Tag Archives | pribatutasuna

Intimitate-eskubidea Interneten

ordenagailuanBidezkoa al da bideo eta irudiak  interneten ikusgai jartzea pertsonaren oniritzirik izan gabe? Intimitatearen eskubidea pertsona batek ezkutuan edo gainerako gizakiengandik gordeta geratzen den eremua atxikitzeko duen eskubidea da, eta hau gizartean duintasunez eta bizitza kalitate gutxiengo batez bizitzeko beharrezkoa da. Oinarri honetatik hasita,  internet eskubide hau urratzen ari  da. Nork ez du ikusi edo entzun Olvido Hormigos Carpiori gertatutakoa? Nik telebistan ikusi nuen gertatutakoa, eta hunkitu egin ninduen. Inoiz pentsatu gabe nengoen  zer-nolako arriskua duen interneten bideoak edo  informazio pertsonala ipintzea.

Lehenik eta behin, Olvidoren kasua aztertu beharko genuke. Atzera bueltatuz, gogoratuko duzue Olvido Hormigos Carpio PSOEko zinegotziak duela hilabete batzuk  bere karguaz dimisio aurkeztu zuela. Gero atzera bota zen eta, azkenean, ez dakit zertan geratu zen auzia. Honek bere senarrari bideo erotiko bat bidali zion, zeinetan Olvido bera goitik behera  biluzik eta masturbatzen ateratzen zen. Bideoa bidali eta handik bi ordura herri osoak zuen bideo horren berri. Jendea  herriko kaleetara atera zen honi buruz hitz egitera eta Olvido kritikatzera. Honen ondorioz, bera eta bere familia moralki oso hunkiturik geratu ziren. Ez al zaizue iruditzen ondo egongo litzatekeela mekanismo kontrol bat jartzea gertaera hauen aurrean?

Horren haritik, webgune sozialetan ( Facebook, Tuenti, Twitter) zintzilikatzen dugun informazio pertsonala webgune horren jabetza bilakatzen da. Horrela, aurreko kasuan aipatu dugun bezala, intimitate-eskubidea guztiz galtzen dugu. Hala nola, ezagunak diren pertsonalitateen bideoak youtuben hedatzen dira, eta bertan bere bizitza sexualaren xehetasun guztiak azaltzen dira. Behin bideo hauek zintzilikatuta daudenean,  osa zaila da, ia-ia ezinezkoa, bere kopia guztiak ezabatzea. Beti existituko da norbait bideo hori gorde duena bere ordenagailuko diskoan eta, ondoren, hori berriro ere beste jendearen esku ipiniko duena.

Bestalde, badago beste modu bat zure intimitate-eskubidea galtzeko, hau  oso arriskutsua da eta oso jende gutxik daki. Ezezagun batek “troiar birus” bat bidal diezazuke, hau  zure Windows sisteman gauzatuko da eta zure web kamera filmatzen ari den guztia grabatuko du. Ondoren, interneten zintzilizatzeko gai izango da ziurrenik. Horregatik, erabat seguru egon behar da zure datu pertsonalak ematean, zein arrisku dituen, datu hauek beste erabiltzaileen esku jartzen baitira.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: Internet harremanetan jartzeko eta elkarri eragiteko modua erreboluzionatzen ari da, bai pertsonen artean, eta baita gero eta globalagoa den mundu honetan. Aurrerakuntza izugarria da zalantzarik gabe , eta, gainera, ez dago atzera bueltarik. Dena den, horrekin batera arazoak ere azaleratzen ari dira ikuspegi guztietatik funtsezko bi eskubideren aurkakotasunagatik: intimitate-eskubidea eta adierazpen askatuna.

Aipatutako birusak ekiditeko bideo hau interesgarria iruditu zait:

Comments { 0 }

Pribatutasunaren prezioa

Egunkarietan, telebistan, lagunarteko solasaldietan, aldizkarietan… medio guztietan eta edozein ordutan hitz egiten da pertsona ospetsuei buruz. Zehatzago izateko, ospetsuen bizitza pribatua izaten da guztion ahotan, beti txutxu-mutxuak bilatuz. Esaterako, azkenaldian Fernando Alonsoren kirol ibilbide arrakastatsuaz hitz egin ordez, emaztearekin izaten ari dengorabeheraz hitz egiten da.

Famatuek ezin dute sekreturik izan, ezin dute kalera irten beste edozein hiritar bezala, esaten edo egiten dituzten ekintza guztiak epaituak izango baitira. Are gehiago, hondartzara joatea oso arriskutsua izan daiteke pertsona hauentzat, beti baitago paparazziren bat bainujantziaren diseinua kritikatzeko, iztarretako zelulitisa agerian uzteko edo edozein egora estutan harrapatzeko. Ospetsuen bizitzari buruz dena dakigu, intimitate xumeena ere, eta ia ez dute pribatutasunerako eskubiderik. Hori gutxi balitz, presio handia izan ohi dute; izan ere, bai kirolariak, bai abeslariak, bai modeloak edo baita beste edozein pertsonaia ezagun ere gure erreferente bihurtzen dira eta sarri beraien jarrerak imitatzen saiatzen gara.

Hala ere, pribatutasun falta hau guztiz txarra al da ospetsuen interesentzat? Askotan beraiek, ospetsuek, probokatzen dituzten egoerak dira bihotzeko prentsako aldizkarien lehen orrian ezartzen dituztenak. Fama iragankorra da, noski, eta telebistako elkarrizketak egiteagatik ordaintzen zaizkien itxuragabekeriak agortzen zaizkienean, luxuzko festa garrantzitsuetara gonbidatzez uzten zaienean eta ohituta dauden bizi maila altura egokitutako bizimodua mantentzeko diru gabe ikusten dutenean euren burua, orduan, garbi ikusten dute irtenbidea: pribatutasuna saltzea.

Zer esan nahi du honek? Famatuek euren eguneroko bizitza edo iraganeko pasarte pribatu eta morbosoak publiko egiten dituzte diru-truk, horrela, berriro ere guztien ahotan egongo dira. Zenbat borroka, esklusiba, muntaia, haserre, dibortzio, ezkontza… Bizitzako pasarteak kontatu eta poltsikoa bete diru, etxera. Ikus, adibidez, Kiko Riveraren kasua: Isabel Pantojak eta bere semeak kameretatik urrun egon nahi izan dute azken urte hauetan, baina orain edonor izan daiteke Kiko Rivera eta haren neska-lagunaren arteko gorabeheren lekuko, batez ere Twitter bitartez.

Gainera, okerrago ere izaten da. Askotan seme-alabak -adin txikikoak- sartzen dituzte tartean etekin handiagoa lortzeko asmoz. Mila bider ikusi izan ditugu gurasoak jaioberriekin aldizkarietako portadetan. Eta zer esanik ez Suri Cruise txikiari buruz, ia gurasoak baino ospetsuagoa den neskatoa.

Egia da famatu asko oso kontrolatuta bizi dela, baina niri burura etortzen zaidan galdera honakoa da: zergatik haserretzen dira horrenbeste prentsarekin beraiek nahi dutenean eta komeni zaienean edozer kontatzeko gai badira? Merezi al du pribatutasuna saltzeak gorenean egoteagatik? Edozein modutara ere, argi dago ospetsuen bizitza pribatua oso zirraragarria suertatzen dela milioika ikuslerentzat. Azken batean mundu hau negozio bat da eta prentsa arrosak izugarrizko kontsumitzaile kopurua izaten jarraituko du.

Comments { 0 }
-->