Tag Archives | Obama

Onerako edo txarrerako, Obama

War is peace (FlickrCC, Nick Bygon)Abenduaren 10ean, Alfred Nobelen heriotzaren egunean, eman zioten Pakearen Nobel Saria Barack Obama Estatu Batuetako Presidenteari. Askorentzat harrigarria izan zen Norvegiako Parlamentuak hartutako erabakia, eta honen ostean hipotesi eta iritzi asko entzun dira. Benetan merezi al zuen Obamak sari hau? Estrategia politikoa izango ote da? Benetako harridura sortu du hautaketa honek jendearengan, askok estrategia politikoa besterik ez dela diote, propaganda hutsa, Estatu Batuek duten boterea erakusteko eta Obamaren irudia zintzo antzera uzteko egina. Beste batzuek, ordea, benetan merezi duela diote, egiten ari den lanagatik. Hala ere, mesfidantza da nagusi jendearengan; izan ere, sareko inkesta batek dioenez -asko dira egindakoak gaiaren inguruan, baina eredu gisa RTVEk egindakoaren datuak ekarri ditugu hona-, %72,8k pentsatzen du ez duela merezi eta %27,2k, aldiz, merezi duela.

Sari hau jaso duen Estatu Batuetako hirugarren Presidentea da, Theodore Rooseveltek (1906an), eta  Woodrow Wilsonek (1919an) jaso ondoren. 205 hautagaietatik bera izan zen hautatua, Norvegiar Parlamentuaren hitzetan, “arma nuklearretatik libre dagoen mundua” sortzen saiatzeagatik. Arrazoi eskasa izan daiteke beste hautagai batzuenekin alderatuta, baina sekulako saiakera egin duela mundua hobetzeko oniritzi zuen Parlamentuak.

Bere diskurtsoan indarraz eta hau saihesteko moduez mintzatu zen. Gerra justifikatu nahi izan zuen bakerako bide egoki bezala, bakeak sakrifizio asko eskatzen dituela argudiatuz. Hori izan zen, hain zuzen ere, jendea txundiarazi zuena; izan ere, filosofia horregatik balitz, George W. Bush Estatu Batuetako presidente izandakoak, esaterako, urtero jasoko zuen, presidente izan zen garaian, sari hau gerrak egiteko grinagatik. Edonola ere, Obamaren eskuak gauza asko aldarazi ditu, bai bere herrian eta baita munduan ere, Guantanamoren itxiera edo tortura debekatzea galdeketetan, besteak beste.

Duela hilabete batzuk albiste izandako honekin, ohartzen naiz ez dakidala zein jarrera hartu. Nire ikuspuntutik, agian, ez naiz Obamaren mezu hau “ulertzeko” gai, baina ziur nago urteen joan-etorriarekin bere benetako esanahia ulertuko dudala. Eta ez genuke pentsatu behar Obamaren justifikatzeko era berak bakarrik ulertzen duenik, baita berari saria eman diotenek ere. Dena den, gaizki egingo genuke sari honen garrantzia eta balioa gaitzetsiko bagenu; izan ere, errekonozimendu honek, batik bat, bakearen alde, berdintasunaren alde eta batasunaren alde borrokatu duena saritu eta zoriondu nahi izan du eta dihardunean jarraitzeko animatu eta indarrak eman.

Comments { 2 }

Bakearen izenean

Aski ezaguna da 2001eko irailaren 11 lausotu zuen gertakaria. Sinestezintasunez hartu zuen munduak Manhattanen jazoa. Hura beste hizpiderik ez zuten hedabideei so geratu zen une batez arnasteko denborarik ere ez duen gizartea. 2973 hildako. Hasierako sinestezintasuna izuak eta ezinegonak ordezkatuak zituen jada. 19 gizonek, ordu erdi eskasean, planetako nazio indartsuena nabarmen ahultzeko ahalmena izan bazuten, ba al dago munduan nazio segururik?

Lasaitasun mezu baten premia larria zegoen, beldurra nagusi zen Amerikako Estatu Batuetan. Agintariak hiritarren beharrak asetzeko daudenez, Etxe Zuriak Operation Enduring Freedom izeneko operazioa jarri zuen martxan urte hartako urriaren 7an Afganistanen sartuz. Horrek horrenbeste igurikatzen zuten lasaitasun sentimendua emango zien estatubatuarrei. Bakea, askatasuna, gerra bidez ziurtatzeko beharra erakutsi zien gobernuak; bakearen eta justiziaren izenean borrokatzeak gerra justifikatzen zuen.

