Tag Archives | solasean

Iker Uriarte, Betagarri: “Nire xedea ez da teknikoki zaila den abesti bat jotzea, abestia ongi bideratzea baizik”

1977an, Gasteizen, jaioa dugu Betagarriko bateria-jolea den Iker Uriarte. Txikitatik izan du musikarekiko afizioa eta hainbat oztoporekin topo egin badu ere, ez du inoiz etsi. Egun, bere ametsa egunero betetzen ari dela esan dezakegu, musikaz bizi baita. Elkarrizketa nori egin pentsatzen ari nintzela, Iker etorri zitzaidan burura. Alde batetik, zaletasun berbera dugulako; eta, bestetik, musikari aparta izateaz gain, elkarrizketa gizatasun papurrez beteko zuela ziur nengoelako. Eta orain hementxe nago, bateria une batez alde batera utziz, nire irakaslearekin berriketan, gaurkoan teknikaz baino, bere izaera eta pentsaeraz gehiago ikasiko dudalakoan.

Iker eta Mikel“Hamaika gara” diskoari buruz hitz eginez ekin behar diogu gaurko elkarrizketari. Zortzigarren diskoa duzue eta, ohiko soinuez gain, funkyari, reggaeari eta beste hainbat estilori heldu diozue. Pasa den udan grabatu duzue Elkar estudioetan hamalau kantuz osaturiko diskoa. Jada, hasi zarete zuzenekoak ematen eta, oker ez banago, azkena Hernanin izan da ala? Bai, azkena Hernanin jo genuen, larunbatean hain zuzen ere (elkarrizketa aurreko larunbatari egiten dio erreferentzia), jendez gainezka zegoen karpa batean. Independentziaren aldeko jaialdi bat zen eta ekintza politikoa debekatu bazuten ere, kontzertua aurrera eraman genuen. Liskar askoren ostean, giro polita jartzea lortu genuen, eta jendeak oso ondo pasatu zuen. Dena ongi atera zen azkenean.

Zenbat denbora daramazu talde honetan? Hamabi bat urte daramatzat talde honetan, baina taldeak hiru edo lau urte zeramatzan ni sartu nintzenerako. Betagarriren lehen maketa eta diskoa aurretik zegoen bateria-joleak grabatu zituen. Bigarren diskoa grabatzear zeudela, bateria-joleak taldea bertan behera uztea erabaki zuen, ogibide hura ez baitzuen gogoko. Hau ikusirik, beste bat hartu behar zuten nola edo hala, diskoa ahalik eta azkarren grabatzeko. Orduan, ni hartu ninduten eta ordutik han dihardut.

Proiektu berririk ba al duzue buruan? Ba… bai, disko berria prestatzen ari gara. Jada, zortzi-hamar abesti dauzkagu buruan, baina oraindik letra batzuk, hainbat konponketa… falta dira. Horrez gain, datorren urteko korrikarako abestia konposatzeko proposamena egin ziguten eta ideia bat edo beste badugu buruan. Orain grabatu beharrean gaude.

Betagarri talde ausarta edo arriskua hartu duena dela esan dezakegu, lehen aipatu dugun bezala, musika estilo ezberdinak nahasten baititu. Zuk zein estilorekin identifikatzen duzu gehien zure burua? Beno, arriskatua.. .Arriskatuegiak ez gara, egia esan. Nire ustez, estilo arriskatua jazz-a izango litzateke, gehienbat estilo minoritarioa delako eta jendeak ez duelako interes gehiegirik jartzen musika mota honetan. Izan ere, inprobisazio ugariko musika da, batez ere, musikariok gogoko duguna. Hau kontuan izanik, Betagarrin ez dugu horrelako musikarik jorratzen, nahiz eta niri musika mota hori gustatu. Guk jaierako musika, jendeak dantza egiteko musika, jorratzen dugu gehienbat: reggae, ska, funkya…nahastuz. Dena den, niri nahasketan txertatutako estilo horiek guztiak gustatzen zaizkit, baina, batez ere, sustrai beltza dutenak. Reggaea, Jamaikakoa bada, gustatzen zait; ska eta rocka ere gustuko ditut, eta funkya izugarri gustatzen zait. Azken finean, gaur arte jorratu diren musika komertzial gehienek sustrai beltza izango dute.

Noiz eta zergatik hasi zinen bateria jotzen? Aurretik beste ezer jotzen al zenuen? Nik txikitatik jo nahi izan nuen bateria; baina nire gurasoek, ordea, ez zuten nahi, etxean ez baitzen sartzen eta izugarrizko zarata ateratzen baitzuen. Gainera, Gasteizen bizi ginen eta ez zetozen bat lokala erostearekin. Horrez gain, garai hartan kontserbatorioan ikasi ezin zitezkeen instrumentuak, instrumentu “malditoak” bezala ikusten zituzten, adibidez, bateria, kitarra elektronikoa… Beraz, nire anaiak soinu handia jotzen zuenez, trikitixa jotzen hasi nintzen gurasoei poza ematearren. Trikitixa jotzen zazpi bat urte jardun ondoren, 16 urte nituela, ni eta nire lagunek talde bat osatzea erabaki genuen, eta berriro etorri zitzaidan bateria burura. Buruari bira gehiago eman gabe, udan kotxeak garbitzen lan egin nuen eta, nahikoa diru aurreztu nuenean, nire lehenengo bateria erosi nuen. Garai hartan, nire gurasoek Etura izeneko herri batean etxe bat zeukaten eta, horrelako herri txiki batean zarata atera dezakezunez, posible izan nuen bertako garajetxo batean jotzea.

