Aizu, zigarroaren kea beste aldera botatzea inporta al zaizu? Tankera honetako zenbat eta zenbat galdera entzun ote ditut, hala nola, tabernatan, jatetxetan, kirol instalazio ugaritan… Egia esan, erretzailea ez den pertsona batentzat ez dago bere ondoan dagoen erretzaile baten kea arnastea baino gauza nazkagarriagorik. Eta, noski, zigarrotxoa ea itzali edo ea kea beste nonbaitera bota al duen galdetzeak, normalean, ez du arazoa konpontzen; izan ere, erantzuna ia beti berdina da: hemen erre daiteke, gustatzen ez bazaizu, beste nonbaitera joan. Baina zer dela eta joan beharra daukat nik beste nonbaitera nire ondokoa erretzen ari bada? Joan dadila bera, nire osasuna ez baitut bere eskuetan utzi nahi ezta zigarroak kontsumitzen irauten duen bost minutu horietan ere. Zoritxarrez, ordea, denok dakigu gaur egun leku publiko askotan erretzea baimenduta dagoela eta gure gustukoa izan edo ez, errespetatu egin behar dugu. Komenigarria litzaiguke gogoratzea, XXI. mendeko populazioaren zati handi bat nikotinaren agindupean dagoela eta, denok dakigun bezala, esklabo hauen guztien askatasuna benetan zaila eta, askorentzat, ezinezkoa da. Hala eta guztiz ere, badirudi gaur egun tabakoaren aurkako legea indarra hartzen ari dela eta, erretzaileen beldurrerako, inoiz baino botere gehiagorekin datorrela. Dirudienez, tabakoaren azken eguna gerturatzen ari da, nahiz eta oraindik nahiko urruti dagoen. Nik, nire uste apalean, tabakoaren aurka zerbait egin behar dela pentsatzen dut eta legearen alde nago. Baina ez erabat.
Esaten nuen bezala, tabakoaren arazoa konpontzen saiatu behar garela iruditzen zait, bai. Baina egun batetik bestera gauzak aldatzea ez da erraza. Hala ere, 2006an jarri zen Tabakoaren Aurkako Legeak aurrerapauso handi bat ekarri zuela uste dut. Lege honen bereizgarri nagusienetako batek hauxe dio: taberna, jatetxe eta aisialdirako lokaletako jabeek erabaki beharko dute ea euren saltokietan erre daitekeen ala ez. Hori dela eta, taberna askok erretzaile eta ez-erretzaile zonetan banatu dute euren lokala. Legearen arabera, erretzaile gune hori egoteko 100m2 baino gehiago eduki behar ditu lokalak eta zonalde horrek %30 baino ezingo du okupatu, 16 urtez beherakoentzat debekatuta egonez sarrera. Argi dago, banaketa hau onuragarria dela bai tabakozalearentzat eta baita tabakoa kontsumitzen ez duen jendearentzat. Seguru zenbaitek galdetuko duela ea zergatik diodan onuragarria dela erretzailearentzat lege honen jazarpena. Erantzuna erraza da; izan ere, zonalde itxi honetan bakean erre ahal izango du norbanakoak, ondokoaren kexuak entzun gabe eta, garrantzitsuena, inori enbarazu egin barik. Horrela, ez-erretzaileek lasai-lasai eta inongo kerik arnastu gabe hartu ahal izango dute euren kafetxoa. Dudarik gabe, legea erakargarria eta onuraz beterikoa da oso, baina uste al du norbaitek %100 bete dela urte hauetan? Ziur baino ziurrago nago ezetz. Izan ere, orain dela pare bat aste taberna batean sartu nintzen gurasoekin. Ez-erretzaileen zonan eseri ginen eta, erretzaileen txokoari begirada azkar bat bota orduko, pare bat mutiko euren amekin ikusi nituen bertan. Hortxe ikusi nuen nire muturren parean legearen hauste garbia. Nik, jakin badakit legea osotasunean betetzea oso zaila dela; baina denok gure partetik zertxobait jarriko bagenu, tabakoaren buruhauste hau konpontzea lortuko genuke.
