Tag Archives | lokalak

“Lokalismoa”

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Zer egiten dute gaur egungo gazteek asteburuetan? Aurreko batean lagunekin nengoela, lagun batek garaje bat alokatzeko proposamena egin zuen, arratsaldeak pasa eta, kalean egon ordez,  bertan denbora pasatzeko.  Hasieran ideia ona iruditu zitzaidan,  baina etxera iritsi eta pentsatzen hasita, lotsa eta tristura sentitu nuen.

Gero eta ohikoagoa da  koadrila bakoitzak bere lokala edo “lonja” alokatzea, bertan denbora pasatu eta asteburuko “etxe” gisa erabiltzeko. Gasteizko Udalak egindako ikerketa batean, lokal hauen hazkunde garbia ikus dezakegu. Gero eta jende gutxiago ikusten da  kalean, eta horrek tristura puntu bat ematen dit. Gainera, guk ere horrelakoren bat hartzen badugu, gure ondorengoek ere berdin jarraituko dute, eta “lokalismoaren” fenomenoa gero eta gehiago zabalduko da. Ez al da hobea plazan edo kalean denbora igarotzea?

Eusko jaurlaritzak EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteei egindako inkesta bateko emaitzetatik zenbait ondorio atera ditzakegu. Hasteko, ikus dezakegu gazteen %55ek inoiz ez duela lokalik eduki, %20k lokala duela eta %25ek ez duela, baina noizbait izan duela. Lokala zertarako duten galdetzean, erantzun nagusiena kalean ez egoteko izan da eta lokala ez  edukitzearen arrazoi nagusia alokairuen prezio altua dela ondoriozta dezakegu.

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Lokala duten zenbait pertsonarekin hitz egin ondoren, beraien artean arduragabekeria eta utzikeria nabaritu dut.  Gazte askok bertan igarotzen dituzte asteburuak eta ez dira mugitu ere egiten beste koadrilekin harremanak edukitzeko edo beste ekintza mota batzuk egiteko; hala ere,  egia da beste zenbaitzuek erabilera egokia ematen dietela. Niri neuri denbora galtzea iruditzen zait, horretarako badaudelako beste zenbait egoitza, hala nola, gazte lokala edo gaztetxea. Eremu hauetan autogestioan oinarritutako ekintzak egiten dira, eta guztiek helburu zehatz bat izan ohi dute. Ez al da hobea elkarlanean gauzak egitea edo laguntza behar dutenei laguntzea, bideo kontsolekin edo telebistaren aurrean egotea baino?

Hori gutxi balitz, alokairu hauek diru asko xahutzea dakarte eta, ondorioz, gazte askok gurasoengana jo behar izaten  dute hilero dirua eskatzeko. Gainera, lokal hauek zenbait baldintza eta arau bete behar dituzte eta askok, baldintza horiek ez errespetatzean, liskarrak eduki ohi dituzte bizilagun edota inguruko pertsonekin.

Fenomeno honekin amaitzeko modu eraginkorrena kalera irten eta lokaletan egoten direnekin zenbait ekintza partekatzea dela uste dut, ikus dezaten eraginkorragoa dela; izan ere, lagun berriak egin daitezke eta beste pertsona batzuekin denbora pasa daiteke. Beraz, gazte, irten zaitez kalera eta jolas dezagun denok batera! Kaleak behar zaitu!

Comments { 0 }
-->