Tag Archives | immigrazioa

Bizitza hobetzeko bidaia edo bizitza galtzeko bidaia?

Gaur egun Espainiara gero eta atzerritar gehiago iristen dira, euren bizilekuko egoera larriak bultzatuta: goseteak, gaixotasunak, baliabide faltak, gerrateak.. Egoera honetan bizi diren zoritxarreko pertsona hauek, ia gehienetan, kultura ezberdina duten herrietara joan behar izaten dute bakarrik, atzean beraien familia eta lagunak utzita, eta ez gutako edonork bidaiatzean duen antzera. Arazo eta eskasia asko jasan behar izaten dituzte, beraien bizitza kalitatea hobetzeko asmoz. Baina beti horrela gertatzen al da?

Hasteko, beste herrialde batera joan nahi izaten dutenak zenbait arazoekin topatzen dira. Alde batetik, beraien herrietan baliteke pentsatutako norakoetara joateko barkurik edo garraiobiderik ez egotea. Bestetik, egotekotan, gehienek ez dute dirurik izaten barku edo direlako horiek ordaintzeko. Egoera honen aurrean bi aukera dituzte. Alde batetik, inor konturatu gabe, ontzi batean sar daitezke eta, bestea, dezente arriskutsuagoa, egurrezko ontzi edo patera batean bidaiatzea.

Azkeneko aukera hau hartzen dutenek izugarrizko bidaia latza jasan behar izaten dute. Lehendabizi, jakin behar da, inongo segurtasunik gabe joaten direla jendez beteta, esertzeko toki justuarekin eta mugitzeko tokirik gabeko txalupetan. Bigarrenik, egurrezko ontzi hauek motorra oso txikia dutenez, hauen gasolina kontsumitzean -eta gehiago eduki ezean-, mareak bultzatuta zeharkatzen dute itsasoa, hainbat egunetan noraezean nabigatuz. Gainera, bidaia luze honetan ez dakite noiz iritsiko diren eta akaso iritsiko ote diren. Horregatik, batzuek, ez denek, aurreikusten dituzten ura eta janariak ez dira nahikoak izaten. Hori dela eta, batzuek, eguzkiaren ondorioz, egarria ezin izaten dute jasan eta itsasoko ura edaten hasten dira. Egarriak hil ordez, ur gaziak duen gatzaren eraginez deshidrataturik hiltzen dira.

Hala ere, askok eta askok bidaia honi aurre egiten diote eta, azkenean, iristen dira. Ez edozein modutan, baina: gehienek medikuen arreta behar izaten dute. Tarte honetan ere asko hil egiten dira. Bidaia eta osasun egoera larriak gainditzeko kemena dutenak kultura ezberdina duen herri batekin topatzen dira, ezer gutxirekin. Ez dute ez dirurik, ez janaririk, ez lo egiteko tokirik, ez dute ezer ere. Egoera honi aurre egin ahal izateko, bertan bizi diren kideen laguntza oso garrantzitsua da. Gaur egun badaude Xede batzuk, CETI (Centro Estancia Temporal de Inmigrantes), arrotzak elikatzeko sortuak izan direnak. Horrela, nahiz eta batzuetan lo egiteko tokirik ez izan, sabela betetzeko aukera behintzat badute.

Dena dela, gune hauek batzuetan ez dira gai izaten hainbeste jende elikatzeko. Hortaz, batzuk ezin izaten dira elikatu ere egin. Horrenbestez, beste irteera bat aukeratu behar izaten dute. Hainbat gaur egun hain famatu eta garestiak diren arropen imitazioak saltzen ibiltzen dira herriz herri, zerbait jateko dirua lortu nahian. Gainerakoak beste mota bateko negozioetan murgiltzen dira. Baina sarritan inork nahiko ez zukeen mundu batean murgiltzen dira, eta honek hainbat arazo sortzen dizkie. Ostean, badaude beste batzuk bertako kulturara ondo moldatzen direnak, eta lan eginez bertakotu nahi dutenak. Honetarako ere arazoa izaten dute. Kontuan izan behar da lan egiteko legalki egon behar dela aukeratutako herrian, eta hauek inongo dokumentaziorik gabe etortzen direnez, ezin dute lan egin. Eta hemen arazoak sortzen dira, hobeto esanda, arazo bat gehiago euren zakurako.

Horregatik, kanpotarrentzat zeharo zaila izan beharra dauka beste herrialde batera bidaiatzea, euren gauza guztiak atzean utzita, eta bertan ezin dutela ezer ere egin ikustea. Une oro ezintasuna sentitzen dute edozer gauza egiteko; ondorioz, askok diru erraza lortzeko joerari ekiten diote. Askotan, egun batez, euren tokian jarri beharko genuke, beraiek jasaten dutena ulertu ahal izateko. Ea modu honetara, horrelako kasuak ematen direnean, elkartasun gehiagorekin jokatzen dugun.

Comments { 2 }
-->