Uda guztietan bezala, aurtengoan ere irrikaz gaude gure gorputzak kolore beltzarana hartzeko. Orduak eta orduak pasa genitzake eguzkiaren azpian, eta noski, hori helburu zehatz batekin: edertu egiten gaituen kolore hori har dezagun. Hala ere, ez gara konturatzen eguzkia arriskutsua dela eta beharrezkoa dela haren aurrean babestea. Ba al dakigu zein ondorio izan ditzakeen hainbeste denbora eguzkia hartzen pasatzeak? Axola al digu etorkizunean gerta litekeena? Zergatik askotan ez dugu beharrezkoa den babesa ematen?
Lehenik eta behin, eguzkiak larruazalean nola erreakzionatzen duen aipatu behar da. Izpi ultramoreak gure azalean sartzen dira, eta honek larruazala handitzea eragiten du. Ez bagara denbora luzez egoten, pigmentazioan handiagotze bat gertatzen da. Hori belztea izango litzateke. Arazoa dator denbora gehiegi egoten garenean; izan ere, izpi ultramoreek larruazalean eragin kaltegarria baitute. Azalak kolore gorrixka hartzen du eta zerbaitekin igurztean mina egiten digu. Beste era batera esanda, erre egiten gara. Normalean, hiru eguneko epean erredura desagertu egiten da, baina egun horiek batzuetan oso mingarriak izaten dira.
Bigarrenik, eguzkiaren aurrean ez babesteak begietan lesioak eragin ditzake, baita azaleko minbiziaere. Larruazal guztiak desberdinak direnez, erreakzioa desberdina da guztiengan; gauzak horrela, ezinbestekoa da babestea. Hala ere, onurak ere baditu. Izpi ultramoreak beharrezkoak dira, D bitaminaren iturri nagusia baitira. Kaltzioaren xurgatzea laguntzen du, horrela gure hezurrak gogor eta osasuntsu mantenduz. Nolanahi ere, ez dugu zertan eguzki azpian denbora asko egon D bitamina gureganatzeko.
Beraz, argi ikus daiteke beharrezkoa dela babes egoki bat larruazalean arazorik izan ez dezagun. Azken batean, ez da batere kostatzen gorputzean krema apur bat noizbehinka ematea eta, horrela, arriskuak ekiditea. Ondorioz, norberak ikusi beharko du zer egin bere gorputz eta larruazalarekin, baina kontuan izan minbizia eta erredurak ez direla txantxetako kontuak.
Iruzkin berriak