Tag Archives | ninigenerazioa

Gurasoen etxean betiko? Ez, mila esker!

Ikaslea zara ala lan egiten duzu? Hau da aurrekoan, lagunekin nire herriko taberna batean nengoela, mutil batek beste neska bati galdetu ziona. Gehien harritu ninduena, baina, erantzuna izan zen. Ikasketak iaz utzi nituen eta ez dut lan egiteko asmorik, gurasoen etxean ondo bizi naiz. Hori da neska gazteak erantzun ziona.

Gaur egun, telebistan gazteei buruzko gero eta programa gehiago jartzen dituzte. Hauetan gazteek 24 orduz zer egiten duten ikus dezakeg, esnatzen direnetik lokartzen diren arte. Lokartzen badira, noski; izan ere, askotan ikus baitezakegu, lo egin ordez, beste edozein gauza egiten dutela: festetan goizean goiz arte ibili, lo egin nahi dutenei pakean ez utzi eta horrelakoak, aurrekoan programa horietako batean ikusi nuen antzera. Programa hauetan argi ikus daiteke gaur egungo gazte askok lan egin edo ikasteko asmorik ez dutela, eta nahiago dutela telebista-programetara joan dirua erraz irabaztera.

Hori al da XXI. mendeko gazteok eskaini nahi dioguna gure etorkizunari? Antza denez, gero eta kasu gehiagotan hala da; izan ere, lehen azpimarratu dudan moduan, gero eta gazte gehiago dira etxean ezer egin gabe -ez lan, ez ikasi- geratzen direnak. Hori guztia gutxi balitz, gazte hauek euren gurasoen teilatupean bizi dira, haien diruaz eta laguntzaz baliatuz. Era honetan jokatzen duen generazioa “nini” izenez ezagutzen da. Gaztelaniazko, “NI estudian, Ni trabajan” esaldian du bere jatorria, eta honek, azken batean, gure herrialdeko gazte guztiak ezizen honekin ezagutzea ekarri du.

Penagarria iruditzen zait gazteok gainontzekoei eta gure atzetik datozen belaunaldiei irudi hau ematea, are gehiago gaur egun mundua dagoen egoeran egonda. Izan ere, adituek diotenez eta ikus daitekeenez, krisi gogor batean gaude sartuta eta gero eta ikasketa maila altuagoak eskatuko dizkigute lanpostu bat eskuratzeko garaian. Baina etxean sofan botata bagaude, alferkeriagatik edo beste edozein arrazoirengatik, argi eduki, ez dugula -gaur arte jende askok egin duen bezala- gurasoen etxea utzi eta gure kasara bizitzeko aukerarik izango.

Hala ere, egia da goitizen honek gazte guztiak zaku berdinean sartzen dituela eta, leku guztietan bezala, denetarik aurki dezakegula herrialde batean: golpe zorririk jotzen ez dutenak, eta, bestalde, beraien bizitza aurrera ateratzeko gogotsu lan egiten dutenak. Honen ondorioz, gaizki egongo litzateke “nini” erabiltzea gure herrialdeko gazte guztiei erreferentzia egiteko, orokortu egiten baitu; eta, gaur egun, gazte asko daude, bizitzan zerbait izateko, gogor lanean ari direnak. Dena den, beste askok ez dute horrelako ezer egiteko asmorik, aurrekoan El Diario Vascon irakurri bainuen 34 urte baino gutxiagoko 700.000 bat gaztek ez dutela ez lanik egiten, ezta ikasten ere.

Hau guztia esan ondoren, gaur egungo gazteei, ni barne, etorkizunean pentsazeko garaia iritsi zaigula esan nahi nieke. Buruan ditugun tontakeriak alde batera utzi, eta lanean hasteko garaia da. Argi hitz egitea nahi baduzue, egokitu zaigun etorkizun hau ez da batere erraza izan behar; beraz, hobe dugu ernatu, besteen baitan bizitzeko beharra ez izateko. Ala nahiago al duzue gurasoen etxean betiko geratu?

Comments { 4 }
-->