Tag Archives | kontsumismoa

Opari bat zuretzat!

Abenduan sartzeaz batera, telebista piztu orduko biak, bai begiak eta baita belarriak ere, nekatzeko moduko iragarki piloen presentzia areagotuz doala konturatzen naiz. Hau gutxi balitz, kaleetan honezkero hasi dira gauak nola egunak apaintzen dituzten argi koloretsuz hornituriko dekorazioak. Laster izango dugu, duda izpirik gabe, EITBko urteroko Gabonetako iragarkia gure etxeetako pantailetan, urteroko tradizioari helduz! Nire aurreikuspen ukaezina: Gabonak bertan ditugu, ate joka.

Argiz apainduriko kaleak, kolorez jantziriko pinuak, eta opari mordoa hauen azpian gordeta haurren batek irekiko zain (ez da espero luzea izango hauxe, inondik ere). Nolanahi ere, ilargiak berak bezalaxe, Gabonek badute guztiok ikusten dugun baina ukatzen dugun aurpegia, hots, kontsumismoa.

Orain arte idatziriko lerroetan esandakoa nahikoa eta, apika, gehiegi da zabaldu nahi izan dudan mezuaz jabetu zaitezten, askotan hitz gutxi batzuk nahikoa baitira benetan adierazi nahi dena islatzeko. Ulertze onari, hitz gutxi, ez al da egia? Izan ere, oraingo honetan ene artikuluaren helburua ez da gai honen inguruko eztabaida sortzea besterik. Zertarako dagoeneko jakin badakizuena kontatu? Zuen iritzia baino ez dut nahi gaurkoan!

Azken batean, ziur nago guztiok ondo baino hobeto dakizuela kontsumismoa zer den, baduzuela Gabonetan ematen den kontsumo edo erosketa konpultsiboaren berri, alegia. Hau, jakina, hazi egin da azken urteotan Internet bidezko erosketaren ondorioz, esan beharrik ere ez dago.

Halere, kontua ez da ea benetan ongi iruditzen zaizuen urteko sasoi honetan ematen den bloke kontsumistaren ekintza, ea honen aurrean zuek nola jokatzen duzuen eta nola jokatu beharko zenuketen aitortzeko gai ote zareten baizik. Anima zaitez eta utzi zure iruzkina, konpartitu zure esperientzia euskaljakintzarekin. Prest egongo al zinateke kontsumismoari, zehazki Gabonetako kontsumismoari bizkarra emateko? Gabonetan erosteko behar kontrolaezinak hartzen al zaitu? Zer duzu esateko honen inguruan? Krisiak eraginik ba al du, benetan, gai honi dagokionez? Tik-tak, tik-tak…

Comments { 0 }

Zaharkitzapen programatua

Gure eguneroko bizitza lanpetuan, ia inork ez du denborarik hartzen liburu bat irakurri, lagunekin egon edo familiartekoekin une atseginak pasatzeko. Hala ere, badago denok egiten dugun zerbait: kontsumitu, erosi. Izan ere, gure egunerokoan txertaturik dagoen kontzeptu bat baita. Esaterako, nork ez ditu merkealdiak aprobetxatzen? Nork ez ditu urtaro berriarekin jantzi berriak erosten? Nork ez du… ? Horretaz baliatuz, kontsumo katea zuzentzen duten enpresa handiek zaharkitzapen programatua abiarazi zuten duela mende bat.

Wikipedian irakurri ahal dugunez, zaharkitzapen programatua produktu baten bizitza erabilgarriari bukaera zehatza ezartzeari deritzo, ekoizleak berak produktua diseinatu eta merkaturatzean aurreikusi dena. Baina zer eragin du gure gizartean kontzeptu honek? Ekonomia eta Enpresako irakasleak honen berri eman arte, ez nuen inolako informaziorik honi buruz; izan ere, ezinezkoa iruditzen baitzitzaidan horrelako egoerak eman zitezkeenik. Hala ere, Cosima Dannoritzer zuzendariak eginiko dokumental liluragarriari esker (“Comprar, Tirar, Comprar”), benetako errealitateaz jabetu naiz. Denok gara egoera horren biktimak, guztiok jarraitzen baitugu kontsumismoaren katea.