Noiz hartu zenuen honetara dedikatzeko erabakia? Hemen zure irakasleek izan al zuten eraginik? Hauetatik zen aipatuko zenuke? Nik uste dut ez zarela horretaz jabetzen. Alde batetik, badakizu musikan erraztasuna duzula, baina beti daude motibatzen zaituzten irakasleak. Nire kasuan, bat oso ona izan nuen, Oscar Martinez de Gereñu, trikitixako irakaslea, alegia. Hau izan zen, hain zuzen ere, musikarekiko irrika sortu zidana. Bateriaren munduan murgildu nintzenean, Victor Celadak, nire bateriako irakasleetako bat zenak, berebiziko eragina izan zuela esan dezaket. Kontserbatorioko irakasle batzuk aipatzearren, Diego Garcia, Jo Krause…hauek guztiek ere eragin handia izan dute nigan. Azken finean, irakasle guztiek izan dute eragina, bai estiloan eta bai jotzeko era hobetzerakoan.

betagarriAskotan gurasoek etorkizunik ez duen ogibide bat dela uste dute, zure kasuan ados al zeuden zure erabakiarekin? Hasiera batean oso zaila izan zen, baina, denboraren poderioz, gogor lan egiten nuela eta serioski horretara dedikatu nahi nuela ikusi zutenean, lagundu egiten zidaten. Adibidez, lehen esan dizudan herri txiki horretan, nire aitak etxe txiki bat eraiki zuen entseatu nezan. Betagarrin sartu nintzenean, eta kontserbatorioan ikasi nahi nuela adieraztean, dena garbiago ikusten hasi ziren.

Zer diozu kontserbatorioko ikasketei buruz? Bateria jotzen hasi nintzenean, irakasle batek Gasteizko kontserbatorioan sartu nahi ninduen perkusio klasikoko erdi-mailako ikasketak egitera. Garai hartan, 18 urte nituen eta momentu horretan gurasoek musikaz zuten iritzia ikusirik, proposamena alde batera utzi eta beste ikasketa batzuk egiten hasi nintzen. Denbora pasa ahala, nire bateriarekiko eta musikarekiko zaletasuna areagotuz joan zen; beraz, 26 urte nituela, Musikene kontserbatorioan goi-mailako bateriako ikasketak egiteko egin behar diren hautaprobetara aurkeztea erabaki nuen. Urduritasunak salbu, dena ondo atera zen eta nire ikasketei hasiera emateko aukera izan nuen.

Zeintzuk izan dira gainditu beharreko oztopo larrienak? Oztoporik handienak adina eta arazo ekonomikoak izan dira. 26 urterekin egiten duzun bizitzak ez du zerikusirik 18 urterekin egiten duzunarekin, agian, 18 urterekin posible da gurasoen laguntza handiago izatea, batez ere, ikuspuntu ekonomikotik begiratuta. Nik, batxilergoa amaitu ondoren, “peritos” edo beste ikasketa batzuk egin izan banitu, nire gurasoek ziurrenik dena ordainduko zidaten, baina 26 urterekin nola jo gurasoengana dirua eskatzera? Betagarriren irabaziekin, klase batzuk emanez eta gurasoen laguntza txikiren batekin ordaindu behar izan nituen nire ikasketak. Baina, bestetik, badaude bestelako oztopoak ere, esate baterako, psikologikoak. Musika ez da ematen duen bezain fisikoa, kontserbatorioko ikasketetan, esaterako, jasan behar den presioa handia da, eta horretarako norbera psikologikoki prestatuta egon behar du.

Behin ikasketak amaituta, nola ikusten duzu egungo musikarien egoera? Gaur egungo musikarien egoera edo euskal musikarion egoera nahiko kaxkarra da, egia esan. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak lan asko egiten du Musikene edo horrelako leku elitista batzuk eratzeko, baina gero ez dago irtenbiderik hortik ateratzen diren musikari askorentzat. Arazoa ez da kulturala, kontzertuak egon badaude, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, esaterako, hainbat kontzertu burutzen ditu, baina bertan 2 perkusionista daude; horrenbestez, Euskal Herrian prestatzen diren bateria-jole edo perkusionista gehiengoek bere kabuz bilatutako lan batean edo klaseak emanez atera beharko dute bizitza aurrera. Nire kasuan, nahiko egoera erosoan nago. Alde batetik, Betagarrin jotzen dut eta zorionez kontzertu ugari emateko aukera dugu; eta, bestetik, 2 musika eskoletan klaseak ematen ditut. Hala ere, baditut lagun musikariak askoz ere larriago dabiltzanak.

iker_uriarteMusikenen ikasketak bukatu dituztenek maila altua izango dute, konpetentzia areagotuz baitoa eta jendeak gero eta ordu gehiago sartzen baititu hobe jo dezan, eta nik hori ez dut beharrezkoa ikusten. Izan ere, “giza ukitu” baten falta sumatzen da, batez ere, gaur egun ez dagoelako musikarien artean elkartzeko joera. Entseatzeak errito sozial bat bezala izan beharko luke. Gu, adibidez, astean bitan elkartzen gara, lagunak hitz egiteko elkartzen diren antzera eta, egia esan, ohitura hori galtzen ari da, ondo jo nahi dute, baina bakoitzak bere etxean. Lehengo hariari jarraituz, mila bider garrantzitsuagoa da elkarlanean aritzea, etxean ondo jotzea baino. Azken finean, beste musikariekin erlazionatzea baita musikari baten emaitza.

