Tag Archives | solasean

Klaudio Landa: “Ez dut uste gauza ona denik dena dakizun jarrera izatea”

Egun batzuetan zehar elkarrizketa prestatzen ibili eta aurreko egunetan zenbait gorabehera izan ondoren, iritsi zen elkarrizketa eguna. Amaia eta biok lehenago atera ginen klasetik tren geltokira denboraz iristeko. Gelakideari azken momentuko aholkuak eskatu ondoren -ordurako hark bere elkarrizketa egina baitzuen-, urduri, Klaudiori egin behar nizkion galderak errepasatzeari ekin nion. Amaiak lasai egoteko eta elkarrizketa patxadaz hartzeko esan zidan, dena ondo aterako zela. Konturatzerako, Donostiako Londres hotelean geunden. Hantxe zegoen Klaudio gure zain.

Klaudio Landa kazetaria Euskadi Irratian hasi zen lanean. Bertan urte batzuk eman ondoren, pantaila txikira pasatu zen. Hainbat programa ezberdinetan arrakastaz aritu ondoren, Oh Happy Day programa ezagunaren kasu, EITB 2ko Ni mas, ni menos programan ikus dezakegu orain aurkezle lanetan.

Lehenik eta behin mila esker euskaljakintzari tarte hau eskaintzeagatik, Klaudio. Elkarrizketari ekiteko, axola ez bazaizu, denboran atzera egingo dugu. Noiz erabaki zenuen kazetari izan nahi zenuela?Txikitatik izan duzun ametsa izan da? Ez, umetan arkitekto izan nahi nuela gogoratzen dut, etxebizitzak-eta egitea izugarri gustatzen zitzaidan. Etxebizitzak ikusi eta aztertzea betidanik gustatu izan zaidan gauza da. Gero, institutu garaian, antzerkia ikasten hasi nintzen eta asko gustatu zitzaidan. Kazetaritza eta antzerkia antzekoak izan zitezkeela pentsatzen nuelako kazetaritzan sartu nintzen. Dena den, konturatu nintzen hori ez zela horrela, beste gauza bat dela, eta asko gustatu zitzaidan. Kazetari lanetan irratian hasi nintzen; ondoren, Euskadi Gaztean kazetaritzarekin zerikusirik ez duen beste gauza bat egiten hasi nintzen. Azkenik, telebistakoa suertatu zitzaidan. Beraz, noiz pentsatu nuen? Bada, nik uste dut zure adinarekin izan zela.

Esan duzun bezala, Euskadi Irratian hasi zinen lan egiten; nola zabaldu zitzaizkizun bertan lan giteko aukerak? Beka bati esker. Gaur egun ez dakit nola dagoen egoera, baina garai hartan, nik eta beste askok bekei esker izan genuen Euskadi Irratian lan egiteko aukera. Nik Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nuen kazetaritza. Garai hartan Euskal Herriko Unibertsitateak akordio bat zuen EITBrekin . Horren bitartez, diru-laguntzak ematen ziren praktikak egiteko eta bertako lana ezagutzeko. Horrela hasi nintzen lanean Andia kalean, bertan baitzegoen orduan Euskadi Irratia. Beka bukatu ondoren, beste gauza batzuk sortzen joan zitzaizkidan, ordezko kontratu bat besteak beste.

Irratian lan egin ondoren, telebistara egin zenuen jauzia. Alde handia dago irratian edo telebistan lan egitearen artean? Irratia eta telebista medio ezberdinak dira, komunean gauza batzuk badauzkate, baina baita bere berezitasunak ere. Irratian lan egiteko, mezu bat igortzeko edo programa bat egiteko, ez duzu lan talde handia behar, norberak egin dezakeen lana da. Guk Euskadi Gaztean autokontrola egiten genuen eta gaur egungo Gaztean ere horrela egiten dute: mahai bat, mikrofonoa eta mp3 zein diskoak sartzeko tokia. Horrekin zuk zeuk egin dezakezu irratia, ez duzu inoren beharrik. Hori telebistan ezinezkoa da. Dena den, gaur egun interneten ikusten den bezala, zure kamera etxean ipini eta besterik gabe telebista egin dezakezu, gauzak teknologikoki eta teknikoki asko aldatu baitira. Hori alde batera utzita, gaur egun, telebistan lan egiten dugunok lan talde handia behar dugu, jende asko, eta horrek xarma berezi bat ematen dio.

Zuk zeuk non nahiago duzu lan egitea? Argi esango dizut. Gaur egun, pertsona gehienek diruagatik egiten dute lan. Nahiz eta askok irratiak xarma berezia duela esan, telebistan gehiago kobratzen da eta hori kontuan hartu behar da. Ni oso ondo sentitzen naiz bietan. Ikusten duzunez, asko hitz egiten dut eta hori oso ona da irratirako, ezin baita hutsune gehiegi utzi. Telebista ere oso gustuko dut; beraz, biak.

Nola ikusi zenuen zure burua lehenengo aldiz telebistan aritu zinenean? Ez dut lehenengo aldiz gauza berezirik sentitu nuenik gogoratzen. Jende askok esaten du oso natural ikusten zaituela, baina naturaltasuna galdu egiten da kamera aurrean duzun unetik. Zure burua ikusten duzunean edo zure ahotsa irratian entzuten duzunean arraroa egiten zaizu, baina ni ohitu egin naiz. Gainera, telebistan lan egiten dugunontzat oso komenigarria da nork bere bere burua ikustea, autokritika egiteko eta egiten ditugun akatsak ikusteko.