Behin baino gehiagotan hondatuko zitzaizkizuen etxetresna elektrikoak, autoaren piezak edota beste mota bateko aparailuak. Gertatuko zitzaizuen, halaber, hauek konpontzera eramatean, teknikoek aparatu berria erostea gomendatzea. Ez, ez da kasualitate bat; hori da benetako errealitatea. Izan ere, XIX-XX. mendeen buruan, kontsumismoak gailurra jozuen; produktu guztien ekoizpen masiboa eman zen eta mundu aurreratuetako biztanleek erosteari ekin zioten. Hala ere, garai haietan, produktu guztiak iraupen luzekoak ziren (jantziak, elektrotresnak…); nolabait esateko, produktu “idealak” ziren. Hori, baina, arazo larria zen
ekoizleentza; ekoizkin guztiek denbora luzez irautean, jendeak ez zuelako hainbeste kontsumitzen. Hori dela eta, euren ustezko “produktu perfektuaren” bila hasi ziren. Ezaugarri garrantzitsuena iraupen motzekoa izan behar zuela zen eta mekanismo batzuei esker lortu zuten. Ez al da sinesgaitza?

http://www.lamano-invisible.net/2011/01/obsolescencia-programada.html orrialdetik hartuaHonen guztiaren berri izan nuenean, lotsagarria iruditu zitzaidan. Nola liteke munduko ekoizle handiek biztanle guztiez baliatzea euren interes ekonomikoak lortzeko asmoz. Non geratzen da hainbat aldiz aipatzen den etika? Kasu hauetan, gizakiaren etikaz eta moralaz duda egiten dut. Hori gutxi balitz, gure kontsumo masiboaren biktimak hirugarren munduko herrialdeak dira. Izan ere, horrenbeste kontsumitzean, hondakin asko sortzen dira eta hauek “bigarren eskuko material” modura bidaltzen dira bertara. Benetako zabortegiak aurki daitezke (argazkian ikus daitekeen modura). Hango biztanleek ez al dute nahikorik euren egoerarekin gure zaborra bertara eraman gabe? Negargarria iruditzen zait egoera hau guztia eta horregatik plazaratu nahi izan dut funtzionamendu hau.

Hala eta guztiz ere, esan beharra dago gure ekonomia kontsumoan oinarritzen dela eta, inork kontsumituko ez balu, ekonomia ereduak porrot egingo lukeela, azkenaldian ikusten ari garen legez. Baina zein da irtenbidea? Kontsumitzen jarraitzea? Beste antolaketa mota bat sortzea? Ez nago ziur. Aipatu behar dut, dena den, jadanik egon badaudela egoera honi irtenbide bat eman nahi dioten taldeak edota gizartearen kontzientziak astindu nahi dutenak, besteak beste, Zeitgeist mugimenduan parte hartzen dutenak. Talde hau Venus proiektuan oinarritzen da eta euren helburua dirurik eta legerik gabeko mundu aurreratu bat sortzea litzateke. Horretarako, urtero Z-Day eguna ospatzen dutenean, beraien ideiak plazaratzen dituzte. Hori al da, ordea, benetako irtenbidea? Zein iritzi duzue?

Argia astekariaren youtubeko kanalean
, zaharkitzapen programatuaz Cosima Dannoritzerren hitzak entzun ditzakegu:



Informazio gehigarria:

Comments { 1 }

Kontsumismoaren esklabu

Larunbata, azkenean! Nork ez du inoiz hau pentsatu? Ni neu sarritan pentsatzen dut hain itxarona den egun sakratu hau noiz iristsiko den. Planak eta intereseko ekintzak aldez aurretik pentsatzeko ohitura dugu. Kirolen bat egitea, paseotxo bat ematea, zinera joatea eta erosketaz erosketa ibiltzea dira ohikoenak, eta astean behin baino izaten ez den egun preziatuenean ahalik eta ondoen pasatzea dugu helburu nagusi. Larunbatak gizakiarentzako aisialdirako egun bilakatu dira, ez dago esan beharrik; izan ere, aldez aurretik antolatzen ditugun ekintza guztien helburua horixe izaten da.