Bateria-jole, talde eta abesti bat aipatzekotan… Abesti bakarra hautatzea gogorra da, baina are gehiago bateria-jole bat aipatzea; izan ere, bateria-jole askok izan baitute eragina nigan. Hauetariko ugari ditut gustuko, musika estilo askotarikoak gainera. Dena den, jazzean murgiltzen bagara, 5 edo 6 aipatuko nituzke: Max Roach, Philly Joe Jones, Art Blakey, Roy Haynes, Elvin Jones eta Tony Williams. Aipatu ditudan guztietatik, Tony Williams hautatuko dut. Musikari honek, 60. hamarkadan Miles Davisen jazz kintetoan jo zuen eta bertan hainbat grabazio egin zituen. Lehen aldiz entzun nuenean, “flash” bat izan zen, guztiz liluraturik utzi ninduen. Milesekin eginiko grabazioei erreparatuz gero, bereziki batekin geratuko nintzateke, Four & more. Bertako abesti guztiak izugarriak dira, baina gutxi batzuk aipatzekotan: So What, Seven Steps to Heven… Bestalde, nik beti diot 15 urtetatik 25 urtetara entzuten dugun musikak berebiziko eragina duela. Beraz, aipatu beharrean nago nire gaztaroan hainbeste entzun dudan Red Hot Chili Peppers taldea eta, nola ez, Chad Smith, bertako bateria-jolea. Led Zepellin taldea ere asko entzun dut… Aurretik aipatu ditudan bateri-joleez gain, badaude gaur egun punta-puntakoak diren beste hainbat, esate baterako, Dennis Chambers, Steve Gadd, Dave Weckl, Vinnie Colaiuta… Hauek, berriz, ez dute hain eragin handirik izan nigan teknikoagoak direlako eta nire xedea ez da teknikoki zaila den abesti bat jotzea, abestia ongi bideratzea baizik.

Ildo beretik, beste hainbat bateria-jole daude infrabaloratuak daudenak: Ringo Starr (Beatles taldekoa ), Jeff Porcaro (Totokoa ), Charlie Watts (Rolling Stonesekoa ) eta Jim Keltner (Bob Dylanekin jo zuena). Hauek guztiak entzutea gomendatzen dizuet…

Orduak eta orduak eman nitzakeen Ikerrekin solasean; izan ere, haren antzera, nire pasioa bateria izanik, galdera askoz ere gehiago buruan nituela eman behar izan nion amaiera elkarrizketari. Eskerrak ematea baino ez zait geratzen, beraz, bere jakintza nirekin partekatu eta tartetxo bat eskaintzeagatik. Mila esker, Iker!

Comments { 2 }

Ainhoa Aierbe, Goenkaleko kubatarra: “Pertsonaia gogorrak ditut gustuko”

Arratsaldeko bostetan geratu ginen Ainhoa Aierberekin bulebarreko kioskoan. Bera ailegatu baino lehenago urduri samar banengoen ere, berehala lasaitu nintzen berarekin hitz egiten hasi nintzenean. Eguraldi euritsu eta haizetsua genuen Donostian, eta elkarrizketa kafetegi batean egingo genuela erabaki genuen. Bertakoei baimena eskatu ondoren, tramankulu guztiak atera eta kamera grabatzeko prestatu genuen. Elkarrizketa hasi baino lehenago, Ainhoak eta biok hitz egiten jardun genuen kafea hartzen genuen bitartean, ondoren lanari ekin genion.

ainhoa-laura

Ainhoa Aierbek Goenkalen egiten du lan aspaldidanik, Leonor da. Nahiz eta jende gehienak telesail honetatik ezagutu, antzerki munduan ere asko ibilitakoa da: Hau komeria, Ai ama!, ezetz lepoan jarri, Por los pelos… Azkenaldian, beste antzerki batean dago: Si le ves a Lola dile que es rica. Baina has gaitezen hasieratik.

Nola eta noiz konturatu zinen aktore izan nahi zenuela? Prestakuntzaren bat jaso duzu? Nola hasi nintzen eta noiz jakin nuen antzezle izan nahi nuela? Txikitatik izan naiz “teatrera” samarra. Etxean bihurrikeria pila eta antzerkiak egiten nituen gauzak lortzeko. Gero, COUn nengoela, Antzerkia ikasgaia izan nuen. Gauzak horrela, zaletzen hasi nintzen eta horrela murgildu nintzen aktoreen munduan. Jarraian, eskola batean sartu nintzen eta ondoren Madrilera joan nintzen.

Goenkale telesailean lan egin baino lehen, zertan aritu zinen? Kantatzen ibili nintzen. Geroago, antzezlan musikal bat ere egin nuen, Easoko ederra. Euskal Herrian ibili ginen antzezten. Musikalaren zuzendaria Goenkalen ari zen lanean, eta berak deitu ninduen telesailean sartzeko.

Goenkalen aspaldidanik zaude, ia ez dituzu gogoratuko zure hasierak. Nola sartu zinen? Ze proba egin zizuten sartzeko?
Gogoratzen ditut nire hasierak, bai. Kubatar baten papera egiteko eskatu zidaten. Zuzendariarekin “monologotxo” bat prestatu nuen kubatar baten papera eginez. Nire eginbeharra pertsona bati eskua irakurtzea zen. Gainera, Joxemarirekin sartu nintzen. Nola ez naiz gogoratuko, ba, Mikel Garmendiaz!