Kazetaritzak arlo asko ditu erreportari gisa kalean ibiltzea, prentsa arrosa deitzen den sekzioan lan egitea,…Zeinetan sentitzen zara gusturago? Lan ezberdin asko egin ditut eta bakoitzean gauza berriak ikasi ditut. Nik zuzeneko eta grabatutako programa asko egin dut. Zuzeneko platoak izenekoa egiten luze aritu naiz eta hori da gehien gustatzen zaidana, plato bateko aurkezpen lana. Sorginen Laratza gogoratzen dut, osagai askoz osatutako programa zen: umorea, elkarrizketak… Zuzenekoa zen eta hori asko gustatzen zait. Horretaz gain, nire ustez, garai ezberdinak daude. Hasieran, adibidez, kaleko erreportajeak egiten hasten zara, geroago platora joaten zara…

1998. urtean, Benta Berri telesailean hartu zenuen parte aktore moduan, nolatan aukeratu zenuen proiektu hau? Bertan parte hartzeko aukera eman zidaten. Zoragarria izan zen lan taldea, aktore on askorekin egin nuen lan. Nire aktore lana, sentitzen dut, baina ez da ona edo niri behintzat ez zitzaidan gehiegi gustatu; besteena, berriz, bai. Eta haiei esker, nire ustez, nahiko telesail txukuna egin genuen. Nire mugak baditut eta nahiz eta erraztasun handiko jendea egon, aktore izateko lan asko egin behar da eta prestakuntza handiagoa behar da.

2003. urtean hasi eta hiru urtez Esta es mi Gente “talk show”-a aurkeztu zenuen. Bertan jende ezezagunek beraiei gertatutako istorio bitxi eta arazoak kontatzen zituzten. Zein izan zen kontatutako gauzarik arraroena ala gehien harritu zintuena?Asko, egunero kontatzen zizkidaten. Batzuk harrigarriak ziren. Egia esan, ez ditut denak gogoratzen; hainbeste gauza kontatzen zizkidaten! Behin Iruñako gonbidatu bat ekarri zutela gogoratzen dut… Lantalde handia zegoen programaren atzean eta haien lan paregabeari esker egiten genuen eguneroko programa. Beraiek lortzen zuten informazio guztia eta, horrela, nik errazago egin nitzakeen galderak. Normalean, zuzenean sartu aurretik, beraiekin egoteko tartetxo bat izaten nuen, haiek ezagutzeko, aurkezteko, lasaitzeko… Normalean nahiko urduri egoten dira. Kontua da, egun hartan arazoak zirela eta, ez nuela beraiekin egoteko denborarik izan. Zuzeneko programaren ordua iritsi, platora sartu eta bera zen lehenengo gonbidatua. Nik banekien Afrikatik etorritako emakume bat zela. Goitik behera beltzez zegoen jantzita, izugarrizko beldur aurpegiarekin. Begiak baino ez nizkion ikusten. Eseri zenean, bere gaia kokatzen hasi nintzen. Lehenengo galdera egin ondoren, ikusi nuen ez zidala erantzuten. Entzumen arazo bat zuela pentsatu nuen eta galdera errepikatu nion. Niri eta nire ingurura baino ez zuen begiratzen. Nik ez nekien zer egin, gainera oso luzea egiten da dena telebistan.Ondorioz, bere ondora joan eta bertan eseri nintzen urduri zegoelakoan eta shock bat eman ziolakoan. Bertan nengoela, mesedez, bere istoria kontatzeko eskatu nion. Kasurik egin gabe jarraitzen zuen. Ez zuen gaztelania ez ulertu, ez hitz egiten! Eta hori egoera barregarria izan zen, batez ere, oso surrealista izan zelako. Baina, honetaz gain, istorio harrigarri eta barregarri asko entzun nituen.

Maila nazionaleko telebista-programetan ere lanean ikusi zintugun, zein ekarpen egin dizu esperientzia honek? Profesional ugari ezagutu izan, batik bat. Azken finean, lana berdina edo antzekoa da leku guztietan, aldatzen den bakarra medioak dira. Agian, Madrileko telebista kateetan lan egiteak kontaktuak ematen dizkizu. Lan bat da eta enpesa ezberdinak daude; beraz, leku horietan lan egiten dutenekin kontaktuak izatea komenigarria izaten da profesionalki. Horretaz gain, lan talde handiagoak dituzte eta diru gehiago dago kamera edo dekoratuentzat.

Orain dela gutxi arte Oh Happy Day aurkezten ikusi zaitugu. Proiektu hau musikarako zaletasuna duzulako edo zergatik aukeratu zenuen? Alde batetik, bai. Gainera, koroen edo abesbatzen munduarekin harremana izan dut bai pertsonala eta baita profesionala ere. Betidanik gustatu izan zait. Proiektua eskaini eta aurkeztu zidatenean interesatu piztu zitzaidan, batez ere ordura arte ez zegoelako horrelako gauzarik. Badakit Euskal Herrian abesbatzen munduan jende gazte asko dagoela parte hartzen. Nire ustez, programa polita egin ahal izan genuen eta jendeari gustatu zitzaion. Espero dut hurrengo Oh Happy Day edizioa laster izatea.

Gaur egun gazte askok ikasten du kazetaritza, baina zuk izan duzun adinako arrakasta lortzea zail samarra da. Zure iritziz, zeintzuk dira kazetari batek eduki behar dituen nolakotasun edo ezaugarriak arrakasta lortu ahal izateko? Bakoitzaren araberakoa da. Nire ikuspuntutik arrakasta lortzea gaur egun lanean jarraitzea da, ez baita gutxi gaur egungo egoera zein den ikusita. Horretaz gain, izandako esperientzia horietan guztietan hainbat jende ezagutzeko aukera izatea. Nire iritziz, telebistan edo komunikabideetan lan egiten duen jendeak ikasteko grina edo jakingura eduki behar du, telebista munduan beti ikasten baitira gauzak. Ez dut uste gauza ona denik dena dakizunaren jarrera izatea. Beti ikasten dira gauza berriak eta beti saiatu behar zara jakin-min hori mantentzen. Hori ez baduzu, dena ikusita duzula eta ezerk ez zaituela harrituko uste duzunean, dena bukatu da. Nik uste dut hori dela garrantzitsuena.