Hitz egiten ari garen legeak 2006tik darama zutik. Batzuentzat neurri egokia izan da bi zonaldeen bereizketa; beste batzuentzat ez. Batzuei tabernariek euren lokalean erretzea baimentzea egokia iruditu zaie; beste batzuei, ordea, ezin okerrago… Argi dago tabakozaleen eta besteen artean ez direla inoiz akordio batera iritsiko, bakoitzak bere irizpideen arabera jokatzen baitu; halere, ematen duenez, tabakoaren desagerpena hurbiltzen ari da. Horren adierazle da 2010etik aurrera jarri nahi den Tabakoaren Aurkako Lege Berria. Arau Erreal honek dioenez, guztiz debekatuta egongo da leku publiko itxi orotan erretzea, hala nola, kafetegi, jatetxe, bulego… bezalako tokietan. Nola ez, kexatu diren lehenak Espainiako Ostalaritza Federazioa eta Profesional eta Langile Autonomoen Batasunaizan dira. Nire uste apalean, arrazoi osoa dute pertsona hauek. Zergatik? Begira, orain dela 3 urte tabernari, ostalari… askok eta askok erreformak egin behar izan zituzten euren lokaletan (gogoratu 2006ko legeak zioena 100m2 baino gehiagoko lokaletan). Eta orain, inbertsio horiek erdi amortizatuta dauzkaten taberna ugariri lege-aldaketa dagoela esaten diete, hau da, euren lokaletan erretzea debekatuta dagoela adierazten zaie. Zein da hor arazoa? Tabakoaren aurkako legea ez zela ongi fokatu hasiera batetik. Lehenengo momentutik tabakoaren erabateko debekura iristeko hainbat jarraibide jarri izan balitz, orain ez ginateke egoera nahasgarri honetan egongo. Akats larriena hauxe izan da duda izipirik gabe: lokal horietako jabeei 2006ko legera egokitzeko agintzea, gero guztizko debekura pasatzeko. Honi guztiari, gainera, krisian gaudela gehitu nahi nioke. Horrenbestez, gobernuak badu zer pentsatu gertatzen ari den nahaspila honi buruz.
Beste puntu garrantzitsu bat azpimarratzea ere gustatuko litzaidake; izan ere, Europako ia herrialde guztietan existitzen da debeku hau. Ezin dugu ukatu tabakismoaren aurkako borrokan aurrerapauso handia dela, ezta gutxiagorik ere. Nik ulertzen dut ostalari asko ados ez egotea arrazoi ekonomikoak direla-eta, eta uste dut nahiko argi utzi dudala nire ikuspegia arazo konkretu honi buruz, baina guztion osasunerako eta hainbatentzat, poltsikorako, ezin hobea dela pentsatu behar dugu. Zoritxarrez, Espainiako Osasun Ministeritzak aurreikusi duenez, lege honek hainbat lokalen ixtea eragingo du, bai araudia beteko ez dutelako eta baita arazo ekonomikoak leporaino iritsiko zaizkielako ere. Gobernuak arazo hauek aurreikusi izan balitu, beste era batera antolatuko zukeen tabakoaren kontrako legedia, baina jada ezin da inolako aldaketarik egin, legea aurten betetzen hasi beharko dute eta, esandako pertsonek isun latzak ordaindu nahi ez badituzte behintzat. Tamalgarria da araudia horrelako egoera lotsagabe eta, batzuentzat, oso era desegokian ezartzea. Eskerrak, gutxienez, denon hobebeharrez den!
Hau guztia dela eta, nik tabakoaren aurkako lege berri hau ontzat eman dut. Alde batetik, gure osasunaren aldeko apostua dela pentsatzen dudalako eta, beste aldetik, tabakismoarekin bukatzeko era egokia dela iruditzen zaidalako. Hala ere, zalantza bizian jartzen dut legedi berri honen betetzea, ez baitut uste taberna eta jatetxe askotan errespetatuko denik. Era berean, esandako araudia ezartzeko ikuspegi txarra izan dela diot, lokal askok eta askok diru arazoak izango dituztelako seguruenik. Laburbilduz, tabakoaren kontsumoa murrizteko neurri ona dela deritzot, nahiz eta hainbat desabantaila izan. Beraz, saia gaitezen denok batera lege berri hau betearazten eta mundu osasuntsu bat sortzen.
Hemen duzue Eskozian jada jarrita dagoen Tabakoaren Aurkako Legearen aldeko iragarki zirraragarri bat:
Bideo interesgarri bat: Eskozian tabakoaren aurkako mugimenduaren aldeko iragarkia.
Iruzkin berriak