Gaur egungo gizartean, begi onez ikusten da jendeak kirola egitea eta bere gorputza zaintzea. Gorputz zaindua edukitzea modan jarri da, eta horren adibide dira herri gehienetan aurki ditzakegun gimnasio eta kiroldegi kopurua. Denek, ordea, ez dute arrazoi beragatik egiten kirola. Batzuek ondo pasatzeko egiten; besteek, berriz, soberan dituzten kiloak galtzeko. Badago hirugarren talde bat: bere gihar kantitatea gehitzeko egiten dutenak. Azken hauek kulturista izenez ezagutzen ditugu, eta egiten dituzten ariketen helburua gihar kantitatea gehitzea da.
Esan bezala, kulturisten helburua euren gorputzeko giharrak ahalik eta gehien lantzea da, ondo markatuta gera daitezen. Historian atzera eginez, konturatuko gara, mendeak joan eta mendeak etorri, ez zaiola beti garrantzi bera eman gorputzari. Gorputza zaintzen hasi ziren lehenak grekoak izan ziren. Bere kulturan, asko miresten zen ondo zainduriko gorputza. Honen adibide dira garai hartako marrazki eta eskulturetan azaltzen diren pertsona mitologiko eta gerlariak: denak gorputz gihartsu eta zainduekin azaltzen dira. Erdi Aroan, berriz, gorputzak ez zuen horrenbesteko garrantzirik izan, eta, geroaro, Aro Modernoan, gorputzak gora handia berreskuratu zuen. Gaur ezagutzen dugun kulturismoa Frantzian hasi zen, XVIII eta XIX. mendeetan. Garai hartan kirol modura hasi zen praktikatzen eta honen helburua itxura fisikoa zen, hau da, kultura fisikoa. Hemendik datorkio gaurko izena: kulturismoa. Eugen Sandow izan zen kulturismoa lantzen hasi zen pertson. Bera izan zen lehena bere gorputzarekin erakustaldiak egiten, bere giharrak agerian jarriz. Sandowek, gainera, kulturisten arteko lehen lehiaketa antolatu zuen 1901. urtean Londresen, The Great Competition izenarekin.
Kulturismoa ez da kirol mota bat, bizitzeko era bat dela esan daiteke; izan ere, bertan buru-belarri dabiltzanak kulturismoan besterik ez dute pentsatzen. Ezin dute edozein janari jan, dieta zorrotz bat jarraitu behar dute eta, gainera, bere egunak pisuak altxatzen eta giharrak lantzen pasatzen dituzte. Hasiera batean, hau guztia laguntzarik gabe egiten zen: bakoitzak ahal zuen guztia entrenatu, eta lorturiko emaitzekin konforme egon beharra zuen. Denborarekin, ordea, gauza guztietan bezala, teknologia berriek eta gai honi buruz egindako ikerketek “onurak” ekarri dizkiote kirol honi.
Alde batetik, teknologia eta ikerkuntzei esker, giharrak hobeto lantzeko makinak egin dituzte. Makina berri hauei esker, muskuluak azkarrago eta era egokiagoan lantzen dira eta, gainera, lesioak izateko aukera murrizten da. Makina hauen onurak ez dituzte kulturistek bakarrik izaten; izan ere, gimnasio guztietan aurki daitezke, modu batera edo bestera, giharrak lantzeko balio duten makina hauek. Hori gutxi balitz, erabiltzeko errazak direnez, jendeari gorputza zaintzeko aukera ematen diote.
Baina beste hobekuntza batzuk ere izan ditu kulturismoaren munduak. Hauek ikerketa batzuen ondoren lortu dira. Hasiera batean, ezer gutxi zekiten gorputzaren funtzionamenduaz eta honek zituen hormona eta giharrak nola lan egiten zuten. Baina denborarekin, medikuntzaren garapenari esker, badakigu nola funtzionatzen duen gure gorputzeko atal bakoitzak. Ikerketan hauei esker, badakigu dieta berezi bat jarraituta giharrak lantzea posible dela. Hori egiteko honako dieta hau aholkatzen da: karbono hidratoak, %60; proteinak, %30; eta lipidoak, %10. Esan bezala, dieta hau bereziki prestatua dago giharrak ahalik eta gehien lantzeko.
Horiek denak gutxi balira, gaur egungo kulturistek beste laguntza bat ere badute. Egindako ikerketek gorputzaren funtzionamendua hobeto ulertzen lagundu digute eta, beraz, giharrak azkarrago hazteko metodoak garatu dituzte. Horietako bat, ezagunena eta erabiliena, hormonak dira. Hauek gorputzak sortzen ditu, behar dituen kopuruan, gorputza garatu edota funtzio jakin bat burutzeko. Kulturistek hormonak erabiltzen dituzte euren giharrak azkarrago eta gehiago garatzeko. Beste kirol guztietan ez bezala, honetan ez dago debekatua gorputza indartzeko eta garatzeko produktuak erabiltzea. Kulturisten erakundeek ez dute gomendatzen produktu hauek erabiltzea, eta oso era zorrotzean kontrolatzen dute erabilera hori, nahiz eta debekatu ez.
Hormona horietatik erabilienak esteroide anabolikoak dira, testosterona. Gehienbat gizonezkoek eratzen duten hormona da, eta bere sexu aparatua eta giharrak garatzeko erabiltzen da. Kulturistek giharrak ahalik eta gehien garatzeko erabiltzen dute, baina askok ez dakite -edo ez dute jakin nahi- bere gorputza kaltetzen ari direla epe luzera; izan ere, hormona hauek gehiegizko kantitatean hartzeak albo-ondorioak sor ditzake gorputzean: arterietako hipertentsioa, tumore hepatikoak… Gainera, sexuaren arabera, ondorio ezberdinak sortzen ditu. Gizonezkoengan, barrabilen tamaina txikitzen du, espermatozoideen mugimendua murrizten du, esteril bihurtzen du gizona eta ilea erortzen hasten da. Emakumeetan, aldiz, ahotsa aldatu eta aurpegian ilea ateratzen hasten da, eta hilekoaren erregulartasuna ere aldatu egiten da. Ondorio fisikoez gain, psikikoak ere sor ditzake: aldartea aldatu, kontsumitzailea erasokor bilakatu, depresioak jo…
Laburbilduz, argi dago kulturismoa egitea ez dela erabat osasuntsua. Ez dago zertan muturretaraino joan. Kirola ez egitea eta kirol gehiegi egitea kaltegarriak dira gorputzarentzat; beraz, egokiagoa da egin behar den kirol kantitatea neurtzea eta ez itsutzea kirola egitearekin. Bestalde, kulturisten mundua hobe arautu beharra dagoela iruditzen zait. Horretarako, lehiaketetan, antidopin testak egin beharko lituzkete, substantzia kaltegarri horien kontsumoa murrizte aldera. Kulturistak itsututa daude ahalik eta gorputz gihartuena lortzearekin eta ez dira ohartzen, gaur kalte egiten ez dien zerbaitek, hemendik urte batzuetara bizitza izorratu diezaieketela; beraz, kulturismoaren mundua arautzeari ezinbestekoa deritzot.
Iruzkin berriak