Tag Archives | gorrotoa

Nire eskua zurean

“Gau goizean, kaletik paseatzen genbiltzala, ihes egitea erabaki dut.
Ni neu harrituta geratu naiz bat-bateko erabakiarekin. Nola ez zait, bada, lehenago bururatu! Hain argi zegoen! Zer egiten nuen nik, hantxe, bi haiekin paseatzen, amorratuta ama bere nobioarekin besotik helduta ikustean?
Bordara! Alde egingo dut bordara!”

Mariasun Landaren Nire eskua zurean liburua eskuan dudala, zuregan pentsatu dut. Gaur benetan gorroto zaitut. Zure jarrerak ez du zentzurik, ez arrazoirik. Oraintxe, zure presentziaren azken zatirik ere ez dagoen urruneko lekuren batean egon nahi nuke, zurekiko oroitzapen lausoena ere ez dagoen tokian.

eskuakHan benetan libre izango nintzateke. Zuregatik negar egiteko arrazoi gehiagorik ez nuke izango, zorionekoa nintzateke. Sentimendurik gabeko lekua litzateke, hotza, iluna; baina, era berean, argia eta beroa.

Gauaren iluntasunean malkoak erortzen zaizkit masailean behera, ezpainak bustiz. Zapore gazi horrek zurekin pasatako unerik gazienak dakarzkit gogora. Momentu on guztiak ezabaturik geratu dira, zure argazkiari begira txarra den oro etortzen zait gogora. Tuntuna ni perfektua zinela pentsatu nuenean.

Jada ez dut indarrik zuri kontra egiteko, etsita nago. Bidean pixkanaka agortzen joan zait kemena, liskar bakoitzak banan-banan berarekin eraman ditu biok batzen gintuen zubiaren oinarriaren zatiak, hondamendia itzulezina izan den arte. Gorrotoak esperantza ororekin amaitu du.

Halako batean, itxita dauden leihoen zirrizkoren batetik haize hotza sartu da. Gorputzaren alde batetik sartu eta beste aldetik atera zait, izugarrizko hozkirria sentituz. Soina erabat izozturik geratu zait. Hotzik iritsi ez den leku bakarrean zure berotasuna faltan bota dut, zure besarkaden usaina, zure presentziaren segurtasuna, “nire eskua zurean”.

Maitasunetik gorrotora pauso bakarra omen dago; baina askotan, zail egiten den arren, atzerapausoa ematea da garrantzitsuena.

Egun argian-Mikel Urdangarin

Comments { 0 }
-->