Leonor pertsonaia eman zizutenean, nola moldatu zinen kubatar baten itxura, azentua… lortzeko? Piskatxo bat kostatu zitzaidan, egia esateko. Lan hori Agurtzane Intxaurragarekin landu nuen, eta janzkeraz telebistakoak arduratzen ziren.

Goenkalen etengabe sartzen dira pertsonaia berriak, eta aurten ere horrela izan da. Nolako eragina du zure lanean pertsonaiak telesailetik joan eta berriak etortzeak? Ze eragina daukan nire pertsonaian edo niregan?

Zeure lanean. Aurreko urtean ez zuen eragin handirik izan, nire nukleoa gutxi gorabehera mantendu egin zelako. Baina, hasieran, bada pittin bat gogorra, pertsonaia berriak sartzeko beste batzuek atera behar dutelako. Agur horiek ez dira errazak izaten. Gero, pertsonaia berriak sartzen direnean, berriro egin beharra dago engranaje guztia. Hasieran gogorra da, baina haize freskoa ematen dute, eta, harreman ona baldin badago, gustatzen zait. Dena den, denak batera sartzen direnean, oso gogorra izaten da aldaketa handia delako eta taldea osatzea ez delako erraza izaten. Horretaz gain, berriro ohitu behar duzu besteen manietara eta besteen lan egiteko erara. Behin ohitzen zarenean, berriz ere martxa hartzen duzu eta gustura zaude.

goenkaleGogorrak al dira grabazioak? Adieraziko al zeniguke nolakoa den grabazio egun bat. Niri ez zaizkit gogorrak egiten, hori bai, oso erritmo bizia daramagu. Kontuan hartu batez beste egunero kapitulu bat grabatzen dugula. Nik uste dut Espainiako estatuan edo Frantzian martxa honetan ez duela inork lan egiten. Kapitulu bakoitzak hamazazpi sekuentzia baditu, guk hamazazpi sekuentziak egiten ditugu egunean. Lanera, zazpiak laurden gutxitan sartzen gara. Lehenengo, aldageletara joaten gara janztera. Ondoren, makillaje gelan sartzen gara eta bertan makilatu, ilea txukundu….. Nik, dena den, alderantzizkoa egiten dut: lehenengo makillaje gelara joaten naiz, eta gero jantzi. Honen ondoren, gelatxo batean sartzen gara eta ordu laurden hogei minutu erabiltzen ditugu entseatzen. Gero, gauza bera platoan platoan, kamerekin pare bat aldiz. Jarraian grabatzen hasten gara. Hori oso erritmo bizia da, baino behin erritmoa hartuta… Gaur, Germanen pertsonaia egiten duenak esan du hemengo erritmoa hartuta, prest gaudela munduko edozein serie edo filmetan parte hartzeko, oso azkar aritzen garelako eta besteek mantsoago egiten dutelako lan.

Zer nahiago duzu antzerkia ala telebista? Bakoitzaren alde onak eta txarrak aipatuko dituzu? Hori askotan galdetzen duzue, zer nahiago dugun. Niri biak gustatzen zaizkit. Telebistak daukan gauzarik onena momentuz niretzat, hau oso pertsonala da aktore gehiengoek ez daukatelako nik daukadan zortea, bederatzi hilabetez jaten ematen didan lanpostu bat dudala. Pertsonaia bakar bat egin beharra daukat, gainera; beraz, eguneroko testua ikastearekin nahikoa izaten da. Horretaz gain, aukera daukazu, gaizki ateraz gero, moztu eta berriz ere errepikatzeko. Eta honek guztiak duen alde txarra, publikoaren erreakzioa ez duzula ikusten.

Antzerkia oso bestelakoa da. Aktoreok oso urduri jartzen gara zuzenean jasotzen duzulako publikoaren jarrera, baina horrela ikusten duzu gustatzen zaien ala ez. Publikoa nahiko jatorra izaten da eta harrera ona izaten du. Hori bizi izateko aukera ez da beste inon izaten, eta hori oso polita da. Okerrena izaten da hilabete edo hilabete eta erdi lan eta lan pertsonaia sortu nahian egoten zarela eta lan hori gogortxoa izaten da. Bestalde, politagoa da sormena dagoelako, baina askotan frustrazioak sortzen dizkizu ez duzulako nahi duzuna lortzen. Publikoaren aurrean zaudenez, hanka sartzeren bat egiten baduzu, edo momentuan konpontzen duzu edo ez dago beste aukerarik.

Lehen aipatu dudan bezala, egindako azken antzerkia, Si le ves a Lola dile que es rica izan da. Zer-nolako harrera izan du jendearengan? Si le ves a Lola dile que es rica antzezlana ere euskaraz egin dugu, Lola ikusten baduzu esan aberatsa dela. Nik uste dut harrera oso ona izan duela gauza ezberdina zelako: suspensea egiten dugu eta hori antzerki oso gutxitan egiten da, dramak edo komediak gehiago egiten direlako. Oso genero zinematografikoa da eta uste dut jendea harritu samar geratu dela, baina gustura. Ez dakit, azken finean, ni barruan nagoenez, ezin gehiago esan. Dena den, esan digute jendeari gustatu zaiola.

