zeuden. Edozelan ere, eta hori kontuan hartzekoa den arren, ez dut uste horrek pertsona baten heriotza edo zauri fisiko zein psikologikoak eragitea justifika dezakeenik.

Amaitu baino lehen, honelako egoeraren bat bizi duenari -genero indarkeria, ikaskideen erasoak edo situazio hau jasaten ari den norbait ezagutzen duenari-, lehenbailehen salatzea komenigarria dela adierazi nahi nioke; izan ere, inongo dudarik gabe, ulertezina da XXI. mendean, oraindik, horrelako gertakariak nozitzen jarraitzea. Ez al da, bada, hau aurrera doan herria?

Comments { 0 }

Nork ez du noizbait ipurdiko bat jaso?

haurra izututaDuela egun gutxi, telebistako albisteak ikusten ari nintzela, entzun nuen Jaengo Pozo Alcóneko emakume batek kartzela zigorra jaso eta urtebetez bere semea ikustea debekatuta izango duela. Hau entzun ondoren, nire artikulurako gai paregabea zela pentsatuz, informazioa bilatzeari ekin nion. Zigor honen arrazoia emakumeak bere semeari zaplazteko bat jo izana da. Baina zilegi al da zaplazteko bategatik hainbesteko zigorra ezartzea? Nire ustez, ez. Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal jorratzera.

Egun hartan, emakumea eta bere semea etxean zeuden. Haurrak etxerako lanak egin ez zituelako edo, amak zaplazteko bat emanez erreakzionatu omen zuen. Egia da amak ez zuela horrelakorik egin behar, ez baitago jo beharrik umeen jokabidea zuzentzeko, baina ipurdiko bat noizean behin, agian, etorkizunera begira mesedegarria izan daiteke. Hala eta guztiz ere, zigor mota horiek mugatzearen aldekoa naiz, nahiz eta noizean behin zaplazteko bat edo zigorren bat ongi etor daitekeen, muga batzuen barnean, noski, eta haurraren osasuna errespetatuz.

haurrakHerritarrak gertatutakoaz ohartzean, berehala hasi ziren lanean eta orain sinadurak biltzen ari dira emakume honen askatasuna lortzeko. Ez hori bakarrik, semeak komunikabideetarako hitz egin du, eta berak ere bere amaren askatasuna eskatzen du; izan ere, berak gaizki jokatu zuela aitortzen du eta nork ez ote duen inoiz zaplazteko bat jaso galdetzen dio bere buruari.

Benetan lotsagarria iruditzen zait gertakizun hau epaitu duen epaileak horrenbesteko zigorra ezartzea. Neurrian jasotzen al dute emakumeenganako tratu txarrak izaten dituzten gizonezko, pederasta, bortxatzaile eta horrelakoek? Hauei ezartzen dizkieten zigorrak apalak izaten dira askotan: urte pare bat kartzelan, edota hori baino gutxiago, euren bikotekidearengana hurbiltzeko debekua, eta azkenaldian epaitegiak lanez gainezka daudela eta, zenbaitetan ez dituzte kontuan ere hartzen. Horregatik, zigor hauek guztiak nahikoak ez direlakoan nago.

Azkenik, esan, epaile bakoitzak iruditzen zaiona erabakitzen duela, betiere, legea errespetatuz eta bere etika-morala aplikatuz; beraz, epailearen araberakoak izango dira hartzen diren erabakiak. Horrekin adierazi nahi dudana da, honelako erabakien aurrean epaileak azken hitza izan arren, nola edo h ala erabaki hori aldatzeko aukera egon beharko litzatekeela.

Comments { 1 }

Orain egiten ez badugu, bihar berandu izan daiteke…

suizidioa 12008ko azaroaren 21a, 19 urteko gazte batek bere buruaz beste egin du pilulen edonolako kontsumoa dela eta. Horrez gain, bere buruarekiko gorrotoa adierazten zuen ohar bat utzi du… Harrigarria albistea, ezta? Bada, Floridako gazte honek bizitza nola kentzen zuen Justin.TV web orriko ikusleei erakutsi zien etxeko web kamera erabiliz. Abraham K. Biggs-ek, lehen esan bezala, pilulak gehiegizko kopuruan kontsumitu zituen eta etxean zeukan kamerari bizkar emanez ikusleei bere suizidioa transmititu zien. Gauzak horrela, Fox News-ek dioenez, foroko hainbat pertsonak Biggs iraindu zuten muntaia bat zelakoan. Beste batzuk, aldiz, poliziarekin kontaktuan jarri ziren, eta hauek Abraham bizi zen tokira gerturatu ziren. Han bizitzarik gabeko gorpua ohean etzanda aurkitu ostean, kamera itzaliko zuten.

Hori gutxi balitz, egun batzuk besterik ez dira pasa Craig Ewerten heriotzaz geroztik. Erresuma Batuko gizon honek, gaixotasun larri batek jota, gorputz osoa paralizaturik zeukan. Berak zioen bezala, bere bizitza tortura bat zen eta amaiera eman nahi zion ahal bezain laster. Bere buruaz beste egiteko gauza ez zenez, Suitzako erietxe batekin kontaktuan jarri zen eutanasia burutu ahal izateko. Nahiz eta eutanasia kasu baten aurrean gaudela iruditu, askok suizidioa zela baieztatu zuten, bere ahotik hori atera baitzen.

