Tag Archives | ozono-geruza

Ozono-geruza, ingurumenarekin dugun konpromiso ahaztua

Ozono molekula (Wikimedia Commons)

Ozono molekula (Wikimedia Commons)

Irailaren hasiera zen EITBko eguraldi iragarpenean zera entzun nuenean: “Badirudi ozono-geruzaren zuloak hobera egin duela azken urteotan”. Ez dago dudarik berri lasaigarria dela denontzat; izan ere, ez zen arazo makala gizakiok geuk sortu genuena. Hortxe dago gakoa, genuena. Anomaliak hobera egin duela entzun eta gure lehenengo erreakzioa iraganeko arazoen karpetara mugitzea izan da.  Horixe bera da komunitate zientifikoak ohartarazi nahi diguna, ez gaitezen garaipena ospatzen hasi dagoeneko.

Gehiago sakondu baino lehen, azaletik azalduko dugu zer den ozono-geruza. Ozono-molekulaz osaturik dagoen eta planeta osoa inguratzen duen geruza da. Estratosferan kokatzen da, 15 eta 35 kilometro bitartean. Dagoeneko jende askok daki ditxosozkoa ozono geruzak UV-B izpiez babesten gaituela. Kontuan izanik B motako erradiazio ultramorea kaltegarria dela landare, animalia eta gizakiontzat, ezin dugu ez ikusiarena egin honen guztiaren aurrean.

Lehenik eta behin, azpimarratu beharra dago hedabideen jarrera ez dela oso zuzena izan. Zientzialariek anomaliaren larritasunaz ohartaraztean, edonon begizta zitezkeen kontzientziazio mezuak, bai telebistan, aldizkari nahiz egunkarietan… Oraindik ere gogoan dut DBHko Natur Zientzietako azterketa hartan izan genuen galdera: “Azaldu dakizun guztia ozono-geruzaren zuloari buruz”. Bertan adierazi behar zen kontzeptu garrantzitsuenetariko bat CFC gasa zen, hauxe baita zuloa sortzearen erantzule nagusia. CFC deritzona aerosoletan eta hozketa industrian erabiltzen da batik bat.

ozono zuloa 2000. urtean (Wikimedia Commons)

ozono zuloa 2000. urtean (Wikimedia Commons)

Baina nahiz eta ahalegin handiak egin diren beste produktu batzuengatik ordezkatzeko, ez gara helmugara iritsi. Nire aburuz, Nazio Batuen Erakundeak herrialde industrializatuekin elkarlanean jardun beharko luke arazoa behin betiko ebazteko. Bestalde, ez dugu ahaztu behar industria kimikoak duen auzi garrantzitsua, zati handi batean beraien esku baitago produktu kaltegarriak ordezkatuko dituzten beste batzuk sortzea. Galdera hauxe da. Berriro ere? Gizarte globalak duela 10 urte egin zuen “esfortzua” errepikatu behar al dugu? Ez da batere erraza izango; izan ere, bere garaian jende askok kokoteraino amaitu zuen ozono geruzaren zuloa eta klima aldaketa edonon entzuten baitzen. Ondorioz, kontzientziazio kanpainak berriro ere hasteak agian ez luke efektu positiborik izango, jendea nazkatzea benetan arriskutsua izan daitekeela uste baitut.

Asko dira esaten dutenak komunitate zientifikoak arazoa puztu duela: “Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau”. Horixe pentsatzen dute ingurumen arazoen inguruan jarrera eszeptikoa dutenek. Dena den, ez ikusiarena egitea beti da errazagoa gutako gehienontzat, nahiago baitugu gure ohiko bizitzarekin jarraitu, inpotentzia adieraziz. Konponbidea agintarien eskuetan soilik  dagoela pentsatzea da, hain zuzen,  gure gizartearen galbidea. Elkarlanari, hau da, gizartea bizirik mantentzen duen hauspoari uko egitea litzateke horrela jokatzea. Guztiok dakigun bezala, norberekeria, enpatia eza eta alferkeriak ez gaituzte inora eramango.

Hori gutxi balitz, gure kontzientziak lasaitzeko gainontzekoei botatzen diegu errua behin eta berriz.  Zergatik ote? Bada, ez gaudelako prest arazoari aurpegia eman eta gure eguneroko erosotasun horri uko egiteko. Gutako bakoitzak esfortzu txiki bat egingo balu bederen, etorkizuna oparoagoa izango litzateke datozen belaunaldientzat. Izan ere, arian, arian, zehetzen da burdina.

Comments { 0 }
-->