dilealolaAzken urte hauetan jendea ez omen da hainbeste joaten zinemara, antzerkiarekin ere berdin gertatzen al da zure ustez? Zer egin daiteke jendea erakartzeko? Bada, egia esateko, ez dakit. Zinemarena uste dut gertatzen dela aukera handiagoa dagoelako etxean zinema edukitzeko. Gainera, garestia ateratzen da sei euro baino gehiago ordaintzen delako. Antzerkia ere garesti samar ateratzen da, eta gainera ez da hain erosoa. Hau da, gaur egun, hainbeste aukera izanda (telebista, zinema… ) eta gauza hain landuak emanda, hain errealistak, bada, ez da hain erraza jendea antzokietara erakartzea… Berez aspaldiko kontua dela uste dut teatrora ez joatearena, hemen ez dago diru-laguntza handirik; hala ere, guk asteburu honetan (elkarrizketa egin zen asteari egiten dio erreferentzia) jende dezente izan dugu antzerkian.

Zer egin daiteke? Gauza erakargarri bezala aurkeztu, eta uste dut hori egiten dela. Horretaz gain, txikiak garenean ere ohitu beharko gintuzten. Adibidez, gu txikiak ginenean ez ginen joaten; orain, berriz, nahiz eta ezetz pentsatu, jende gehiago joaten dela uste dut. Orain antzezlan gehiago daude eta orduan denetara joatea garesti ateratzen da. Gu oso pobre bizi izango ginateke antzerkian bakarrik lan eginda, baina joaten denarentzat oso garestia ateratzen da. Beti ez, ordea, udaletxeak laguntzak ematen dituelako. Hain garestia ez denean, hau da herrietara joaten garenean, antzokia bete egiten da.

Ba al daukazu pertsonaia edo antzerki zehatzen bat interpretatzeko gogoa? Oraintxe bertan zer gustatuko litzaizuke egitea?
Oraintxe egiten ari naizena gustatzen zait. Hala ere, iaz estreinatu genuen Hor al zaude? antzezlana izan da niretzako bonboitxorik onenetakoa. Oraingoa ere bai, Lola ikusten baduzu esan aberatsa dela, obrarekin oso inpresio polita daukat, baina niri gehiago gustatzen zait Hor al zaude? Bestela, beti esan izan dut zerbait klasikoa egitekotan, pertsonaia gogorrak ditudala gogoko, hori bai, beraien gaiztakeriak justifikatuta daudenean. Medea bat, adibidez, “la mala malisima”… Horrelako pertsonaiak gustatzen zaizkit mami asko ikusten diedalako.

Hainbeste urte gora eta behera lanean, ziur nago gauza bitxi ugari gertatuko zitzaizkizula. Kontatuko al diguzu bakarren bat?
Beti galdetzen dituzue horrelako gauzak eta orduan ez dira burura etortzen. Ez dakit, gauza asko gertatzen dira, batez ere telebistan. Lehen esan dugu bezala, mozteko aukera dagoenez, azkenean ez dira hain grabeak. Baina antzerkian gertatzen direnean, parra ateratzen zaizunean edo bat-batean argi gabe geratzen zenean, hori konpondu beharra dago nolabait. Ez dakit, adibidez, estropuz egiten duzula edo norbaitek lo hartu duela antzezteko garaian… Gogoratzen dut behin Madrilgo erakustaldi batean antzerkitxo bat egiten ari ginela. Narratzailearen pertsonaia egiten zuenak hasiera eta bukaera ematen zion antzezlanari. Antzezlana egin eta gero, gu zain geunden berak bukaera noiz emango, baina ez zen ateratzen lo hartuta zegoelako, lo seko! Horregatik, guk amaiera eman genuen: bata hasi, besteak jarraitu… Ez dakizu zer-nolako apurua. “Albert, Albert, Albert… ez dela azaltzen”, eta ez zen azaldu!

ainhoa-aierbePertsona ezaguna izanda, nola eramaten duzu kaletik zoazenean norbait begira geratzea? Nik ia ez dut kasurik egiten, ez naiz enteratu ere egiten. Donostian batzuetan gertatzen da, baina herrietara joaten zarenean gehiago. Batzuetan lagunek eta mutilak esaten didate: “Jo, Ainhoa, egin kasu begira dauzkazun horiei.” Baina deskonektatu egin beharra dago; bestela, ez nituzke egingo egiten ditudan gauzen erdiak. Egiten duzunean, egiten duzulako; eta egiten ez duzunean, egiten ez duzulako. Hoberena ahaztea da eta kalean norbaitek geldituz gero, autografo bat ematen diozu eta listo.

Bukatzeko, zu lanean aritu zaren obrei buruz hitz egin dugu. Zu ikusle bezala joaten zarenean, zer-nolako ikuskizunak dituzu gogoko? Momentuaren arabera. Komediak gustatzen zaizkit arinak eta politak izaten direnean, baina gauza poetikoak ere gustatzen zaizkit. Hala ere, gauza asko ditut gogoko. Begira, azken urte hauetan gehien gustatu zaidan obra Emakumeak itzarapean izan da. Denak emakumezkoak ziren eta gizonezko bat zegoen. Oso gauza polita zen, agian, emakume kontuak direlako, azkenaldian gauza horiekin nabilelako buruan. Obra hori ikusteko aukera baduzue, ikustera joan interesatuko zaizue eta.

Bada, hauxe izanda guztia, Ainhoa. Espero dut lan asko egiten jarraitzea eta arrakasta ugari lortzea. Mila esker euskaljakintzakooi tarte hau eskaini izanagatik. Zuei, aukera emateagatik.

