Tag Archives | ordizia

Afiziorik gabeko tradizioa

Ordiziako Klasika (Prueba Villafranca) Ordizian, Gipuzkoan, jokatzen den lineako txirrindularitza proba da eta uztailean ospatzen da, herriko festekin batera. 1922an ospatu zen lehen aldiz, Francisco Sarasola garaile izan zela. Harrezkero, urtero-urtero jokatu da 1936 eta 1937 urteetan izan ezik (Espainiako Gerra Zibila). 2010ekoa 88. edizioa izan zen. Lasterketa ezagun hau Espainiako zaharrena kontsideratzen da eta mundu mailako hirugarrena, Milan-San Remo eta Flandriako Tourraren atzetik. Gainera, 2005. urtetik aurrera, UCI Europe Tour-en barruan dago, 1.1 kategorian.

Azken edizioan garaile suertatu zen txirrindularia Gorka Izagirre ormaiztegiarra da. Profesional mailara igaro aurretik, Ordiziako Txirrindulari Elkartetik (OTE) pasatu izandakoa da. Talde honek Goierri osoko partaideak izan ditu bertan. Benjamin mailatik hasi (8-9 urte) eta jubenil mailara (17-18 urte) bitarteko gazteak biltzen dituen elkarte honetatik hainbat ordiziar pasatu den arren, gaur egun ez dago bakar bat ere. Datu honek hurrengo gogoetara eraman nau: nola da posible kirol honekiko honelako tradizioa duen herri batean hain txirrindulari gutxi egotea?
Ni txirrindularia naiz, ordiziarra, eta barru-barrutik ezagutzen dut mundu hau. Lasterketa bat jokatzera kanpora irteten naizenean, aski ezaguna egiten zaio jendeari nire herria. Ospe hau, ia osotasunean, lasterketa honi zor zaio; edonola ere, ez dirudi hemen honek erakargarritasuna pizten duenik. Nor ez da txikitan triziklo edo bizikleta baten gainean aritu? Nork ez du kasketa bat izan amak bizikleta plazara eramaten utzi ez izanagatik? Zergatik, baina, uzten dugu bizikleta alde batera handitzen goazen heinean?

Agian, eragozpen nagusiena edo entzunena gaueko parranden murrizketa da, hau baita nire adineko gazteen artean txirrindularitza uzteko arrazoirik nagusiena. Gurasoak ere eragozpen nagusienen artean daude, euren seme-alabei errepidera irtetea galarazten baitiete trafikoa dela eta. Esanak esan, espainiar selekzioarekin Lazkaon aritu nintzenean, selekziokideak harriturik gelditu ziren hemen txirrindulariok nola errespetatzen gaituzten ikusita. Alde horretatik, beraz, ez legoke arazorik. Oraindik ere fidatzen ez direnentzat bidegorri zoragarri bat dagoela esan beharko nuke -bertan erritmo handira joan ezin daitekeen arren- Ordiziatik hasi eta Tolosaraino eta, beste aldetik, baita Ormaiztegiraino ere.

Hori horrela izanik ere, nire ustez, txirrindularitzak -eta kirolak orokorrean- ematen dizkizun abantaila nagusienak horren guztiaren gainetik daude. Irakasten dituzun edo ematen dizkizun baloreez ari naiz: esfortzurik gabe ez dela ezer lortzen, azken orduan prestatzen hasitako lanak emaitza nahikoa baina kaskarra ekar dezakeela, konstantzia, helburu batzuk lortzeko lan egitea, adiskidetasuna, kooperazioa, lehiakortasuna… Horiek dira aipagarrienak eta kirolerako zein eguneroko bizitzarako balio mugagabea dute. Bizitza beste ikuspuntu batez ikusten laguntzen dizuten baloreak dira. Hauez gain, ekarpen fisikoak ere badituela esan beharko nuke. Depresioaren eta, batez ere, estresaren gutxitzea baitakar. Hala bada, ni bezalako pertsonentzat, hots, pertsona urduri eta azkar estutzen direnentzat, energia hori guztia nonbait agortzeko bide ezin hobea da. Hori guztia gutxi balitz, gizentasunaren eta bizkarreko zein artikulazioetako minen aurkako jarduera bikaina da, baita D bitaminaren absortziorako eta minbiziarekin zein hiesarekin arazoak dituztenentzako ere.

Horrenbestez, non daukazu Olentzerok ekarritako bizikleta? Ez utzi garajean, hautsez bete dadin. 8 urtetik 18 urte bitartera badituzu, har ezazu zure bi gurpildun tramankulua eta etor zaitez gurekin txirrindularitzaz gozatzera. Ikastolako kirol-arduradunari adieraztea besterik ez duzu gurean egoteko. Zeren zain zaude?

