Tag Archives | sahara

Aberria maitatzea delitu bihurtzen denean

Aminatou1Asko idatzi eta hitz egin da azken asteetan -egunkari, telebista, irrati, internet edota bestelako komunikabideetan- Aminatou Haidar ekintzaile sahararrari buruz. Emakume hau Mendebaldeko Saharako hiriburu den El Aaiún-en jaio zen 1967an eta oso gazte zenetik eman du, bide baketsuen bidez beti ere, sinisten duenaren alde egiten, Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararra errealitate izan dadin alegia.

Ustez bidezkoa denaren alde egitearren emakume honek azaldutako adorea garesti atera zaio: jazarpenak, epaiketarik gabeko espetxeratzeak eta torturak, beste basakeria askoren artean. Azkenekoz, pasa den urteko azaroaren 13an, sari bat jaso ondoren New Yorketik zetorrela, El Aaiúneko aireportuan atxiki zuten bi kazetari espainiarrekin batera, eta egun bat geroago hiriburutik egotzi zuten eta Lanzarotera bueltarazi, Haidarrek fitxa polizialean bere burua marokoartzat jotzeari ezezkoa eman zionean. Hala, hogeita hamabi egun eman zituen gose greban, bere herrira bueltatzeko aldarrikapenari une oro eutsiz.

Aminatou Haidarrena ez zen gose greba hutsa izan; bere bizitza osoan, beste aberkide askorekin batera, eman duen borrokaren erakuslearen sinbolo bat baizik. Borroka honetan, munduan izaten diren beste gatazka askotan bezala, fronte boteretsu eta ahul bat dugu, Maroko eta Sahara hurrenez hurren. Hala ere, ahultasun horren aurrean sahararrek indarra atera ahal izan dute munduari esateko bertan daudela, nazioa direla, eta nahi dutela, bakean eta askatasunean, zer izan nahi duten erabaki, bide demokratikoei gogor eutsiz hainbatetan ukatu zaien autodeterminaziora heltzeko.

Haidar hainbat aberkiderekin, Saharako bandera eskutan daramatelaAminatou borroka horren ikur bilakatu da azkenaldian, hilzorian egon ostean, bere osasuna sinesten duen kausaren alde jokatuz, beharko lukeena eta ez dena defendatzearren alegia. Familiarengandik, lagunengandik, herritik… urrun mantentzen saiatu dira, bakoitzaren aberria maitatzea eta defendatzea delitu balitz bezala. Ez dute lortu, ordea. Azkenean, Marokori hitzaren boterearen, borroka baketsuaren eta garrantzitsuagoa den saharar herriaren aurrean makurtzea besterik ez zaio geratu; horrela, argudio guztiak agorturik, Haidarren El Aaiúnera buelta onartu behar izan du. Haidarrek bataila bat irabazi du, baina bide luzea geratzen zaio oraindik, noizbait, Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararra errealitate bilakatzea nahi badu.

Beraz, Saharak bizi duen gatazkak hortxe dirau eta hortxe jarraituko du boteretsuek herriari hitza ematen ez dioten bitartean; horixe baita, nire uste apalean, askori entzutea zail egiten bazaie ere, munduan dagoen gatazka askori amaiera emateko bide bakarra: autodeterminazioa. Beti ere, bide politiko, demokratiko eta baketsuak erabiliz, azken batean kausa edo ideia batzuen alde egiteko dagoen biderik duinena. Mahatma Gandhi handiak behin esan zuen bezala: “Odol ibaiak igaroko dira gure askatasuna irabazi aurretik, baina odol horrek geurea beharko du.”

Hementxe uzten dizuet Aminatou Haidarri gose greban zegoela egin zitzaion elkarrizketa. Ingelesez dago, baina uste dut balioko duela emakume honek sufritu duen bidegabekeriaren ideia zabalago bat egiteko.

Comments { 4 }
-->