Tag Archives | robotak

“Roomba”, XXI. mendeko mirabea

Nori ez zaio inoiz gertatu larunbat goizean jaiki eta etxea nahaspila batean edukitzea? Astean zehar pilatutako zikinkeria jaso beharrak nekatzen gaitu, eta are gehiago aste osoa lanean eman badugu etxetik kanpo. Egia esan, nire etxean maiz gertatzen zaigu, eta horregatik konponbide baten bila abiatu gara. Topatu ere bai! Hementxe dago: Roomba.

Hasteko, esan beharra dago, etxea garbi mantentzeko, egunero zaindu behar dela eta garbi mantendu; azken finean, bertan bizi gara eta ez litzateke batere atsegina izango garbitzen ez den etxe batean bizitzea. Baina zer gertatzen zaie etxetik kanpo lan egiten duten guztiei? Etxea egunero garbitzeko astirik ez dute! Zein konponbidetara jo behar dute? Gaur egun, neskameak edukitzea ez da ohikoa, eta, balitz, edukitzeak dirua izatea eskatuko liguke hari ordaintzeko. Alferreko gastua izango zen.

Gure erantzuna teknologian dugu. Teknologiaren bilakaera azkarrak era guztietako abantailak ekarri dizkugu etxera, baita garbitzeko laguntzari dagokionez ere. Eta horra hor Roomba robota, XXI. mendeko zerbitzaria. Teknologiak eskaintzen dizkigun aurrerapenekin gure etxeko egongela ordu batzuetan garbirik izandezakegu hatz bat altxatu gabe.

Asko dira robot txiki honek eskaintzen dizkigun abantailak: denbora aurreztu, gure denbora libreaz gozatzko aukera eman, etxeko garbiketarengatik ahaztu… Horiek guztiek gure bizitza hobetzen laguntzen digute! Eta hona iritsi nahi nuen. Gure bizitza hain azkar aldatzen ari da, non egunero jasaten ditugun aldaketa ugari. Egun, abiadura bizian aldatzen dira gauzak eta aldaketa horietako askok gure bizitza kalitatea areagotzeko balio dute. Adibide garbia Roomba robot hau litzateke.

Muturreraino iristen ari gara; izan ere, gure zama izan beharreko guztia beste baliabideen bidez ukatzen dugu, eta guk sortutako baliabide horien menpe bizitzera ohitzen ari gara. Menpekotasuna gero eta handiagoa da, ezin gara bizi aurrerapen teknologikorik gabe. Zoritxarrez, historian ikusi denez, menpekotasunak galera dakar.

Egia da Roomba bezalako aurrerapen teknologikoak onartzen ditugula eta haietaz baliatzen garela gure bizitza errazagoa egitearren. Alde horretatik, sekulako abantaila suposatzen du. Nik ere gustuko dut arazoei konponbidea ematen lehenengoak garen idea. Gure jakinduria arazoak konpontzeko erabiltzea oso ondo dago; halere, arazoak konpontzeko dugun erraztasun berberarekin jakin beharko genuke gure burua neurtzen.

Bestalde, ez dago dudarik ageriko aurrerapen hauek ingurumenean eragozpen handia sortzen dutela. Sortzen duten kutsaduraz gain, denborak aurrera egin ahala, baliorik gabeko “traste” bilakatzen baitira.

Hortaz, esanak esan, ez dago dudarik Roomba robot garbitzaile bezalako aurrerapenak etxea garbitzearen arazoa konpontzeko baliabide azkar eta eraginkorrak direla. Dena den, pixka bat pentsatuz gero, ohartuko gara konponbide bakarra gu geu garela; beraz, etxea larunbatero garbitu behar badugu, soluzio onena animaturik garbitzea da.

Comments { 0 }
-->