Tag Archives | jimenez

Kilkerren hotsak – EDORTA JIMENEZ

Edorta Jimenez 1953ko azaroaren 8an jaio zen Mundakan. Magisteritza ikasi eta idazteaz gain, hainbat dokumental egin ditu telebistarako. Halaber, Egin, Gara, Egunkaria, Berria eta EITBn Ibili da kolaboratzaile Edorta Jimenezgisa. Eta horretaz gain, telebistan gidoilari lanetan jardun du, besteak beste, ondorengoetan: Hau komeria, Goenkale, Beti eskamak kentzen…

Idazteko garaian, hiru estilo jorratu ditu gehienbat: poesia, eleberria eta narratiba, estilo bakoitzeko hainbat obra idatziz. Aipatu beharra dago poesian Omar Nabarro izenez ezagut dezakegula; izan ere, bere hainbat poema izen horrekin sinatu ditu. Bere lan guztiak euskaraz idatzi ditu, baina horietako batzuk erdarara itzuliak izan dira. Duela gutxi, gainera, Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez Alemaniara joan dira Arantxaren Koaderno gorria eta Edortaren Kilkerren hotsak liburuak aurkeztera, alemanera itzuliak izan direlako. Bere azken obra Ispiluaren kalteak izan da. Liburu asko argitaratu ditu, baina oraindik bide luzea gelditzen zaio Edortari.

Esan bezala obra ugari idatzi arren, ni Kilkerren hotsak eleberriaz arituko naiz. Historiaren hasieran bi pertsonaia azaltzen dira: Bisitaria eta Uriarte. Hauek kontakizun osoan zehar agertuko dira. Lehenengo momentutik badakigu Gerra Zibila izango dela gai nagusiena, bi pertsonaia hauen bitartez murgiltzen gara egoera horretan. Uriarte gobernuko espioi da eta misio bat bete beharko du; hori betetzea izango da bere zereginik nagusiena. Bisitariak asko lagunduko dio. Halere, horren truke, gauza asko jakin nahiko ditu gudaz eta galdera asko egingo ditu. Horrela, gertakizunak eta datuak Bisitariari azaltzen dizkion heinean, irakurleak datu horiek guztiak jasotzen ditu. Beraz, idatzi osoan zehar Gerra Zibilaren datu ugari emango ditu, horietako gehienak benetakoak:

Baina gerraren legeetan legerik gogorrena zein da-eta nolabait desagertua dela jakitea da, desagertu hitz horrek zer esan nahi duen jakin gabe. Hilik? Preso? Ihes egina? Denborak argituko zuen hori ere.

Tokiei erreparatuz gero, Billano herria da istorioan azalduko dena; izan ere, Uriarte bertako bunker batean ezkutatuko da gerra pixka bat lasaitu arte. Plentziako kasinoa ere pare bat aldiz aipatuko da, bertan elkartuko delako Uriarte kazetari eta argazkilari batzuekin, trago batzuk hartuz, gudaz hitz egiteko. Baina Bilbo izango da tokirik garrantzitsuena eta bertan gertatuko da akzio gehiena. Gainera, benetan existitzen diren tokiak aipatuko ditu: Iturribide kalea, El Arenal, Bilboko kafea…

Kilkerren hotsakPertsonaiei begira, nagusiez gain, pertsonaia ez hain garrantzitsuek ere parte hartuko dute liburuan. Izan ere, kazetari eta argazkilari asko agertuko dira eta hauek izango dira gerraren frogak nolabait dituztenak, beraien kamerekin edo begiekin ikusi izango dutelako gudak sortutako hondamendia. Lehengo harira, pertsonaia nagusiena Uriarte dugu, eta istorio osoak bere inguruan biratuko du. Lehenik, Alejandro Mallota alkatearen fusilamendua aztertuko du. Bigarrenik, misioa burutzeko, uneoro jendearekin hitz egingo du informazioa, datuak… lortu nahian. Bukatzeko, amodiozko istorio bat bizi izango du. Amodiozko istorio horretan, Elena agertuko zaigu. Ez da ohiko amodiozko istorioa izango; izan ere, Uriartek hasieran ez du jakingo Elena emakume ezkondua dela, senarra gerran dagoen bitartean Uriarterekin egoteaz baliatzen dena. Sinbadek ere zeresan handia izango du eleberrian, berak esango baitizkio misioaren nondik norakoak. Misio hori barku batean ahal dituen faxista gehienak sartzea izango da, faxista gutxiago egoteko euren inguruan. Bestalde, Bisitaria, lehen esan bezala, eleberri osoan zehar azalduko da eta asko lagunduko dio Uriarteri, aurkikuntzaren bat ere egingo duela.

