Tag Archives | publizitatea

Xake-mate publizitateari

“… Besoetako bat mahai gainean pausatu du Paulek, aurkariari bere txanda dela iragarriz. Jokalariak begirada taulatik aldentzearekin batera, Janinenarekin tartekatu da, eta isiltasunak ukitu du berriz gela osoa, tarteka ganbera izugarri hura ikusleren baten hitz hutsalen batek betetzen duelarik. Izerdi tanta bat masail gorrixketan behera irristatu zaio neskari. Kontzentrazioari bide emanez, begirada taulan zentratu du berriz, eta egoera sakon aztertu, ñabardurarik txikiena ere aintzat hartuz — Eta peoi hau hona mugituz gero? Edota zaldiak beste lauki honetara salto egiten badu? Bai, baina gero Paulek beste mugimendu hau egiten badu? Noski, beste hau egin beharko nuke — Eta horrela jarraituko dute jolasean, arrats antzu hura erabat usteldu bitartean, batak bestea erabat menderatu arte. Azken hitzak dagoeneko irten dira Paulen ezpain artetik, atoan Janinen belarrira helduko den hats leuna. Bai, horrela da; itzal beltzak argi zuria jan du, eta errege zuria xake taulan pausatu da, etzanda. Mendean hartu du erresuma beltzak. Amaitu da jokoa: xake-mate…”

Gizabanako baten sozializazio prozesuari dagokionez, bere buruaren nortasuna garatzeko, beharrezkoak ditu bere ingurutik jasotzen dituen informazioa eta eragina. Horrela, geure nortasunaren garapena, xake partida, jaiotzen garenean hasten da. Eta nahiz eta hasieran modu inkontzientean eragiten diguten, geure bizitza osoan zehar taula zuri-beltz honen gainean higitzen gara.

Halere, bada une bat partida horretan taulari begiratu eta jarrera kritikoa har dezakeguna; izaki libreak izanik, aukera dezakeguna. Iristen zaigun eragin hori guztia barneratu edo ez erabakitzeko gaitasuna hartzen joaten gara, denborak aurrera egin ahala. Dena den, askotan konturatzen ez bagara ere, badira hainbat zeharkako eragile gure izatea manipulatzeko gai direnak: hedabideak, adibidez. Hauek dira gure barne-garapenaren grafikako x aldagai askeak, beraiei interesatzen zaizkien balioak hartzen dituztenak gero zabaltzeko, eta gu y menpeko aldagaiak.

Harrigarria bada ere, gaur egun bizi dugun egoera sozialari erreparatzen bazaio, argi asko ikus daiteke gure gizartea hainbat kulturaren arteko borroka handi baten emaitza dela. Emaitza hori, borroka horren nolabaiteko irabazleen botereari esker, gero eta estremistagoa izatera heltzen ari dela ere ikus dezakegu, gugana heltzen zaizkigun hedabide horiek guztiak herrialde eta erakunde boteretsuenen menpe baitaude, euren interesen arabera jokatuz, gizabanakoa homogeneizatzea bilatzen dutenak. Badirudi guztiok ideologia eta itxura berekoak izan behar dugula, mundu idealizatu baten irudia eskaintzen baitigute. Xake partida honi, hain juxtu, globalizazio izena eman zaio; eta alde beltzeko piezarik boteretsuenari, erregeari, publizitatea eta hedabideak. Hemen klikatuz gero, soziologo baten hitzaldi interesgarri bat duzue ikusgai.

Azken urteotan mundu osoan zehar horrenbeste zabaldu den publizitatea da gaur ezagutzen dugun egoeraren eragilea. Azken batean, honen zati handi bat munduko herrialderik boteretsuenen menpe dagoela ezin uka daiteke, eta hauek dira euren ideiak mundu osoko gizarteari helarazten dizkiotenak, gizartea guztiz manipulatuz, euren ekonomiaren mesederako. Herritarrak kontsumismora erakartzeko erabiltzen dituzten metodoak pentsaezinak dira askotan, sormenezko publizitateari bide emanez.