Noizbait gustuko ez zenuen pertsonaren batekin lan egitea suertatu al zaizu? Nola joan zen? Lan honetan gauza bat dago: aurreiritziak. Hauek alde batea utzi behar dira telebistan lan egiteko. Nik jende askori egin dizkiot elkarrizketak: Raphael, Boris Izagirre, Alaska… Jende ezaguna ez denari ere, “Esta es mi gente”-n esaterako. Batzuek modu jakin batean jardun dute eta beste batzuek, berriz, beraien izaeraren arabera. Nork bere puntu interesagarria izaten du eta, lanean ari naizenez, ez dut bakoitzaren izaera pertsonalki baloratzen. Egia esan, ni ez noa lagunak egitera. Elkarrizketatuari profesionaltasuna eskatuko diot, ez beste ezer. Elkarrizketatuaren lana, agian, gehiago edo gutxiago gustatuko zait, baina momentu horretan garrantzitsuena nik prestaturiko galderak nola erantzuten dituen eta nik dudan jakin-mina asetzea da.

Zein motatako proiektu berri gustatuko litzaizuke egitea? Bat aukeratzekotan, elkarrizketa programa bat egingo nuke, asko gustatzen baitzaizkit. Hala ere, ez nituzke hauek egin ohi diren bezala egingo. Agian, orain gauden bezala: beste era, ingurune… batean.

Zein proiektu berri dituzu etorkizunerako? Normalean, proiektuak direnean, ez aipatzea da onena; izan ere, telebistan proiektu asko airean geratzen baitira. Dena den, Oh Happy Day programaren edizio berria egiteko asmoa egon badago eta horretan gabiltza, baina auskalo…

Kate motzean

Uda ala negua? Uda
Herri bat? Ea
Gehien miresten duzun kazetaria? Julia Oterok nola egiten dituen elkarrizketak asko gustatzen zait.
Paisaia bat? Itsasoa eta mendia bat egiten dutenean.

Eta honelaxe, kontu-kontari, eman genion amiera elkarrizketari giro ezin hobean. Elkarrizketa bukatu ondoren, baina, kamerarekin arazotxo bat izan genuela konturatu ginen Amaia eta biok: azkeneko galderak ez ziren grabatu kamera itzaldu egin baitzen. Dena den, elkarrizketaren beste zatia kameran zegoela ikusi genuenean, lasaitu ederra hartu genuen! Elkarrizketa egin ahal izatea
esperientzia benetan polita iruditu zait. Horregatik, Klaudio Landari berriro eskerrak eman nahi dizkiot elkarrizketa posible egiteagatik eta tarte hori hain atsegina egiteagatik. Mila esker, Klaudio, eta zorte on!

Comments { 2 }

Juan Mari Arzak: “Bizitzan, ahalegina egin behar da norberaren pasioa lanbide bihurtzeko”

Apirilaren 5a, inoiz ahaztuko ez dudan eguna. Halaxe da; izan ere, Juan Mari Arzak goi mailako sukaldaria ezagutzeko beta izan bainuen. Amaiaren laguntzaz, Donostiako auzo dotore bateko etorbide zabal baten bukaeran dagoen jatetxera abiatu nintzen. Gerturatzen ginen heinean, urduritasuna nabariagoa zen. Hitzorduaren aurretik iritsi ginenez, parean dagoen kafetegian sartu ginen, lotsaren lotsaz. Azkenik, ordua iritsi zen. Jatetxean sartu eta berarekin elkartu ginen. Ez nuen uste sukaldaria horrelakoa izango zenik. Zenbat anekdota! Anekdotak gorabehera, elkarrizketa aurrera ateratzea lortu genuen.

Juan Mari Arzak 1942ko uztailaren 31n jaio zen Donostian. Gaur egun, Arzak jatetxea zuzentzen du bere alaba Elenaren laguntzaz, eta munduko sukaldari onenetariko bat kontsideratua dago.

Lehenik eta behin, Juan Mari, eskerrik asko euskaljakintzari tartetxo bat eskaintzeagatik, jakin badakigu eta oso lanpetuta zabiltzala. Lasai, atsegin handiz egin dut.

Zer da sukaldaritza zuretzat? Niretzat sukaldaritza bizitza da. Bizitzan, zortea izan dut. Zuek ikasten ari zaretenok, zuen gogoko lana izateko borrokatu behar duzue, zaletasunak lan bilakatuz. Badago txinatar atsotitz bat zera esaten duena: “Zure irritsezko lana aurkitzen baduzu, jada ez duzu lanik egingo.” Eta hori da niretzat sukaldaritza: nire bizitza, zaletasuna… Eta oso ondo nago, oso pozik sentitzen naiz.