Arestian aipatutako pertsonaiak izango dira garrantzitsuenak. Halere, hain garrantzitsuak izango ez diren beste hainbat aurkituko dugu: Lauaxeta, Noel Monks, George Steerren, Bruno Mendiguren, Jay Allen, Robert Capa… Azken hau oso ezaguna da hainbat argazki oso famatu egin izanagatik. Ez dugu George Steerren ahaztu behar, berak idatzi baituzen El arbol de Gernika. Narrazio guztiak benetako pasarte asko ditu, eta pertsonaiak ez dira gutxiago izango; izan ere, hiru pertsonaia izan ezik -Uriarte, Bisitaria eta Elena-, beste guztiak errealak baitira.

Kapituluen antolaketari dagokionez, batetik bestera lotura garbia mantentzen dela esan daiteke. Kapitulu batean kontakizun batekin hasten bada, hurrengoan lotura mantentzen da, nahiz eta batzuetan ez izan jarraipena. Beste hainbat kasutan, gudako data bat jarriz, gertaeraren bat gogoratzen hasten da eta pixkanaka berriro ere kontakizunarekin jarraitzen du. Datak jartzen dituenean, askotan iraganera eramaten gaitu; hortaz, esan dezakegu argumentua ez dela guztiz lineala.

Narratzailea barruan dago eta nobela osoan zehar berak egiten ditu kontakizun guztiak; horrela, istorioarekiko hurbiltasuna sumatzen dugu. Pena bat da bakarrizketaren bat ez egotea, horrek pertsonaia hobeto ezagutzera eramango gintuelako.

Gehiena narrazio bada ere, elkarrizketak ere garrantzia hartuko du; izan ere, elkarrizketa moduan datozen pasarteei esker datu asko lortuko baitugu. Pena da toki nahiz pertsonen deskribapenik ez egotea. Hauen falta sentitu dut; agertu agertzen dira, baina gehienbat gertaeraren bat azaltzeko:

Bitartean bonbetako batzuk gertu-gertuan ajusten zirela igarri nuen. Geltokirako bidean kalteetako batzuk ikusi genituen. Iturbide kaleko gordeleku bat , auzotar batek etxekoentzat egina zena, airean joana zen. Zaurituen alargunak ala hildakoen gorpu zatiak, ez dakit zer egin zitzaidan mingarriago…

Amaitzeko, esan beharra dago kontakizun historikoak gogoko dituztenentzat oso aproposa dela liburu hau. Nire ustez, horrelako istorioak oso egokiak dira pasatako garai bateko bizitza, pentsamenduak, gertaerak, jendea… ezagutzeko. Gainera, jakinda istorioa egiteko dokumenturen bat eta hainbat pertsonaia errealak direla, garai haietan murgiltzea errazago egiten zaigu. Dena den, kontakizunak badu ezaugarriren bat edo beste batere gustatu ez zaidana: gertakari batez hitz egiten hasten da, eta denbora luze batean eten egiten du kontaketa hori beste batekin jarraitzeko. Hori, esan bezala, ez zait batere gustatu. Bestalde, askotan data eta informazio gehiegi sartu izan dituenez, batzuetan eleberria pisutsuegia egin zait. Beraz, lehen esan bezala, gai historikoak gustukoak badituzue, liburu hau aproposa izango da zuentzat.

Aurreko guztia osatze aldera, hemen duzue autoreari Kilkerren hotsei buruz egindako galdeketa eta liburuaren kritikaren bat.

Comments { 0 }
-->