Urrutira joan gabe, azken larunbatean erosketaz erosketa joan nintzen Donostiara, nire oinetako zaharrek hala eskatuta. Aldez aurretik, guztiok egin ohi dugun bezala, zein motatakoak eta zein dendatan topa nintzakeen pentsatu nuen, denbora aurreztearren; izan ere, neure burua ez baitut jendez pilatutako leku horietan gustuko ikusten. Handik eta hemendik, ez oso gustura, hainbat saltokitan ibili ondoren, azken batean saiatu nintzen. Bertan atentzioa eman zidan ume petral bat amatxori hiru pare zapatila erosteko konbentzitu nahian zebilen. Hiru pare zapatila!

Umearen nahia oso garbia zen, eta, dendako arduraduna nire oinetakoan bila ari zen bitartean, pentsatzeari ekin nion gure gizartean hain barneratuta dagoen kontsumismoari buruz. Ez zitzaidan burutik kendu dendan ikusitakoa, eta arratsalde horretan, ume horren antzera ni ere kontsumismoaren atzaparretan erortzen ari nintzela konturatu nintzen. Pentsakor utzi ninduen pasadizo hark. Dendakoak zapatila pare dotorea erakustean, aisialdiko arratsaldean erositako hainbat pultsera, jandako bi izozki eta pintxo zoragarriak etorri zitzaizkidan burura. Benetan beharrezkoak ote ziren pentsatu nuen, beste pertsona batzuk faltan zeuden bitartean. Ideia horretaz jabetzean, kontsumismoaren esklabu bihurtzen ari nintzela jabetu nintzen. Halaber, kontsumismoa gaur egungo gizartearen arazo garrantzitsuenetako bat bihurtzen ari zela pentsatu nuen. Afrikako beltz txikiek zer janik ez, eta ni arratsalde osoan jan eta jan, gastatu eta gastatu.

Hauxe da, bai, kontsumismoaren alde txarra: batzuek hiru pare edo gehiago dituzten bitartean, beste batzuek bakar bat ere ez. Umeari berriz begiratu eta nire barnean zergatik nahi zituen hainbeste pare pentsatu nuen. Ez nuen erantzun zehatz bat aurkitu, baina egungo iragarkietan egon zitekeela gakoa otu zitzaidan. Nire ezinegona handitzen joan zen, eta pentsamendu batek beste batera eraman ninduen. Zer erabili zuten zapatila horiek egiteko eta nork eginak ziren? Non? Nola? Laster jabetu nintzen estetikoki oso erakargarriak izateaz gain, erosoak ere bazirela. Halere, pixka bat sakonago aztertuz, “Made in Vietnam” ikusi nuen. Produktu horrek ingurumenari sekulako kaltea eragin zion susmoa nuen. Trenean, Donostiarako bidean amak denbora pasatzeko emandako consumer Eroski aldizkariaren artikulu bitaz gogoratu nintzen. Ez nekien zehazki zer esaten zuten, gainbegiratu besterik ez nituelako egin, baina lehenak kontsumismoa ingurumenean izaten ari den ondorio txarrak azpimarratzen zituen eta bigarrenak, aldiz, kontsumismoaren hazkundea. Trenean nindoala, Donostiara iritsi aurretik, hainbesterako arazoa ezin zitekeela izan pentsatu nuela oroitzen dut. Zapata-dendatik irten eta esku banatan bi erosketa poltsa zeramaten hiru neskatila gazte ikusi ondoren, berehala jabetu nintzen artikulu hark arrazoi osoa zuela.

Kontsimismoa eutsi ezin daitekeen erritmoan hazten ari zela jabetzeak eta denda hartan umearen bidegabekeria ikusteak arratsalde hartan nituen ideia guztiak aldatu zituen. “Ez naiz gehiago erostera etorriko”, esan nuen. Oso garbi ikusi nuen aisia kontsumismo hutsa bilakatzen ari zela. Ez dakit zuek zer pentsatzen duzuen gai honi buruz; nik dakidan gauza bakarra da, arratsalde hartan, nire zapatila zaharrek kontsumismoaren atzaparretatik bizirik ateratzea lortu zutela.

The story of stuff (1):

Informazio gehigarria:

Comments { 6 }
-->