Tag Archives | tabakoaren lege berria

Tabakoa, osasun edo ekonomia arazoa?

http://www.ahorrodiario.com/impuestos/hoy-sube-el-tabaco-hay-que-dejarlo-ya-mismo webgunetik hartuaGabonen atarian, gainean dugun urte berrirako prestakuntzetan pentsatzea izaten da ohikoena. Nork ez du inoiz proposamenez jositako zerrenda bat idatzi, urtea hastean betetzeko asmoarekin? Argaltzea, tabakoa uztea, gehiago bidaiatzea, zintzoagoa izatea… Gehienetan, ordea, ez dira aurrera eramaten, eta asmo hutsean geratzen dira. Dena dela, gobernuak herritarren jomugak kontuan izan eta lege eta erreforma berriak martxan jartzeko aprobetxatzen du sasoi hori. Aurtengoa ez da salbuespena izan eta gobernuak,  besteak beste, tabakoaren aurkako lege zorrotza ezarri du Espainian. Lege berri hau 2005ean ezarritako legean oinarritzen da baina hainbat aldaketa pairatu ditu. Denok dakigun bezala, 2011ko urtarrilaren 2tik aurrera debekatuta geratu zen espazio itxietan erretzea (kafetegi, jatetxe eta horrelakoetan).

Tabakoa XXI. mendeko droga legaletako bat dela esan daiteke, alkoholarekin batera. Sustantzia hau, beste drogen moduan, menpekotasunaren sorrarazlea da, batez ere, nikotina sustantziaz osaturik dagoelako; hala ere, gobernuak bere salmenta ahalbidetzen du. Modu berean, ez dago esan beharrik sustantzia hau guztiz kaltegarria dela kontsumitzaileentzat nahiz ingurukoentzat. Izan ere, zigarro bakoitzaren konposaketak sortzen dituen gaitzen ondorioz, pertsona bat hiltzen da munduan 8 segundoro. Horregatik, uste dut egokiena hau guztiz debekatzea izango litzatekeela. Lehen aipatu dudan bezala, duela hilabete batzuetatik  Espainian ezin da hainbat espazio publikotan erre; halere, horrenbeste muga ezarri ordez, zergatik ez dute hau guztiz debekatzen?

Gizarte kapitalista batean bizi garenez, garrantzitsuena dirua da, eta dirua izango da jatorri puntua edozertarako. Hori dela eta, gobernuek ez dute produktu hau merkatutik kanporatzen, honek izugarrizko diru sarrerak ekartzen dizkiolako; izan ere, tabakoari ezartzen zaizkion tasa guztiak gobernuaren fondoak betetzeko izan ohi dira. Ondorioz, estatuari herritarrek erretzen jarrai dezaten komeni zaio, nahiz eta hainbat lege ezarri dituzten hau “saihesteko”. Horregatik, lotsagarria iruditzen zait hainbatetan komunikabideetan tabakoaren aurkako kanpainak entzutea: oso kaltegarria da, minbizia sortzen du, menpekotasuna dakar… Funtsean, kanpaina hauek tabakismoaren aurka doaz, baina ez dute inoiz guztiz debekatuko honen atzetik interes ekonomikoak daudelako.

Hala eta guztiz ere, uler dezaket tabakoa guztiz debekatu ez izana, norberak bere erabakiak hartzen dituelako eta bere osasunarekin nahi duena egin dezakeelako, hain zuzen. Hori bai, ahal denean, behintzat, hirugarren bat kaltetu gabe. Baina egungo kasuan debekatu ez izanaren kausa ez da hori zehazki, lehen aipaturiko kausa ekonomikoak baitira honen erantzule.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan dezaket: egun horrenbeste aldiz aipatzen den tabakoaren arazoa ez da osasun arazo bat, arazo ekonomiko bat baizik. Nahiz eta tabakoa hain galgarria izan, gobernuek ez dute guztiz debekatzen, hau da, garrantzi gehiago ematen diote kapitalari euren herritarren osasunari baino.

Comments { 1 }
-->