Nik uste, baina, bakoitza dela bere nortasunari so egin ez eta kanpotik datorkigun gezur eta interesen estrategia horiei uko egiten jakin behar duena. Publizitateak beti bilatzen ditu hartzailearengana heltzeko trikimailuak. Eurek nahi dutena egiteko, gure gogoa nola manipulatu pentsatzen ari dira etengabe; halere, gakoa euren amua ez irentsi eta jarrera kritikoa izatean dago. Guztiok ikasi beharko genuke geure nortasunari tinko eusten, globalizazioaren produktu ez bilakatzeko.

Comments { 8 }

Stop spot!

stopNor ez da inoiz jostatu kaleko baldosa urdinak baino ez zapaltzera? Txikitako kontuak dira, baina helduok ere noizbehinka aritzen gara horrela. Kontua da, denborak aurrera egin ahala, inguratzen gaituzten iragarki guztiekin entretenitzeko aukera ere eman zaigula lurrera begira egon beharrean. Gauzak bere neurrian ederto datozkigu, bai; izan ere, interesatzen zaizkigun produktuen berri izateko bide ona da. Dena den, muga hori gainditu egin da egun, eta aspergarria izaten ere hasi da.

Telebistaren kasuan, esaterako, gogaikarria bihurtzen ari da gure telesailik gustukoena ikusi nahi izatea eta ez lortzea. Komunikabide honen antolaketa gero eta okerragoa delakoan nago. Programazioa dela eta, ez da ordutegiaren eta adinaren arteko erlazioa errespetatzen; iragarkiei erreparatzen badiegu,  ordubeteko saio batetik 20 minutu, gutxienez, iragarkiak direla ondoriozta daiteke. Gauzak horrela, malabarista moduan jardun behar al dugu horrelakoak ekiditen eta zapping egiten? Horrez gain, lotsagarria iruditzen zait isunen bidez atentzioa deitu behar izatea iragarleei, argi dagoenean muga aspaldi pasatu dutela.

zappingHala eta guztiz ere, aitortu beharra dago noizean behin desesperazioak beharbada tontotu egiten gaituela, eta egongelako kaxari begira egon gaitezkeela denbora luze batez. Neurritasunez jokatuz, arte berri bat ere sortu ahal izango litzateke, iragarki batzuk benetan onak baitira. Coca Cola eta Freixenet-enak ikusteko, adibidez, urte osoa itxaroten dugu. Itxarote horrek azkenean merezi izaten du, horrelakoak gustura hartzen dira eta.

Internetarekin gauza bera gertatzen da. Gainera, hemen aritzen garen modua are xelebreagoa izan ohi da: nabigatzen dugun bitartean irekitzen diren aparteko leihoak ahal dugun azkarren ixten saiatzen gara, kontu handiz ibiliz iragarkiaren laukitxoa zapaldu ez dezagun; izan ere, horrela ordenagailua kutsatzeko arriskua dagoela irakatsi baitzaigu. Ez da oso zentzuduna horrela ibiltzea, egia esan. Horregatik, internauten kexa garrantzitsuena izatera iritsi da.

iragarkiakKontuak kontu, nabigatzen ari nintzela gai honi buruzko informazio gehigarria lortzeko helburuaz, hara zer-nolako egoera paradoxikoarekin egin dudan topo! Webgune honetan jakingarri interesgarria aurkitu dut, bai, baina argibide baino iragarki gehiago azaltzen da bertan! Benetan harrigarria! Ez al du ezerk baino gehiagok gogaitzen horrelako gunea ikusteak?

Aipatutako biak adierazten dutena hasiera besterik ez da; izan ere, kalean, mugikorretan, egunkarietan eta aldizkarietan ere berdin gertatzen baita. Jakina da funtsezko elementu dela ekonomiak aurrera egingo badu, baina beharrezkoa ote da gure ingurune osoa erabiltzea eta soberan, gainera, horretarako? Ez al da gehiegi? Badirudi honek ez duela hobera egiteko asmorik, itolarrian gaude. Beraz, esan dezagun ozenki: STOP SPOT!

Comments { 1 }
-->