Gaztetik zabiltza sukaldari mundu honetan, noiz eta nola erabaki zenuen horixe nahi zenuela egin? Ni etxe honetan jaio nintzen, gure aita bederatzi urte nituela hil zen eta gure amak jatetxea jaso zuen nire aitona-amonekin. Ondoren, atzerrira joan nintzen batxilergoko ikasketak burutzera, eta Donostiako Jesuitetan amaitu nituen. Amaitzean, aparejadore ikasketak egin nituen arren, Madrilgo ostalaritza eskolan sartu nintzen. Gainera, ondo etorri zitzaidan Donostian bizitzea, amaren jatetxetik gertu. Hau da, nik betidanik ezagutu dut mundu hau, baina amak oturuntza handiak prestatzen zituen eta niri ez zitzaidan lan mota hori gustatzen, nahiago izaten nuen lan artistikoagoa. Beraz, ostalaritza eskolan sartu nintzen. Ordura arte ez nekien ondo zer zen; izan ere, hori orain dela 48-49 urte jazo zen. Eta nahiz eta bizita osoa lapiko artean eraman, orduantxe konturatu nintzen benetan asmatu nuela.

Gazte asko izango dira zure bidea jarraitu nahi dutenak. Zein izan dira, zure ustez, sukaldaritzaren gailurrera eraman zaituzten arrazoi edo pausoak? Lehenik, zer egin behar da sukaldari ona izateko? Hasteko, mundu guztiak egiten duen modura, batxilergoa egin behar da, horrek kultura orokorra ematen baitigu. Ondoren, karrera unibertsitario bat egin behar da; izan ere, horrek kultura espezializatuagoa ematen digu. Nik batxilergoan eta ostalaritza eskolan ikasi beharrekoa ikasi nuen. Ondoren, sukaldeko bizimoduan barneratu nintzen, eta orduan konturatu nintzen benetan asmatu nuela eta hori zela nire benetako grina. Beraz, oso pozik sentitu nintzen, eta guztiok pozik geunden. Geroago alde egin nuen. Oinarri bat hartu eta gero, nire kasuan batxilergoa eta ostalaritza eskola, munduan zehar bidaiatu behar da. Mundua umiltasunez, ikasteko gogoz, gauzak ikusiz eta leku batean eta bestean lana eginez zeharkatu behar da. Azkenik, aurrera ateratzen zara. Lan eta esfortzu handi baten ondorioz, oso ongira iritsiko zara. Oso ongia ez dago batere gaizki, ezta? Zuk dena oso ongiaz gainditzen al duzu? Bai. Guzti-guztia? Bueno, guzti-guztia ez. Bizitzan oso ongia ondo dago, baina bikaina lortzeko, aurreko guztiaz gain, horretarako jaioa izan behar da.

Esan bezala, gaztetatik zabiltza sukaldaritza munduan. Zein bilakaera jasan du mundu honek bertan zaudenetik? Gauzak asko aldatu dira, zalantzarik gabe. Nire iritziz, gauza guztiak kulturizatu egin behar dira eta, kasu honetan, sukaldaritza etengabeko bilakaeran dago. Garai batean gauzak desberdinak ziren. Pentsa, gaur egun ikerkuntzarako sukalde bat ere badugu! Hau da, gauzak aldatu egin dira eta asko aldatu ere. Pixka bat barregarria ere bada, beti zer egin behar dugun esaten digutelako. Baina egin, egin behar da, sukaldaritzan puntua aurkitu behar den moduan. Errezeta bat egiten duzunean, osagaiak botatzen dizkiozu, gazi-gozoak, baina ondoren puntu hori eman behar diozu. Baina zein da benetako puntua? Ezin esan daiteke. Egindako hori probatu egin behar da eta, agian, zerbait falta zaiola konturatzen zara. Hori ezin da azaldu, bakoitzak bere puntua baitu, bizitzan bezalaxe.

Horrenbeste sari jaso ondoren, ba al duzu ilusio berezirik egin dizunik? Bi motatako sariak daude, bihotzez jasotakoak eta profesionalak. Ni donostiarra naiz jaiotzez eta, gainera, harro nago horretaz. Eta niri, nolabait esateko, ilusio handiena egin didan saria Donostia hiriko urrezko domina da. Nahiz eta hainbat sari jaso ditudan, agian mundu mailan garrantzitsuagoak direnak, Donostiako hiriak eman zidan domina hori da guztietan garrantzitsuena niretzat. Gipuzkoako saria jaso nuenean bezala, izugarrizko ilusioa egin zidan. Horrez gain, Espainia mailan ere hainbat jaso ditut, alde guztietan. Baina Donostiakoa izan zen gehien hunkitu ninduena.

Otorduak prestatzen, telebistan, liburuak argitaratzen, hitzaldietan… ikusten zaitugu behin eta berriz. Nondik lortzen duzu aisialdirako denbora eta zertan ematen duzu denbora hori? Alejandro Magnori gauza bat galdetu zioten: “Nolatan zara hain magnoa? Nolatan bideratzen dituzu gauza horiek guztiak?” Eta horrela erantzun zuen: “Oso sinplea da, egin behar den gauza bakarra da dakien jendeaz inguratu.” Ostalaritzan, nire lanean, jende jakintsuaz inguraturik nago; izan ere, Arzak, nire alaba Elenak eta biok eramaten dugu, bion artean zuzentzen dugu eta, horrez gain, talde bikaina dugu. Beraiek gabe ez ginateke ezer izango. Hori gutxi balitz, Elena eta ni tandem bat gara, sinbiosi handia dago bion artean: Ondorioz, berdin pentsatzen dugu ia denetan eta hori zoragarria da niretzat. Gainera, Elena munduko emakume sukaldarien artean hiru onenetarikoen artean izendatu dute eta horrekin dena egina dago. Sukaldari onena bakarra dela esango dute batzuek, baina ez du axola Elena edo beste bat izatea; izan ere, onenen artean izendatu baitute. Eta niretzat oso berri pozgarria izan da. Horrela, bera ez dagoenean, ni egoten naiz jatetxean, eta alderantziz. Arzak egile-sukaldaritza da. Bertan dastatzen den guztia hemen bakarrik dasta daiteke, ez beste inon. Horrez gain, eboluzio, inbestigazio eta abangoardiazko sukaldaritza da eta, nola ez, euskal sukaldaritza lantzen da. Hau da, nahiz eta sukaldaritza modernoa izan, euskal jatorria izango du beti. Era horretan, hemengo sukaldaritza besteetatik bereiziko da, eta han-hemenka dastatzen ibiltzen den norbaitek euskal zaporea bereizi ahal izango du.

