Orain dela gutxi jakin genuenez, hiru gizon hil zituzten AEBetan heriotza zigorra dela eta. Kasu horietatik atentzioa gehien eman zidana Troy Davisena izan zen. Gizon hau 2011ko irailaren 2an hil zuten, 42 urterekin, injekzio hilgarriaren bidez. Exekuzio honek izan du polemika gehien; izan ere, jende askoren ustez, akusatua errugabea baitzen. Troy Davis 1991an kondenatu zuten, bi urte lehenago, 1989an, polizia bat hiltzeagatik. Akusatuak hiru aldiz saihestu zuen bere exekuzioa 2007. urtetik. 2011n, berriro ere kasua atzeratu eta ez zutela hilko pentsatu zuen, baina oker zegoen. Epaimahaiak beranduago adierazi zuen poliziak hertsatuta erabaki zuela. Hau da, beraien ustez, Davis errugabea zen, baina poliziak behartu zituen erruduna zela esatera. Ondorioz, hiltzera kondenatu zuten. Ustez berak hildako poliziaren familikoek nola hiltzen zen ikustera joan ziren Jackson kartzelera. Euren aburuz, Davis erruduna zen, eta Anneliese MacPhail alarguna ados agertu zen epaiketaren emaitzarekin.
Azter ditzagun gizon honen azken hitzak:
Ez zen nire errua izan, ez neukan pistolarik eta errugabea naiz.
Esan daiteke horiek ez direla gizon errudun baten hitzak. Horren adierazle da Troy Davisen alde jende ugari ipini zela: manifestazioak egon ziren eta bai Aita Santuak eta Europar Batasunak ere babesa eman zioten.
Goian aipatutako gertakizunaz aparte, duela gutxi beste kasu zital bati buruz entzun genuen: espainiarren biloba zen Manuel Valle heriotza zigorrera kondenatua zegoen Estatu Batuetan, Floridan hain zuzen ere, polizia bat hil izanagatik. Espainiako Gobernuak eta Europar Batasunak zigorra kentzeko eskatu zieten amerikarrei, baina ez zen horrela gertatu. Okerrena zera izan zen: gizon honi jarri behar zioten injekzioa ez zen besteak bezalakoa. Injekzio mota honek kontziente uzten zaitu eta izugarrizko mina jasaten duzu beste injekzio bat jartzen dizuten bitartean.
Dena den, kasu hauek ez dira bakarrak. Berrietan asko azaldu dira eta horregatik ezagutzen ditugu, baina oraindik munduko beste hainbat herrialdetan –Txina, Ipar Korea, Irak eta AEBko estatu batzuetan esate baterako- horrelako zigorrak aplikatzen dira.
Bestalde, Amnesty International-ek adierazi duenez, aurtengo heriotzen portzentajea gutxitu egin da, eta heriotza zigorra aplikatzen duten herrialdeen kopurua ere urriagoa da. Espero dezagun, bada, urte batzuen ondoren heriotza zigorra desagertuta egotea munduan zehar.
Informazio gehiago: rtve.es/penamuerte
Iruzkin berriak