Tag Archives | renfe

Tren geltokietako makinak arazo bihurtuta

Tren geltokian istilu bat zegoela ohartu orduko jakin nahi izan nuen zer gertatzen zen. Gizonezko bat larriturik zegoen, ezin izan zuen trena harrapatu. Denbora pasa ahala, hizketan hasi eta ohartu ginen geltokietako funtzionamendua ez zela batere egokia, eta, hanka sartze ugari egon arren, inor ez zela kexatzen. Horretan ari ginela, hirugarren pertsona bat azaldu zen. Bera ere bat zetorren gure iritziarekin. Arduradunaren jokamoldea alde batera utziz, makinek suposatzen duten oztopoaz mintzo ginen.

Lehenik eta behin, adineko jendea izan genuen aipagai. Garraiobide hau erabiltzen duen nork ez du ikusi inoiz adineko norbait makinen artean galdurik? Ez da harritzekoa. Ohitura falta eta ezintasuna direla medio, lehenago edo beranduago laguntza behar izaten dute txartela lortzeko. Ez hori bakarrik, zailtasun handia dago makinek maneiatzen duten hesia igarotzeko. Adibide gisa, geltokian ezagutu nuen agure bat. Erabat galdua, noraezean eta inongo laguntzarik gabe zebilen. Orduan, neure buruari galdetu nion: nola da posible estatuaren esku dagoen zerbitzu batean honelako arreta eta begirune falta egotea?

Bestalde, ezin ahantz genitzake haurrak. Esaterako, ama bat haurrarekin, kotxearekin eta beste zenbait trasterekin joanez gero, nola igaro kristalezko pasabidea makinak markatzen duen denbora tarte urrian? Hari beretik, geltokiko arduradunek agintzen zaiena soilik egiten dutenez, ez dute inongo laguntzarik eskaintzen. Beraz, ama batek ezin izango du zerbitzu hau erabili, guztiz baldintzatua baitago eta, noski, ez luke horrela izan behar. Gainera, gerta liteke haurrak min hartzea, ez bailitzateke harrigarria izango jolasean aritzea. Orduan zer?

Kontuak kontu, zer dela eta makina horiek ezartzearena? Nork eskatu ditu? Nork hautatu? Ez al litzateke zerbitzu publiko bat hori baino zerbait erosoagoa eta erabilterrazagoa izan behar?

Comments { 1 }
-->