Azkenaldi honetan, inbestigazioa bultzatu duzue zuen sukaldaritzan. Zein helbururekin? Behin El Escorialen, Ferran Adriarekin hitzaldi bat ematen ari nintzela, zera aitortu nion: “Ferran, inbestigazioa bultzatu eta antolatu behar dugu. Izan ere, lanean zabiltzan bitartean, ez duzu pentsatzeko astirik izaten. Alde batetik, bezeroen eskariak dituzu eta, bestetik, jatetxea aurrera ateratzeko otorduak prestatzen aritu behar zara. Ondorioz, sukaldetik kanpo dagoen leku bat sortu behar da, sukaldean gertatzen denarekin zerikusirik ez duten batzuk lanean jardun daitezen. Era horretan, haiek sukaldean zer egin dezakegun pentsatzen dute, zuzenean parte hartu gabe.

Zertan inspiratzen zarete zuen plater berezi eta magiko horiek sortzeko? Bada, gauza guztietan. Adibidez, goiko laborategiko sala batean, lehortutako 1.600 produktu ditugu jasota. Beraz, bertara igo eta ideiak hartzen ditugu. Esaterako, berde koloreko arroz bat lortu behar badugu, bertara jotzen dugu; izan ere, kolore hori lortzeko Vietnameko tinta berezi bat behar da, baina mota horretako arroza saltzen duen denda aurkitu eta ekartzen dizutenerako, ideia joan egiten zaizu. Horregatik, arroz arrunta hartu eta perrexil-zukuarekin nahasiz, nahi dugun koloreko arroza lortzen dugu. Ondorioz, aipatutako sala hori ideia-biltegi bat da. Hori gutxi balitz, kalea erabiltzen dugu. Kalea? Bai, kalera irteten gara ideia berrien bila. Batzuetan, sukaldariak kalera irteten gara, gure ingurukoa sukaldari-begiez aztertzera, sukaldariok mundua sukaldari-begiez begiratu behar baitugu. Adibidez, semaforo bat ikustean, 3 kolore dituen txokolatina bat ikus dezakegu; zapalduta dagoen coca-cola poto bat ikustean, beste mota bateko txokolatina bat… Beste behin, arrautza bat amaitzen ari ginela, zerbait berezia falta zitzaiola konturatu nintzen. Horregatik, kalera irten ginen ideia berrien bila, eta, bat-batean, paper gainean espraia erabiliz graffitiak egiten ari ziren gazte perutarrak aurkitu genituen, hauei eskupeko bat eskaini eta Benegas lurrindegira joan nintzen. Bertan, hutsik egoten diren esprai ontzi batzuk eskatu nituen. Era horretan, sukaldean sartu nintzen eta arrautzarekin lanean jarri ginen: pzz-pzz txipiroi saltsarekin arrautzaren alderdi bat igurtzi genuen, eta, bestea, pzz-pzz perrexil zukuarekin. Ondorioz, bi koloreko arrautza lortu genuen. Horrez gain, oso garrantzitsua da besteak harritzeko gaitasuna izatea, besteak txunditzen jakitea, alegia. Horretarako, garrantzi handia du haur baten modura pentsatzeak. Eurek duten imajinazioa plazaratzen jakitea.

Esango al zeniguke zein izango den zuen hurrengo sortze-lana? Oraintxe bertan horretan ari gara, lau gauzen inguruan. Beti aritu ohi gara horrela: lauzpabost gauza hartu, eta horiekin saltseatu. Baina inoiz ezin daiteke jakin zein izango den azken emaitza.  Garrantzitsuena da egiten duzuna goxoa egotea. Hori hasteko; izan ere, bestela ez litzateke jendea itzuliko eta.  Baina horretaz gain, gauza berriak deskubritzen joan behar gara eta, ez hori bakarrik, oso garrantzitsua da sukaldaritzan sasoi ezberdineko produktuei erreparatzea. Unean dauden produktuak erabiltzea, garaikoak. Orain ilarrak aurki ditzakegu, eta erabili egin behar dira (niri asko gustatzen zaizkit). Gainera, ezinbestekoa da produktu on eta freskoak erabiltzea. Nik betidanik kontsumitu izan ditut produktu onak: behar-beharrezkoak dira, bizitzeko arnastea behar-beharrezkoa den bezalaxe.

Zure jatetxetik pertsonaia famatu ugari pasatu da. Ba al duzu kontatu daitekeen anekdota berezirik? Zuek, adibidez (barre egiten du). Hainbat jende pasatu da jatetxe honetatik, alor desberdinetako jende garrantzitsua: artistak (badakizu Donostiako Zinemaldiari esker), kirolariak, Nobel saridunak… Adibidez, Pedro Echenique fisikaria, Nobel saria jasoko duena, hemen askotan izan da lanean; izan ere, gure laborategian hainbat kimikari ditugu lanerako eta Pedrok askotan lagundu izan digu. Nahi duzu anekdotaren bat kontatzea? Bai. Begira horrelako gauza harrigarriak askotan gertatu zaizkit, jende asko ezagutzen baitut. Gogoan dut, behin New Yorken Robert De Niro, Michael Douglas eta beste hainbatekin elkartu nintzenean. Zinemaldia prestatzen ari ginen. Michael, aurrez, nire jatetxean izana zen. Kontua da ni ez naizela moldatzen ingelesez eta itzultzaileari esan nion Michael Douglasi adierazteko nire jatetxean egona zela. Douglasek nire jatetxearen izena galdetu zidan eta Arzak esan nionean, benetan txundituta, esan zuen nire jatetxean bezain ondo ez zuela inon jan inoiz. Are gehiago, bertan bildurik zegoen prentsa guztia elkartu zuen Arzaken inon baino hobeto jaten zela esateko. Ez zen horretan geratu gauza; izan ere, hurrengo egunean, New York eta munduko mailako prentsak Douglasen hitzak berrietara eraman baitzituzten.