Elkarrizketa bukatu ahala, eskerrak eman nizkion Ainhoari berriro ere tartetxo bat eskaintzeagatik. Oso atsegina iruditu zitzaidan, oso ondo hartu ninduen eta momentu oro aspaldiko lagunak izango bagina bezala jardun genuen. Zorte on, Ainhoa!

Comments { 0 }

Fernando Morillo: “Nire burua ez da inoiz idatzi gabe egoten”

Ez nuen uste Fernando Morillori elkarrizketa egiteak literaturaren munduaz hainbeste erakutsiko zidanik. Baina has gaitezen hasieratik. Fernando eta biok hitzartu genuen eguna ezin esan dezaket ipuinetan agertzen den egun eguzkitsu horietako bat zenik; aitzitik, guztiz kontrakoa izan zen. Sekulako eguraldi txarra zegoen, baina ez zen traba izan nire elkarrizketatuarekin elkartzeko. Egia esan, zorionekoa ni berarekin elkarrizketa egiteko eguna lortzeagatik, oso gizon lanpetua baita! Egun horretan bertan hainbat bilera zeuzkan, baina tartetxo txiki bat egin zidan bere agendan eta benetan izugarri eskertzen diot tarte hori atera izana. Hasieran aipatu dudan bezala, literaturaren munduaz eta bere ofizio/afizioaz asko erakutsi zidan. Ez neukan ideiarik ere liburu bat idazteak zer suposatzen duen! Orain, zertxobait gehiago dakidala esan dezaket. Traste guztiak prest geneuzkala, elkarrizketarekin hasi ginen. Askotan gertatzen den bezala, halere, eragozpen txiki batzuk izan genituen: telefono deiak eta horrelako txikikeriak. Dena den, aurrera jarraitu eta… Gehiago jakin nahi? Bada, elkarrizketa irakurtzera gomendatzen zaituztet…

Fernando Morillo eta Idoia

Lehenik eta behin, Fernando, eskerrak eman nahi dizkizut euskaljakintzakooi tarte bat egiteagatik. Gaur egungo gazte literaturako idazlerik nagusienetarikoa zarela esan behar da, gero eta ezagunagoa ere euskal gazteriaren artean. Zure curriculumari erreparatuz, konturatu gara txiki-txikitatik jakin-min handiko gizona izan zarela, baina esaguzu. Nondik datorkizu idazteko irrika hori? Idazteko irrika baino gehiago, agian, sortzeko beharrak, istorioak sortzeko beharrak: istorioak imajinatzen nituen txori bat ikustean, baserritar bat ikustean…eta horrela sortu nituen ipuin txikiak, erabat niretzat, asmo literariorik gabe, eta kito. Ondoren, urte batzuk neuzkala, jarraitu nuen, gero eta gehiago. Horrela, lagun batek nire lan batzuk lehiaketa batera bidaltzeko esan zidan, eta txiripaz sari txiki bat jaso nuen, sekulako poza eman zidana. Honen ondoren, lanak bidaltzen jarraitu nuen eta hau puzten joan zen. Ni, berez, fisikaria eta filosofoa naiz, idaztea hobby txiki bat baino ez zen. Baina orduan konturatu nintzen benetan gustatzen zitzaidala.

Zure obrari erreparatuz, batik bat gazteentzako literatura idazten duzula ikusi dut. Zer dela eta? Egia esan, irakurtzeko garaian oso abenturazalea naiz, oso fantasia zalea, zientzia-fikzio zalea… zenbait estilo probatu ditut, baina gazteen estiloa gogoko dut beharbada ez naizelako oso urrun ibili. Niretzat nerabezaroa oso aberatsa, nahasgarria, intentsua… izan zen, eta orduan izan zen nire buruan irrika hau piztu zen unea. Gazteentzat idaztea asko gustatzen zait gazteen literaturan hainbat fantasia jar ditzakezulako, hainbat istorio xelebre, baina helduen literatura askoz ere zailagoa da. Horregatik, gazteen istorioak kontatzeak askatasun ikaragarria ematen dit; izan ere, alde batetik, maitasuna, sexua… gateentzat eguneroko gaiak dira eta, beste aldetik, nik nahi ditudan istorioak konta ditzaket eta onargarriak dira.

Morillo eta Idoia 2Fisika, filosofia… etengabe topa ditzakegu zure lanetan. Zergatik horiek eta ez beste batzuk? Hori gustu kontua da. Asko gustatzen zitzaidan txikitatik izarrak ikustea. Eta pentsatzen duzu: izarrak zergatik? Bada, horrelako liburuak irakurtzean, konturatu nintzen zientzia gustatu egiten zitzaidala, baina filosofia ere bai. Hori ez da arrazionala, tortilla gustatzea bezalakoa da, zergatia ez dakit!! Horrela gertatzen da filosofia eta zientziekin.

