Cristiano Ronaldo: 94 milioi euro. Kaká: 65 milioi euro. Benzema: 35 milioi euro… Datu hauek ikusita, edonor konturatzen da Real Madrilen azken denboraldi honetako fitxaketak direla hiru jokalari hauen izenak, besteak beste. Denok dakigun modura, Madrilgo taldeak sekulako dirutza utzi du aurten inoiz izandakotalderik onena eta boteretsuena sortzeko asmotan. Eta, azken finean, lortu ere lortu du; izan ere, munduko jokalari garrantzitsu eta garesti asko ekarri ditu bere klubera, hala nola, lehen aipatu ditudan hirurak. Florentino Pérezek (ez dakienarentzat, Real Madrileko presidenteak) argi eta garbi utzi zuen 2009-2010 denboraldirako jokalari ezinhobeak ekarriko zituela eta esandakoa ongi bete du. Guztira, 258 milioi euro gastatu ditu. Bai, bai, 258 milioi. Seguru norbaitek zera galdetzen duela: zenbat jokalari fitxatu ditu, ba, Real Madrilek hainbeste diru ordainduta? 100 jokalari, ala? Hori pentsatzen duzuenok oker zaudete; izan ere, 9 jokalari erosita xahutu baititu Florentino jaunak taldearen ondasun gehienak. Eta nik zera galdetzen diot neure buruari behin eta berriz: normala izango ote da horrelako diru kantitateak jokalari batzuengatik ematea? Hala eta guztiz ere, nire intentzioa gaurko honetan ez da jokalarien kostu handi eta, nire iritziz, lotsagabe horiek salatzea, eurek kobratzen dituzten milioi mordoak salatzea baizik.
Lehenik eta behin gauzatxo bat aipatu nahi nuke:Â futbol jokalari profesional askok gehiegitxo kobratzen dute egiten duten lanarekin alderatuta, hau da, ez dut uste futbolean jokatzeagatik hainbeste diru irabazi beharko lukeenik jokalari batek. Zergatik? Hona hemen erantzuna: konpara ezazue futbolari bat suhiltzaile batekin, adibidez. Bigarren honek bere burua milaka aldiz arriskuan jartzen du besteen biziak salbatu ahal izateko; lehenengoak, ordea, jendea entretenitzen du futbolean jokatuz. Honek milioiak irabazten ditu; suhiltzaileak, edozein langile apalen soldata. Ezberdintasun handia dago bi lanbideen artean, eta ez zait normala iruditzen batak besteak baino askoz ere gehiago irabaztea, alderantziz izan beharko litzatekeenean. Berdin gertatzen da medikuekin. Hauek jende askoren bizitzak salbatzen egiten dute lan eta nolakoa da euren soldata? Ez dut esaten soldata baxua dutenik, baina futbolari profesional batekin alderatuta txikikeria besterik ez da eurek kobratzen dutena. Nire iritziz, nahiz eta jolakalari bat oso ona izan eta sekulako gauzak egiten jakin baloiarekin, ezin du hainbeste diru irabazi; azken finean, bere lanbidea jendeari eskainitako denborapasa bat baita, ez beste askoren lanbide arretatsu eta arriskutsuak bezalakoa.
Urduri jartzen nauen beste gauza bat datorkit gogora; izan ere, Cristiano Ronaldok bezainbeste irabazten duten hainbat jokalari famaturen publizitate anuntzioekin nazkatzen hasia naiz jadanik. Nor ez da aspertzen egunero telebistan CR9ren anuntzioakikusteaz? Ni, behintzat, bai. Nik ondo deritzot futbolari batek publizitate pixka bat egiteari milioi gutxi batzuen eta fama lortzearen truke, baina, mesedez, dirua belarrietatik ateratzen zaien jokalari famatuak gero eta anuntzio gehiago egitea euren fama hainbat eta handiagoa izateko, gehiegizkoa dela iruditzen zait. Ez dut ulertzen nola izan dezakeen pertsona batek gero eta aberatsagoa izateko grina hori, eta are gutxiago futbolaria izanda, izan ere, futbolari profesionala dena bere lanbidea gogoko duelako da. Beraz, kontzentra daitezela euren lanean, eta egin dezatela eurek hoberen egiten dakitena: futbolean jokatu eta ez, diru gehiago irabazteko, publizitatean denbora galdu.
Azkenik, futbol munduan mugitzen diren enpresa horiei guztiei jokalarien gehiegizko irabazien erruaren zati handia ipini nahi nieke, hauek baitira klub handien diru sortzaileak. Jakin badakit ez dagoela ezer egiterik enpresa hauen aurka; izan ere, taldeen eta euren arteko kontratuak eginak dituzte eta, existituko ez balira,futbola ere desagertu egingo litzateke. Hala ere, kontuan hartu behar dugu hauek direla jokalarien soldataren zati handi baten emaileak eta, beraz, jokalariak aberasten dituztenak. Ez litzateke gaizki egongo dirua maneiatzen duten horiek konturatuko balira zenbat gauza egin daitezkeen jokalariei ordaintzen dieten ondasun horiekin guztiekin mundu osoan zehar. Zoritxarrez, badirudi ez goazela bide onetik.
Hau guztia dela eta, niri bereziki lotsagarria iruditzen zaizkit futbolari profesional gehienen, eta hauek bezala beste edozein kirol egiten duten jokalari profesional ugariren, egundoko soldatak. Argi utzi nahi nuke, ni kirolzalea eta kirol profesionala ikustearen guztiz aldekoa naizela, baina gauzak bere neurrian egitearen aldekoa ere banaiz, eta neurrigabeko diru ordainketa horien aurka nago erabat. Egunen batean konturatuko gara, bai, diruak ez dakarrela benetako zoriontasuna…
Munduan soldatarik altuenak dituzten 10 futbolarien zerrenda.
Iruzkin berriak