Zein uste duzu izango dela euskal sukaldaritzaren etorkizuna? Etorkizun oparoa izango du: eboluzioa, inbestigazioa eta abangoardia.

Etorkizun oparoa, beraz… Bai, oso. Gainera, oraingo gazte jendea gu baino prestatuago dago: kultura handiagoa, baliabide gehiago… Lehen, sukaldaritzan sartzen zen hark lanbide bat behar zuelako izaten zen. Orain, berriz, sukaldaritza gustuko dutelako sartzen dira gazteak mundu honetan, aukera berri bat da eta ondo ikusia dago. Esaterako, orain Cullinary Center berriari esker, bertatik aterako diren ikasleak abokatu, mediku… mailan egongo dira, guztiak oso profesionalak.

Zuk zer eskaini behar diozu Mondragon Unibertsitateak sortu duen Basque Cullinary Center-ari? Momentuz, patronatuko kidea naiz. Horrez gain, ahal dudan guztietan bertatik pasatuko naiz, ahal dudan guztietan laguntza eskaintzeko. Baina klaserik ez dut emango, ez baitut denbora libre handirik. Hala ere, unibertsitatearekin kontaktuan izango naiz.

KATE MOTZEAN

Zein da kontsumitzeko edo prestatzerako gehien gustatzen zaizun haragia? Asko gustatzen zait usakumea, gehiegi agian.

Arrainei dagokienez? Legatza, dudarik gabe.

Ardo bereziren bat? Errioxako ardo on bat.

Zein plater gustatzen zaizu gehien ontzerako orduan? Ez dut plater berezirik.

Zer duzu nahiago besteentzat prestatzea edo besteek zuri? Nik prestatzen dudan hori jatea gustatzen zait, besterik gabe.

Azkenik, nori ez zenioke inoiz otorduren bat prestatuko? Pentsatzen aritu naiz, horregatik erdi erlaxatu naiz, eta egia esan ez dut inolako pertsonarik aurkitzen. Ez, ez dut inor aurkitzen eta, gainera, ezin esango nuke.

Eskerrik asko, Arzak, zure munduaren ikuspegi hori pixka bat denon eskura ipintzeagatik, euskaljakintzakoon artean zabaltzeagatik eta sukaldaritza munduaren misterio batzuk argitzeagatik. Esperientzia interesgarria eta guztiz positiboa izan delakoan nago. Sentitzen dut bideoaren kalitatea ez izatea oso ona, baina jatetxean geunden eta inguruan bizi-bizi lanean zebilen jendea…

Comments { 8 }

Jandro: “Futbolari nintzenean ikasketak egitea nire bizitzan hartutako erabakirik onenetarikoa da”

Aitaren laguna zela eta, berak bizi izan zuen istorioa gertutik ezagutzen nuen. Gaur egun, aldiz, bere enpresa dela medio, askotan nire ordenagailuaren arazoak konpontzeko harremanetan ere jartzen gara. Hain erraza bazirudien ere, elkarrizketa egiteko komeria asko izan genituen; halere, komeriak komeria, azkenean hitzordua ipintzea lortu genuen eta iritsi zen elkarrizketa egiteko eguna. Izugarri lotsatuta eta oso urduri nengoen, baina Amaiari esker lortu nuen apur bat lasaitzea. Elkartu ginenean, kafea eskaini zigun eta hurrengo bost minutuak zeregin horretan eman zituen. Nire ondoan eseri eta lasai egotea lortu nuenean, elkarrizketari ekin nion.

Alex Calvo Garciaz ari naiz. Alex 1972ko urtarrilaren 1ean jaio zen Ordizian, Gipuzkoan. Jandro ezizenez ezaguna den futbolari ohi honek bere bizitzako urte asko eskaini dizkio kirol ezagunari. Eibarren eman zituen bere lehen urratsak. Geroago etorriko ziren Beasain, Reala eta Torrellano. Azken honetan eman zion amaiera bere futbolari ibilibideari urte asko eta asko Ingalaterran egon ondoren, zelai erdian jokatuz, Scunthorpe United taldean hain zuzen ere. Erretiratu ondoren, Iñigo Gurruchaga kazetariak berari buruzko liburu bat idatzi zuen: “Scunthorpe until I die”.

Jakin dudanez txikitatik izan duzu futbolerako dohain hori. Imajinatzen dut ez zenuela pentsatu ere egingo iritsi zarenera iritsiko zinenik. Bueno, txikitatik futbolean jolasten hasteak beste maila batzuetan jokatzeko aukera eman zidan. Horrek leku ezberdinak ezagutzera eramaten zaitu. Nik, nire zorionerako, Ingalaterran jokatzeko aukera izan nuen. eta oso esperientzia ona eta saritua izan nuen.

