Egun bizi dugun krisiak aurretik zetozen hainbat mugimenduri indarra eman die, horietako bat okupazioarena izanik. Mugimendu honetan parte hartzen dutenek etxebizitza eta lur baztertuak hartu edo okupatzen (hortik izena) dituzte, bai bizi, bai elkarte modura erabili edo helburu sozio-kulturalak dituen zentro bilakatu eta baita lurrak lantzeko ere; horiek izaten dira haien arrazoiak. Hau betidanik eman izan da gizartean. Ezberdindu behar dena, ordea, ocupar eta okupar dira. Nahiz eta berdin ahoskatu, c eta k-ren arteko ezberdintasunak hitzaren esanahia aldatzen du. Badago etxebizitza ocupatzen duenik lo non egin ez izatearen arazoari irtenbidea emateko. Beste alde batetik, okupatzen dutenak daude. Azken hauen helburua ez da jabetza bat hartzean amaitzen, mugimenduak izaera politiko bat baitu bere atzean, etxebizitza lortzeko dauden zailtasunak salatu nahi dituena. Halere, gaur egun ez da bien arteko bereizketa egiten, eta edozein lur hartzen duena okupa izenez ezagutzen da.
Ez dirudi arazo inork erabiltzen ez dituen lurrak edo etxebizitzak behar dutenen esku gelditzea; halere, gizartean ez dugu ondo hartzen okupazioa. Non hasten da, bada, arazoa? Jabetza pribatuetan sartzen denean hasten dela esan genezake. Izan ere, okupatzen diren eraikin gehienek jabea izan ohi dute, nahiz eta baztertuta daudela iruditu. Beraz, jabea bere lurretan sartu direla konturatzean, bertatik kanporatzen saiatuko da, logikoa den bezala, ez baitzaio inori gustatzen bere lurrak inori uztea trukean ezer jaso gabe.
Halere, batzuen iritziz, asko eta asko okupatuak izatean gogoratzen dira lur horien jabe direla; izan ere, urtetan lur horietara agertu ez eta okupak bertan sartzean agertu behar! Baina horrek ez du okupen jarreraren alde egiten, hori ez baita jabetza pribatu bat okupatzeko arrazoia. Jabeak jakingo du lur horietan zer egin nahi duen; horregatik, nahiz eta denbora luzez bertara agertu ez, okupek ez dute bertara sartzeko inolako baimen eta eskubiderik. Gainera, zigor kodeko 245.artikuluan argi agertzen da zein ondorio dituen jabegoaren aurkako okupazioak.
Hori da arazoaren muina. Aurkako bi iritzi nahasten dira bertan. Aipatu bezala, okupen alde egin eta jabeari lur horiek abandonatuta izatearen errua botatzen diotenak daude. Beste aldean, ordea, jabearen alde egiten dutenak, jabego pribatua defendatuz. Baina horrek ez die okupei balio, abandonatuta dauden lurrei etekina ateratzea baita haien helburua. Interneten ere zabaldu da mugimendu hau, ekintza hau aurrera eramateko argibideak sarean argitaratuz. Ekimen hau zein etxe okupa daitezen azaltzen hasten da, hutsik egon behar duela azpimarratuz. Jarraian, bertara nola sartu eta han bizitzen hasteko lehen urratsak zeintzuk diren adierazten du. Jabe eta poliziekin nola hitz egin azaltzen du amaieran.
Eta zergatik ez? Zergatik joan erabiltzen ez diren lurrak okupatzearen aurka? Gaur egun, hutsik dagoen etxea behar duenaren esku uztea arazo handi baten konponbidearen hasiera izango litzateke. Baina badakigu gaur egungo gizartean egoera hau erabat utopikoa dela, gutxi baitago prest dituen lurrak beste baten esku uzteko, nahiz eta erabili ez. Hori da okupa mugimenduak aldarrikatu nahi duena. Egia da esatea erraza dela, ez dela bi aldiz pentsatuta hartzen den erabakia, baina beti dago bi aldeen arteko oreka lortzeko bideren bat: lurrak baldintzapean utzi, erabili behar ez dituzun lurrak benetan beharra duzunean itzuliko dizkizuten ziurtasuna izan… Abia gaitezen, bada, tarteko konponbidearen bila.
Gehiago jakiteko:
- ¿La “okupación” se normaliza? (presseurop)
Iruzkin berriak