Gloria Mundi, Izar malkoak, Ortzadarra sutan, Seximenduz… eta beste hainbat liburu daukazu argitaratuta. Zure adina kontuan izanda, oso emankorra zaitugu. Non sortzen zaizu inspirazioa liburu berri batekin hasteko? Etengabe ari zait buruan zerbait bueltaka. Idatziko ez banu, agian, marrazten edo eskulturak egiten saiatuko nintzateke. Ez dakit balioko nuen, baina behintzat saiatuko nintzateke. Bestalde, ez dakit nondik datorkidan inspirazioa, baina azken urte hauetan inspirazioa mimatzen ikasi dut; hau da, lehen etorri egiten zen, baina orain, etortzeaz gain, badakit zer egin behar dudan gehiago inspiratzeko. Bakoitzak bere trikimailuak ditu. Nik neureak ikasi ditut, eta hor ibiltzen naiz nire gauzatxoak egiten… Nire arazoa ez da ez daukadala inspiraziorik; aitzitik, ez dakit zer egin etortzen zaidan guztiarekin. Nik zirriborro asko dauzkat nire buruan, baina idatziak batzuk baino ez. Nire arazoa denbora falta da!

Idazten ari zarenean, nolakoa da zure lan-metodologia? Murgildu egiten naiz, baina ezin dut gauza bakarra egiten aritu. Hau da, bi hiru istorio batera egiten egoten naiz, eta hori gertatzen denean, akabo internet, telefonoa… Dena uzten dut, eta nire lanean murgiltzen naiz. Idazteko beharra daukat eta benetan istorio bat sartzen zaidanean berdin dit ez jatea, lorik ez egitea… gero, bukatzen dudanean, nahi dudan guztia egin baitezaket.

Ez dakit jakingo duzun, baina Jakintza Ikastolaren asmoa zera da: euskara arlo guztietara zabaltzea eta ahalik eta gehien erabiltzea. Horretarako teknologia berriak aprobetxatzen ditugu. Zuk zein iritzi daukazu teknologia berriak eta euskara bikoteaz? Ezinbestekoa iruditzen zait, batik bat hizkuntza txikientzat. Honekin kanpokoekin lotura lortzen dugu, eta hori aprobetxatu beharra dago. Pentsa zenbat euskaldun bizi diren Euskal Herritik kanpo, munduan zehar, eta internetek laguntzen dizu munduko edozein tokitan zaudelarik bertakoekin, familiarekin…eta baita Euskal Herriko hainbat webgunerekin, zuena adibidez, kontaktatzea. Horregatik, berriro esaten dut ezinbestekoa dela; izan ere, bestela, askoz ere okerragoa izango litzateke. Gainera, niri asko gustatzen zait sarean murgilduta ibiltzea, alde batetik bestera… Agian, askotan ez naiz ohartzen munduan gertatzen denaz, baina nik benetan jakin nahi dudana beti hor daukat.

morilloAsko aipatzen da gaur egungo gazteoi ez zaigula irakurtzea gustatzen. Zer uste duzu izan behar duela liburu batek gazteok erakartzeko? Nik normalean zera egiten dut: pentsatu niri zer gustatzen zaidan, eta, gazte literatura irakurtzea gustatzen zaidanez, gustuko dut niri gustatzen zaizkidan gaiez idaztea. Gai batzuk oso sakonak dira, gehienbat gaztea zarenean. Adin horretan oso azeleratuak egoten gara; horregatik, gauza motelak gazteei aspertu edo atseginak ez zaizkiela egiten uste dut. Nik nahi dudana da gazteak liburua interesarekin hartzea, horregatik saiatzen naiz pentsatzen ea niri zer gustatuko zekidakeen irakurtzea adin horrekin.

Oker ez banago, jaso duzun azken literatura saria Gaztea saria izan da, Gloria Mundi liburuagatik. Sari hau ikasleen bozketaren ondorioz jasotakoa da, hau da, irakurleek emandakoa. Nola sentitzen da bat horrelako sari bat jaso ondoren? Horiek oso sari bereziak izaten dira. Normalean literatur sari bat jasotzen duzunean, badakizu epai mahai batek hautatuta irabazi duzula, eta oso era hotzean eta ofizialean izaten da. Kasu horretan, lau epaimahaik aukeratu zaituzte eta, bestean, gazte talde bat bildu da eta zure liburua hautatu du beste askoren artean, oso desberdinak dira… Niri bi kritikarik esatea “munduko onena zara” baina gero inork irakurtzen ez badu… Orduan, nik nahiago dut gazteengandik jasotako sari bat edukitzea. Uste dut, gainera, beste idazle askok ere horrela pentsatzen dutela.

Literatur saioak ere eskaintzen dituzula jakin dugu. Zer-nolakoak izaten dira saio horiek? Zein pertsonari daude zuzenduak gehienbat? Mota guztietakoei, egia esan. Dagoeneko hasi naiz haurrei ere ematen, eskolatan asko eta unibertsitateetan; beraz, adin guztietan baina gehienbat gazteen artean ibiltzen naiz. Nolakoak? Saiatzen naiz oso gai sakonak, baina oso modu erakargarrian azaltzen, eta teoria moduan azaldu beharrean, adibideak erabiltzen ditut. Saioak istorio bihurtzen saiatzen naiz..

Azkenaldia Bilbon, laster Valentzian… alde batetik bestera zabiltza. Suposatzen dut lan kontuengatik izango dela. Horrela da? Zer-nolako lan kontuez ari gara hitz egiten? Ez zait gustatzen geldirik egotea; hobeto esanda, ezin dut. Bizitzan ere beti ibiltzen naiz alde batetik bestera. Oraintxe ere beste toki batera noa… Nire lana idaztea eta saioak egitea da batik bat, eta ondoren kolaborazioak daude. Halere, gehiena idaztea da, eta hori gehien gustatzen zaizun tokian egiten duzu…. Saio horiei dagokielarik, oso bereziak izaten dira, Muskizetik hasi eta iparralderaino bueltaka ibiltzen naiz. Horrelako aukera izan dudanean, oso ondo aprobetxatu dut. Nire lana, azken finean, bidaiatzea eta gustatzen zaidana egitea da!