Inbasioaren helburua Al Qaedako buruak –Osama bin Laden tarteko– aurkitzea zen, hauek auzitara eramateko. Horretarako taliban erregimena agintetik kentzen saiatuko ziren, honek Al Qaedari ematen zion babesaren jakitun. Bushen gobernuak talde terroristak eta hauek babesten zituzten estatu edo gobernuen artean bereizketarik ez zuela egingo adierazi zuen. Esan eta egin. Baina zer gertatzen da bereizketarik ez egite hori ez bada gobernu edo estatuetara mugatu?

Lehenengo hilabeteak erabakigarriak izan ziren. Gerra Afganistanen hego ekialdean fokatzen hasi zen, eta, ordutik, Pakistanen muga da gune arriskutsuena. Dagoeneko zortzi urte igaro dira, eta, tamalez, egunero-egunero gerraren sufrikarioak pairatzen dituztenak zibil afganiarrak dira. Esan daiteke gerra bizimodu bilakatu dela askorentzat. Lehergailuak, armak… dira eguneroko ogi euren bizitzetan. Gisa askotako ezegonkortasuna bizi dute: ekonomikoa, laborala, soziala… Osasun mailako behar izugarriak daude, higienea ohiko arazo da, eta gerraren ondorioz sortzen diren gaixotasun psikologikoak jasaten dituztenen zenbakia amaigabea da. Errealitatea gordina da afganiarrentzat, krudela.

Agian, errealitate horren zurruntasuna aurreikusten zutelako sortu zen 2001ean ISAF (International Security Assistance Force) erakundea. NATOk zuzentzen du 2003tik, eta gobernu afganiarrak berez izan beharko lukeen autoritatea eta horrek ekarriko liokeen ongizatea erdiestea du helburu, 41 naziotako 55.100 soldaduk lan horretan dihardutelarik. 55100 soldadu horietatik 23.220 AEBkoak direla estimatzen da. Kontzientzia garbitzeko erakundea?

Bazirudien Barack Obamak, Bush ordezkatzean, lehenengoak horrenbestetan aldarrikatu zuen “aldaketak” kanpo-politikaren esparruari sano eragingo ziola. Tropak Iraketik kanporatzea bere lehen erabakia izan bazen ere, Afghanistanera soldadu gehiago bidaltzeko duen asmoa azaldu zuen, abenduaren 10ean, Oslon, Bakearen Nobela jasotzeko eman zuen hitzaldian.Gerra bakea lortzeko tramitetzat definitu zuen. Paradoxikoa, ez da ala? Kontuak kontu, soldaduak bakearen izenean joango dira gerrara.

Eta joango dira, edo ez dira joango, ez fisikoki behintzat. Esan diezaietela, bestela, GGAIak (Gidaririk Gabeko Aireko Ibilgailuak) zuzentzen

dituzten soldaduei. Zur eta lur geratu nintzen, orain hilabete batzuk, Sustatun Mikel Iturriak idatziriko artikulu baten bidez, honen berri izatean. Soldadu hauek Estatu Batuetako Aire Armatuetako kide dira, eta Nevadako Creech basetik Afganistanen dauden abioiak zuzendu eta bonbak jaurtikitzen dituzte. MQ-1 Predator eta MQ-9 Reaper ibilgailuez baliatzen dira horretarako. Bertako William Brandt koronelak soldaduek jostailuekin ari ez direlako kontzientzia oso dutela ziurtatzen badu ere, benetako misio batean ari diren sentimenak txikia izan behar du oso, gerra eta bideo-jokoen artean, eurentzat behintzat, ez baitago ia alderik; ez dute hiltzeko arriskurik.

Alabaina, gehiago dira hiltzeko arriskuari aurre egin behar izaten dioten soldaduak. Zortzi dira gizon-emakume horiek eta euren familiek sufritzen daramatzaten urteak. Gerrak 1553 soldadu kendu dizkio Mendebaldeko gizarteari, eta gerra uzteko nahia kolektiboaren nahia da jada. Estatu Batuetan gerraren zentzugabetasunaren ideia indarra hartzen doan bitartean, Vietnamgo porrotaren mamua gero eta indartsuagoa da.

Vietnamgo mamua indartzen eta gerra irabazteko itxaropena lausotzen. Gerra batean ba al dago, bada, irabazlerik? Nik gutxien galtzen duen alderdia dela garaile pentsatu izan dut beti, ez dagoela berez irabazlerik.

Comments { 0 }
-->