Aurreko hariari jarraiki, gogoratzen al duzue Ruslana Korshunova modeloa? 20 urteko gazte honek, Elle eta Vogue aldizkarietako azaleko argazkietan azaldutakoak, bere burua Estatu Batuetako Water Street apartamenduko bederatzigarren pisu batetik bota omen zuen. Hala eta guztiz ere, polizia oraindik ere azterketa burutzen ari da; izan ere, inork ere ez daki apartamenduan berarekin norbait zegoen, eta suizidio bat izan ordez, hilketa batez ari garen.

2008. urte honetako suizidio entzutetsuenak aipatuta, portaera suizidak baloratzea ez dela batere erraza esan dezakegu; dena den, jakina da lotura estua duen hainbat faktore badagoela. Arrisku hauei tripak hustu ondoren, ondorio batera irits gaitezke: pertsona suizida batek bere kezken jatorria ezagutu eta konponarazteko saiakera eginez gero, suizidioa saihesteko eskailera bat gehiago igoko luke.

Aipatu dugun legez, hainbat faktore dago pertsona suizidiora bultzatzen dutenak. Faktore hauetako bat depresioa dugu, pertsona askok eta askok bere bizitzako uneren batean eta gradu ezberdinetan jasaten duten gaixotasuna. Depresio arin batetik bizitzari mehatxu egiten dion arazo batera arte salto handia dago. Dena den, kontuan izan behar dugu senda daitekeen faktore batez hitz egiten ari garela. Gaixotasun hau pairatzen duten pertsonei bizitza erabat aldatzen zaie. Hauek eguneko zati handi batean triste daude, nekea dute eta, horrez gain, beste garai batean disfrutatzen zituzten gauzei garrantzia kentzeko ohitura dute. Adibide bati beha, badakigu depresioak edonoren pentsamendu, sentimendu, osasun fisiko eta portaerari eragiten dietela; hala ere, horrek ez du esan nahi errua depresioa jasaten ari den horrena denik, kontuan izan behar baitugu gaixotasun mental baten aurrean gaudela. Ikerketek diotenez, gainera, emakumezkoetan gizonezkoen bikoitza ematen omen da. Pertsona hauen autoestimua baxua da eta askok bizitzari garrantzia kentzen diote, baita beraien existentziari ere. Egoera hau tratatu ezean, suizidio-arriskua handia izan daiteke.

Eskizofreniaezin dugu aipatu gabe utzi, gizartean puri-purian dagoen gaia baita. Horrela, zenbait aspektu gainbegiratzean argitara eman diren ideien analisi bat egiteari komenigarri deritzot. Hasteko, jakina da buruko gaixotasuna duen pertsona batek, beste pertsonekin komunikatzeko orduan, zailtasunak dituela eta bere pentsamenduak nahasiak direla. Pertsona hauek errealitateaz at joateko ohitura dute, eta, sarri askotan, ahots bereziak entzun eta gauza arraroak ikusi ohi dituzte, nahiz eta bertan ez egon. Denbora luzez errealitatez at bizi den pertsona eskizofreniko bat nazkatu egiten da, eta suizidioaren ideia burutik pasatzea ohikoa izaten da.

Ruslana KorshunovaGaur egun, alkoholismoa eta drogomenpekotasuna suizidioaren kausa nagusi bilakatu dira. Biak gaixotasun kronikoak dira eta eragin zuzena dute osasunean, norberaren psikologian eta familiarekiko harremanetan, besteak beste. Mendekotasunean erori garela ohartu eta arazoari konponbiderik eman ezean, depresioan erortzeko arriskua dago. Hori dela eta, sintomei erreparatzea ezinbestekoa da: energia falta, antsietatea eta kontzentrazio eza, besteak beste.Gorputzak ere ematen digu arazo hauen berri: gibeleko gaitzak, botaka maiztasunez egiteko gogoa… Horregatik, konponbidea hasieratik bilatzen saiatu behar du egoera honetan dagoen pertsona orok, arazoa beste muturreraino joaterik nahiz ez badu, behintzat. Horregatik, ikastoletan hainbat programa egoten dira gaztetxoei alkoholak eta drogak dakartzaten ondorioez oharrarazteko. Hezkuntza eta familiaren laguntza elkartuz gero, arazoa saihestea lor daiteke.

Faktore bakar batzuetan baino ez dugu sakondu; halere, aipatu ez ditugun familia-arazoak, gurasoengandik jasotako tratu txarrak, bakardadea eta ikasketa arazoek ere eragin handia izan dezakete pertsona batek bere buruaz beste egiteko duen gogoan. Egoera honetara iritsita, suizidioari STOP esan beharko genioke; horretarako, baina, arrisku-faktore hauen guztien ikerketa behar-beharrezkoa da. Amaitzear dagoen urte honetan, jende askok suizidioa aurrera eramatea pentsatu du, eta beste horrenbestek bere buruaz beste egin du. Hauetako askok medikuarenera joateko arazorik ez zuten,baina ez ziren joan. Medikuak suizidio-arriskua baloratu ezean, jai dugu.

Amaitzeko, datorren 2009. urtean suizidio kasuei amaiera eman nahi badiegu, profesionalei arreta jartzea eskatu beharko genieke eta faktore ezberdinen aurrean dagoen pazienteari beharrezko asistentzia eskaini. Horregatik, artikulu hau arazo ezberdinen mendean dauden guztiei zuzenduta doa: ez zaitezte zuen arazoetan ito eta eskatu laguntza. Pentsa ezazue gaur irtenbidea topa dezakezuela; bihar, agian, berandu izango da.

Jarraian, suizidioa saihestearen aldeko informazioa ematen duen bideoa:

Comments { 0 }
-->