Comments { 0 }

Mugaldekoak, gerra ostean girotutako lehen filma Ordiziako Herri Antzokian

Mugaldekoak (irudia: eitb.com)Tentazioa ekoiztetxeak ETBrentzat prestatu duen Mugaldekoak filma Ordiziako Herri Antzokian emango dute datorren asteburuan. Bi emanaldi izango dira: apirilaren 30ean (ostirala), 22:15ean, eta maiatzaren 1ean (larunbata), 19:30ean. Bi emanaldiak doan izango dira.

Gerra ostean girotutako lehen fikzio lana da Mugaldekoak, eta gai historiko batez dihardu: Comette Sarea; alegia, Bigarren Mundu Gerran Europako lerroetan jausi ziren hegazkin gidari ingelesak, Euskal Herriko mugalarien laguntzaz, beren jatorrizko herrietara bidaltzeko eratu zen nazioarteko sareaz.

Mugaldekoak egiteak berebiziko erronka suposatu du, bai Tentazioa ekoiztetxearentzat bai ETBrentzat, Euskal Telebistak sortu duen iraganeko lehenengo fikzio lana baita. Iazko irailean hasi ziren filma grabatzen eta abenduaren erdi aldera amaitu zuten.

Bi formatu ezberdinetan zabalduko dute: tvmovie-a (filma) eta 13 ataletako telesaila. Azken horretan, pelikulan agertzen diren pertsonaiek eta istorioek segida izango dute. Tvmovie-aren zuzendariak Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo ditugu; eta, telesailekoak, berriz, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo eta Carlos Zabala.

Protagonistak Mireia Gabilondo eta Isidoro Fernandez izan dira. Besteak beste, Sara Cozar, Iñaki Beraetxe, Matxalen de Pedro, Alberto Berzal, Iñaki Rikarte, Klara Badiola, Aintzane Gamiz, Getari Etxegarai eta Joxean Bengoetxea ikusi ahal izango ditugu lan honetan.

Irudia asko zaindu da produkzio honetan. 40. hamarkada ondo islatzeko kontu handiz landu dira makillajea, ile-apainketa eta jantziak. Dekoratuetan era lan handia egin dute. Izan ere, tvmovie-an dauden barruko irudiak platokoak dira, gero telesailarekin jarraipena izan dezaten. Horregatik zineko dekoratuak egin dituzte.

Kanpoan zein plato barruan grabatutako telesaila dugu Mugaldekoak. ETBk Oiartzunen duen platoan grabatzeaz gainera, Goizueta, Artikutza, Azpeitia eta Etxalarren errodatu dituzte kanpoko eszenak.

Comments { 1 }

VI. Irakurri eta oparitu euskaraz

Euskarazko 100 liburu gomendagarri biltzen dituen Irakurri eta Oparitu gida [pdf] osatu dugu Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzukoek, Eguberrien atarian, seigarren urtez, Olentzerotan eta Errege Egunean liburuak oparitzea erabakitzen duten herritarrei laguntzeko.

Liburuen gidarekin batera, Euskarazko Produktuen Katalogoa [pdf] ere banatu dugu eskola umeen artean.

Irakurri eta oparitu, seigarrengoz

Irakurri eta Oparitu gida osatzeko, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) Haur Liburu Mintegiaren eta Euskal Herriko editoreen laguntza izan dugu.

Liburu gomendagarrien gida argitaratu eta herritarren artean banatzearekin batera, IRAKURRI ETA OPARITU ekimena bultzatuko du Ordiziako Udalak 2010eko urtarrilaren 4ra bitartean.

• Irakurri eta Oparitu Euskaraz 2009 gidan zerrendatuta azaltzen diren euskarazko liburuak Barrena kultur etxeko sarreran aurkituko ditu herritarrak, paneletan zintzilikatuta.

• Gidan gomendatzen den libururen bat oparitarako erosi nahi duenari, %25eko deskontu-txartela emango diogu Udaleko Euskara Zerbitzuan. %50ekoa deskontu-txartela eskuratuko dute mintzalagunek edota euskara ikasleek.

Irakurri eta Oparitu ekimenarekin, ordiziarren artean irakurzaletasuna sustatu eta euskarazko liburu produkzioari bultzada eman nahi diogu.

VI. Irakurri eta oparitu euskaraz

Aurreko edizioetan, bataz beste, 100 bat liburu eskatu dituzte ordiziarrek Irakurri eta Oparitu ekimenaren baitan.

Euskarazko produktuen 900 katalogoa

Euskarazko produktuen katalogoaMerkatuan euskaraz dauden produktuen eskaintza ezagutzera eman nahi dugu; baliabideak eskaini nahi dizkiegu 16 urte bitarteko herriko haur eta gazteei eta horien gurasoei. Hala, aurten, 900 katalogo banatu ditugu Ordizian, ikastetxeen bitartez. Euskarazko Produktuen Katalogoa eskuratu nahi duen herritarrak Euskara Zerbitzura hurbil daiteke, edota www.katalogoa.org gunera jo, katalogoaren pdf dokumentua jaisteko.

Zortzi ataletan sailkatuta, nagusiki aurten kaleratu diren produktu berriak jaso dira katalogoaren 12. edizio honetan: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak.

Comments { 0 }
-->