Momentu txarretan, burutik pasa al zaizu inoiz amore ematea? Bai, bizitzan ez ezik futbolean ere beti izaten dituzu momentu onak eta txarrak. Futbolari dagokionez, bi une kritiko bizi izan ditut, zeinetan gehiago nengoen futboletik kanpo barruan baino. Baina egia esan, hori bizitzak ezarritako oztopoak dira eta egoera horretan erabaki bat hartu behar duzu. Nik aurrera egitea erabaki nuen, nahiz eta etorkizuna futbolean ez oso garbi ikusi. Borrokotu egin nuen ahal izan nuen bezala, eta azkenean inoiz pentsatu ez nuena lortu nuen.

Ingalaterrara joateko aukera izan zenuen. Kostatu al zitzaizun erabakitzea? zure ingurukoei galdetu beharra izan zenuen edo zuk zeuk erabakia hartzea nahiago izan zenuen? Zaila izan zen; izan ere, garai hartan, gaur egungoarekin alderatuta, ez baitzegoen atzerrira joateko ohiturarik. Lehenengoetakoak izango ginen; beraz, zaila izan zen lurralde, ohitura eta hizkuntza ezberdinak zirelako. Bestalde, erabakia hartzea ez zen oso zaila izan, aukera bakarra geneukalako: arriskatu eta futbolean jokatu edo hemen geratu inon jokatu gabe.

Diozun bezala, Ingalaterrara iristean, beste kultura, hizkuntza, ohitura … batzuk topatu zenituen. Haietara moldatzea zaila egin al zitzaizun? Gainera, antza denez, Ingelesa tutik ere jakin gabe joan zinen. Laguntzarik izan al zenuen? Bai, benetan zailena hizkuntza ez jakitea izan zen Ingalaterra bezalako lurralde batean. Beste esparru batzuetan, azken finean, antzekoak gara, antzeko bizitza daramagu; halere, egunero jendearekin hitz egin ahal izate hori lorpen handienetariko bat da. Aldageletan sartu eta inorekin hitz bat ezin egite horrek nahiko zapuztuta sentiarazten dizu. Edonola ere, egunez egun hizkuntza gero eta gehiago menperatzen joatean, gizarteratuago sentitzen zara. Taldean baztertua ez egotea, edonorekin komunikatzeko gai izatea eta taldearen barruan sentitze hori gozamen pertsonal bat da. Gaur egun, nire zati bat ingelesa dela sentitzen dut. Beraz, lortu genuen bertan txertatzea. Esate baterako, bi semeak han jaiotakoak dira. Gauzak horrela, gure zati handi bat ingelesa da.

Han, futbolean jokatzeaz gainera, zure ikasketak burutu zenituen. Zaila egin al zitzaizun ikasketak futbolarekin uztartzea? Egia esan, futbolaz bizitzea, beste hizkuntza bat ikastea eta futbolaria izatea mauka bat da. Hala ere, denbora asko duzu, aisialdi asko… eta nire etorkizunari ere begiratu nion. Erabaki hau, nire bizitzan hartutako erabaki onenetariko bat dela uste dut. Egia esan ez zen zaila izan denbora libre asko nuelako, baina motibazioa ere behar da. Azkenean, ikasketak bukatu eta zorionez ikasitako hura nire lanbide bihurtu da.

Wembleyko estadio mitikoan sartu zenuen gol ospetsuak ondorio ezin hobeak ekarri zizkion taldeari; izan ere, gol harengatik heroi bihurtu zinela esan baikenezake. Horrek zure bizitzan eragina izango zuen, ezta? Ingalaterran futbola era berezi batean bizi eta sentitzen da. Niretzat Wembleyko gola gehigarri bat izan zen, garrantzitsuena Wembleyn jokatzea izan baitzen, pasatutakoak zirela eta. Hizkuntza ikastea eta bertan txertatzea baino gehiago, nire ametsa Wimbleyn jokatzea zen eta gola sartzea; beraz, gaina eta bikaina izan zen gol hura. Egia da Ingalaterran futbola grinaz bizi dela eta izugarrizko balioa ematen zaiola. Esate baterako, Espainiako futbolean heroiak egitea edo sortzea gustatzen zaigu, eta gero, maila goren batean daudenean, suntsitzea eta birrintzea. Hori gure kulturaren parte dela uste dut. Ingalaterran, berriz, norbait heroi bihurtzen badute, gerora ere heroi bezala mantentzen dute, egun zehatz batean zerbait lortu zuelako. Ez dute hori inoiz ezabatuko.

Iñigo Gurrutxaga idazle eta kazetaria izan zen zure istorioa eredutzat hartu zuena liburu bat idazteko. Idazten hasi aurretik zurekin harremanetan jarriko zelakoan nago. Ezagutzen al zenuten elkar? Iñigorekin harreman profesionala edukitzeaz gain, egun, harreman pertsonala ere badugu, lagunak gara. Bera hasieratik ohartu zen gertatzen ari zitzaidana ikusgarria zela, hau da, pertsona bat futbolean maila gorenera iritsi gabe, historia polita bizi izatea eta futbolari sentitzea. Beraz, kontatzeko historia ona zela pentsatu zuen. Iñigok denbora asko pasa zuen gurekin, ikertzen ari zen bitartean. Nire kideeta ezagun asko elkarrizketatu zituen eta, egia esan, sekulako lana egin zuen. Berarekin ikasi dut zenbat lan dagoen liburu baten atzean. Guk liburua hartu eta irakurri baino ez dugu egiten, ez gara konturatzen autoreak zenbat lan egin duen eta zenbat ordu eman dizkion gaia ikertzeari. Ohore handia izan zen niretzat, Iñigok idatzi behar zuelako, oso landuta zegoelako eta, azken finean, zuri buruz idatzitako liburu bat delako.