Suminaren Estrategia izan da zure azken lana. Nolako erantzuna jaso duzu irakurleengandik? Suminaren estrategiaZer-nolako kritikak jaso dituzu? Irakurleen aldetik oso kritika onak eta baita oso txarrak ere! Baina hori betikoa da; dena den, uste dut argi dagoela oso liburu arina eta freskoa dela. Ez da liburu perfektua, baina nire esperimentutxo bat zen. Niri, egia esan, asko gustatzen zaizkit oso gai sakonak, filosofikoak…baina baita gauza arimak ere. Oso gustura nago liburuarekin orokorrean.

Zein proiektutan zaude murgilduta azkenaldian? Zerbait berririk? Oraintxe hiru liburu atera behar ditut eta horregatik egon naiz hilabete batzuk deskonektatuta. Bat Gloria Mundiren estilokoa da, zientzia eta sentimenduak nahastuta. Oso labur esanda, protagonista zientziazalea da, eta bere neska laguna oso gaixo dago, minbiziarekin hain zuzen. Neska hilzorian dago; horregatik, mutila inork lortu ez duena sendatzea helburu, ikertzen hasten da. Zure arimaren truke delako honetan bikote eztabaida kontuak ere azalduko dira. Beste liburu bat Leonardoren hegoak da. Florentzian gertatzen da eta ikaragarri gustatzen zait. Gazte bat bertara joaten da. Oso nahasita dago, bizitzarekin aspertuta, ez daki zer egin honekin eta osaba berezi batekin sekulako abenturak biziko ditu. Leonardoren teoriak azalduko dira eta oso nobela bitalista dela esan dezaket. Hirugarrena Egun beltzetan jolas beltzak deiturikoa da. Oso nobela berezia da; izan ere, beste tonu berezi bat erabiltzen saiatu bainaiz. Hau da, gerraostean dago kokatuta eta nire helburua izan da nobela historiko bat egitea. Zahar batek bere gazteetako gauzak kontatzen ditu.  Oso gauza gordinak azaltzen dira. Liburu hau gazteentzat da, baina oso modu patxadatsuan. Nire helburua nobela literario bat egitea izan da, ez politikoa eta ezta historikoa ere. Esperimentu bat egin dut honekin eta oso gustura nago. Gainera, azaleko argazkia erakutsi didate eta oso ederra da.

Morillo eta Idoia 3Gaiari buelta pixka bat emanez, nola ikusten duzu euskal literaturaren etorkizuna? Nondik jo beharko zenukete autoreek? Euskal literatura poliki-poliki, noski hizkuntza txikia da, baina nik uste dut oso nabarmen zabaltzen ari dela. Nik gogoratzen dut, gaztea nintzenean, fantasiazko liburuak euskaraz aurkitzea oso zaila zela; agian, bakarren bat, baina oso zaila zen. Ikusten dudana da apurka-apurka gazteak txiki-txikitatik euskaraz irakurtzeko ohitura ari zaretela hartzen. Guk nobelak bagenituen, baina bat edo beste, zuek aukera gehiago dauzkazue liburuak lortzeko. Zuek oztopo batzuk gaindituta izango dituzue, baina beste batzuk aurkituko dituzue. Halere, nik uste dut oso etorkizun ederra daukala euskal literaturak zentzu horretan.

Orain utz dezagun alde batetara zure idazle alderdi hori eta jo dezagun zure bizitza pertsonalera, ausart banaiteke. Jakin nahiko nuke zer egiten duzun idazten ez zauden momentu horietan, hau da, zer duzu gustuko idazteaz aparte? Asko gustatzen zait galtzea, zentzu guztietan: hartu kotxea edo motxila eta portatila, eta herri batean galtzea. Bertan egun batzuk igaro eta ondoren beste batera, planeatu gabe… Edo leku batera joateko asmoa dudala, azken minutuan beste leku batera joatea erabakitzea, eta horrelako gauzak. Gustuko dudan beste gauza bat mendian ibiltzea da. Oraintxe herri txiki batean bakartuko naiz, oso biztanle gutxikoa, mendia eta hondartza txiki bat daukana. Bertan, liburu askoren ideiak sortu zaizkit. Orain buruan daukadan istorioa oso berezia da, Euskal Herrian landu ez den gai bat delako. Izugarrizko gogoa daukat. Gore, fantasia… itxurako istorioa da. Halaber, oso gustuko dut lagun batekin geratu eta kafe bat hartzea. Momentu hauetan guztietan nire buruan idazten ari naiz, baita bilera bat daukadanean ere, edota parrandan nagoenean… Nire burua ez da inoiz idatzi gabe egoten. Adibidez, pertsona arraro bat ikusten badut, segituan nire buruak pertsona hori aztertu eta nolabait horren informazioa artxibatu egite du… Azken finean, esan dezaket bizitza bizitzea gustatzen zaidala!

Arrazoi nuen, ezta? Asko ikasten da literaturaz berak esandako guztiarekin! Benetan asko eskertzen dizut, Fernando, egindako esfortzua. Onena opatzeaz gain, liburu zoragarri horiek idazten jarraitzeko eskatu nahi dizut. Irakurle gogotsu bat, behintzat, ez zaizu falta izango!

Comments { 3 }
-->