Liburuarekin jarraituz, oso pozgarria izan behar du zuri buruz liburu bat idaztea. Liburuaren mamia gustuko al duzu? Liburuak informazio eta datu asko ditu, eta Iñigok nire historia beste hainbat gauzarekin erlazionatzeko erabiltzen du. Bide batez, liburuez hitz egiten ari garenez, orain dela bi aste Madrilen egon ginen kazetari batzuek argitaratu duten liburu bat ikusteko. Asko gustatu zitzaidan eta helburu oso polita du, Down sindromearen laguntza elkarte baterako baita. Liburu hau Madrileko hamar kazetariren artean idatzita dago, hitzaurrea Vicente del Bosquek egina da eta hamar kazetari horietako batek, Luis Villarejok, nire historia aukeratu zuen libururako. Antza denez, interesgarria iruditu zitzaion.

Egin zizuten omenaldian, izugarrizko zirrara sentitu nuen: jende guztia zurekin zegoela ikusi nuenean, nola hunkitzen ziren, zureganako zuten sentimendua… Horregatik ez dut pentsatu ere egin nahi zu nola egongo zinen! Izugarria izango delakoan nago… Bai, egia esan futbolarekiko Ingalaterran duten sentimendu horrek hango espiritua oso ondo islatzen du. Nik hasieran taldean oso gutxi ginenean gai honi buruz asko hitz egin izan dut hangoekin, esate baterako, Roberto Martinez, Fernando Hierrorekin … Hierrok behin aitortu zidan, Real Madriden jokatzen zuenean, hamar urte ondoren norbait joatean, ez ziotela niri egindako omenaldiaren parekoa egiten, ezta urrutitik ere. Hau da, Ingalaterran, nahiz eta hirugarren mailan egon, sekulako agurrak egiten dira. Ez du zer ikusirik gaur egungo hemengo futbolarekin. Gozamen bat da bizi izan dudana eta asko gustatu zitzaidan nire bilakaera oso ondo ikusi zelako, hots, nola iritsi nintzen Ingalaterrara, nola bertakotu edo ohitu nintzen hango egoerara eta, azkenik, handik nola atera nintzen. Gainera, aipatu beharra dago Goierri Telebistak egin zuen lan zoragarria, hunkigarria dela iruditzen zait, nahiz eta ni ez izan pertsona objektiboena hau esateko.

2005ean zure emazte eta seme-alabekin itzuli zinen. Gaur egun, bizitza berri bati ekitekotan, aurretik dena planifikatzen dugu. Zuk sortutako enpresa zure plangintzaren barruan al zegoen? Atzerrian zaudenean, han gelditu edo itzultzeko erabakia hartu beharra daukazun momentu bat iristen da. Gainera, seme-alabak izanez gero, lehenago hartu beharra daukazu erabaki hori, umeak segituan egokitzen baitira hango bizimodura eta oso zaila da gero bizimolde horretatik ateratzea. Horregatik, itzultzea erabaki genuen, gure negozio propioa sortu eta bizimodu berri bati ekin. Gure bizitzak berreraiki genituen eta dena aldatu behar izan genuen: herrialdea, lanbidea … Horrek denboraldi batean egoera nahasi xamarra biziarazi zigun. Sentsazio ezberdinak izan nituen. Alde batetik, berriz ere egoera berri bati egokitzea eta, bestalde, zure herrian kanpotar sentitzea.

Zure enpresa dela eta, futbola alde batera utzi behar izan duzu? Egia esan, ez dut erabat utzi. Gaur egun zazpiko futbolean aritzen naiz noizbehinka, eta txapelketak ere antolatzen ditugu lagunen artean. Lasaitzeko sistema onuragarria izateaz gain, futbola betidanik gustatu izan zaidan kirola da.

Lehen eginiko galdera batean ea Ingalaterrara iristean egokitzea zaila egin zitzaizun galdetu dizut eta itzultzean ere berdin gertatuko zitzaizula aipatu didazu. Hango bizitzaren falta sumatzen al duzu? Gu zortzi urtez bizi izan ginen Ingalaterran eta, edonora joanda ere, dena hizkuntza eta kultura ingelesarekin lotua zegoen. Horrenbestez, hona etorri eta hori guztia aldatzea oso arraroa egin zitzaigun. Ez zen horregatik bakarrik, jendea bera ere desberdina zen. Han bakoitzak bere etxean lorategi eta ingurune pribatua du; hemen, ordea, kalera gehiago irteten gara eta bizitza sozialagoa egiten dugu. Eraikuntza berean, zure familiaz aparte, jende gehiagorekin bizitzea eta pribatutasun hori ez edukitzea arraroa egin zitzaigun bueltan. Detaile horietaz lehen ez ginen konturatzen, baina hona etortzean konturatu ginen dagoen desberdintasunaz.

Elkarrizketarekin amaitzeko, Ingalaterrako lagunekin harremana edukitzen jarraitzen al duzu? Bertan koadrila, lagun eta ezagun asko egin genituenez, hona etortzeko erabakia hartzean, harremana ez galtzea erabaki genuen. Urtero joaten gara, saiatzen gara han genuen harreman hori ez galtzen. Ez dugu Ingalaterra gure bizitzatik ezabatu nahi. Azken finean, nire bizitzako urte dezente eskaini dizkiot..

Eta honelaxe eman genion amaiera elkarrizketari. Esperientzia izugarria dela ziurtatzen dut, benetan. Asko gustatu zitzaidan eta, gainera, asko ikasi dut. Mila esker, Jandro, bihotz-bihotzez. Elkarrizketa honek zure bizitza eta zu pertsonalki gehiago ezagutzera bultzatu nau. Zure harrera ere eskertzekoa izan da; beraz, berriz ere eskerrik asko euskaljakintzari tartetxo hau eskaintzeagatik.

Comments { 9 }
-->